Bolo-bolo zebilen zurrumurrua baieztatu da. Gonzalo Arkonada (Donostia, 1954) da Realeko entrenatzaile berria. Hiru denboraldirako sinatu du, eta harekin lan taldean jarraituko dute Gorka Alvarezek, Ander Ruizek eta Ekaitz Etxebestek. «Erronka berri bat da niretzat. Emakumeen futbolera egokitu beharko dut, baina ikasteko ilusio handiarekin nago. Asko eskertzen diot klubari nire alde egindako apustua», adierazi du Arkonadak.
Arratsaldean sinatu du kontratua, eta ondoren lehen lan saioa zuzendu du, Zubietan. Arkonadak eskarmentu handia du, bai futbolean, baita Realean ere. Bost denboraldi egin zituen talde txuri-urdinean: 2001 eta 2006 artean. Lehenbizi Reala B entrenatu zuen, eta 2006an Jose Maria Amorrortu ordezkatu zuen lehen taldean. Baina bi hilabete eman zituen bakarrik karguan. Zortzi partidetan sei puntu baino ez zituen lortu, eta Amorroturen antzera kargutik kendu zuten.
Ondoren beste hainbat talde zuzendu ditu: Burgos, Numantzia, Almeria, Tenerife, Mirandes, Jaen, Palentzia, eta Barakaldo. Lorpenik handiena, 2008an Numantzia Espaniako Lehen Mailara igotzea izan zen. Almeria Lehen Mailan zuzendu zuen. Hiru hilabetez egon zen han, ondoren postutik kendu baitzuten emaitza kaskarren ondorioz.
Hain zuzen ere, Arkonadak duen eskarmentua baliatu nahi du Realak, Garbiñe Etxeberria idazkari teknikoak nabarmendu duenez: «Berak duen eskarmentua hemen praktikan jartzea nahi dugu, eta taldeari ahalik eta gehien eskatzea».
Reala jaitsiera postuetan dago oraindik, eta entrenatzaile berriak ia bi aste ditu Zaragozaren aurkako partida prestatzeko, ligak etena baitu asteburu honetan. Zaragoza azken sailkatua da.