Goleko marraren gainean, faltaz, areaz kanpotik jaurtita eta buruz. Era guztietako golak sartu ditu Igor Gabilondok denboraldi hasieran. Athleticeko ezker hegala sasoian dago. Joan den denboraldiaren erdialdetik ari da bikain, eta konfiantzaz gainezka nabari zaio. Erasoan hartzen dituen erabaki guztiak dira egokiak. Gainera, bera da faltak eta kornerrak ateratzeko arduraduna. Nola ateratzen ari den, gainera. Baina ez pentsa defentsako lana alde batera lagatzen duen futbolaria denik. Ezker atzelariari laguntzeko prest dago beti, eta horrek oreka ematen dio taldeari. Horrela jarraituz gero ez du arazorik izango Athleticekin kontratua luzatzeko.
Joan den astean konpromiso handiko partida bi jokatu zenituzten. Espainiako Kopa bideratuta utzi zenuten eta Ligan merezita hartu zenuten mendean Getafe. Beraz, aste biribila izan zen.
Biak ziren norgehiagoka garrantzitsuak. Irabazteaz gain, itxura ona emanda eta merezita irabazi genuen. Ondo aritu ginen.
Sasoi hasiera honetan erraz ari zarete golak sartzen, baina atea zaintzeko orduan ez zabiltzate horren fin. Oreka falta zaio taldeari.
Talde bat ondo egoteko ezinbestekoa da defentsan sendo aritzea. Oraingoz golak sartuta konpondu dugu gabezia hori, baina argi dago aurkari ezeresoa izaten ahalegindu behar dugula.
Getaferen kontra gola sartu zenuen. Denboraldiko laugarrena. Igandean, gainera, saria bikoitza izan zen. Aurreko hiru goletan ez bezala, irabazten laguntzeko balio izan zuen.
Gogo handia nuen. Aurreko hiru golak partidaren bukaeran sartu nituen, eta ez zuten irabazteko balio izan. Aho zapore gazi-gozoa lagatzen dizu horrek. Golak poza ematen du beti, baina galtzen denean sentipena ez da ona.
Lau gol sartu dituzu zortzi norgehiagokatan. Erdilari batentzat marka ikusgarria da.
Marka ona da. Gustura nabil. Badakit nire lana ez dela sartutako golen arabera neurtu behar, baina gustuko dut aurkariaren ate ingurura ailegatzea. Hemendik aurrera ere ahaleginduko naiz markak hobetzen.
Ba al dakizu Llorentek baino batez besteko hobea daukazula? [Aurrelariak 130 minutu behar ditu gola sartzeko, eta Gabilondok, 101].
Hori bitxikeria bat baino ez da. Llorentek gol asko sartzen ditu sasoian zehar. Guztiok dakigu zer-nolako gaitasuna duen. Bere eginbeharra ate aurrean asmatzea da. Eta nik, berriz, bestelako lanak ditut.
Aurten hamaikagarren sasoia ari zara jokatzen gorengo mailan. Guztietan sartu duzu gutxienez gol bat. Kontuan hartzeko estatistika da.
Ilusio handia egiten didan marka da. Urte batzuetan gol gehiago eta beste batzuetan gutxiago sartu arren, hor dago hori.
Ba al dago bereziki gogoratzen duzun golik?
Nik gol dezente ditut buruan: sartu nuen lehena, Levanteren kontra sartutakoa... Zorionez, gol garrantzitsuak sartu ditut, eta batzuk politak ere izan dira. Ezin dut bakar bat aukeratu. Urtero gutxienez gol bat sartzea garrantzitsuagoa da niretzat.
Golak sartzen dituena zale guztien ahotan egoten da. Baina golaren atzean ondo egindako lana dago. Eta zu oso ondo ari zara aspaldian.
Oso gustura nago egiten ari naizen lanarekin. Golak sartuz gero, normala da guztien ahotan egotea, baina golak baino garrantzitsuagoak dira sentipenak eta taldearentzat egindako lana.
Gabilondo jokalari gorabeheratsua dela esaten dutenak isilik daude.
Hala bada, hobe. Sarri askotan esan izan den kontua da. Nik uste dut jokalari guztiok ditugula gorabeherak. Hala ere, ezin da ukatu jokalari batzuengan nabarmenago ikusten dela beste batzuetan baino.
31 urterekin zure kirol ibilbideko sasoirik onenean zaudela esatea egokia da?
Horrelako balorazioak kazetarien kontuak dira: golik onena, sasoirik onena, txarrena... Gustura ari naiz, eta kito!
Ondo ari zaren arren, norgehiagoka guztiak ez dituzu jokatzen. Lehiakide gogorra egokitu zaizu sasoi hasieran. Iker Muniain nabarmentzen ari da ezker hegaletik. Gazte horrek badauka zerbait.
Bistan da. Kontuan hartu beharreko jokalaria dela ari da erakusten. Jokalari bikainek dituzten detaileak ditu.
Hurrengo azterketa Vila-Realen kontra izango duzue. Hobe estatistikei ez begiratzea: Madrigalen seiporrot daramatzazue jarraian. Talde indartsuen kontra ezinean ari zarete.
Estatistikei bakarrik erreparatuko bagenie, ez ginateke joango. Goi mailako taldeen kontra galdu egin dugu, baina taldeak ez du itxura txarra eman. Sufritzea egokitu zaigun uneetan galdu ditugu partidak, baina norgehiagoka askotako beste une askotan gu izan gara nagusi. Edozein talderi irabazteko gai gara. Hori jakinda, ondo egin behar ditugu gauzak.
Nola egin behar zaio aurre Vila-realen joko alai eta erasokorrari?
Vila-realek nekatu egiten zaitu, baloia erabiltzeko erraztasuna emanez gero, eta bere sarean erortzen zara. Baloia kendu behar diogu aurkariari. Nortasuna erakutsi behar dugu, eta aurkariaren bila joan behar dugu.
«Golek baino garrantzi handiagoa dute sentipenek»
Bikain hasi du denboraldia. Bera da Espainiako Ligan gol gehien sartu duen erdilaria; lau sartu ditu. Taldea edozeini irabazteko moduan ikusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu