«Gora heltzea bezain zaila da hor goiko mailan jarraitzea»

Irabazlea da, eta irabazi egin du berriz. Lehen denboraldia osatu du Bermeon, eta San Miguel liga eta Kontxako Bandera irabazi ditu. Beste denboraldi arrakastatsu bat osatu du Galiziakoak.

Aitor Manterola Garate.
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Medikuarenean dela hartu du telefonoa Jose Manuel Franciscok (Meira, Galizia, 1966). Bizkarreko lesio zahar bat berritu zaio: «Atsedena behar dut. Oso nekagarria izan da denboraldia, eta sakelako telefonoa itzaliko dut egun batzuetan». Ondo merezitako atsedena hartuko du. San Miguel liga eta Kontxako Bandera irabazi ondoren, Urdaibaiko entrenatzaileak ez du gutxiago merezi.

Denboraldia amaitu berritan egin al duzu balorazio azkarren bat?

Oraindik hondoarekin gaude, baina ez diot gauza txarrik ikusten gure lanari. Aurten hasi gara taldea egiten, eta emaitzak hobetu daitezkeela egia da. Huts bat egin dugu: Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak helburutzat azkarregi jartzea, taldea heldu gabe zegoenean. Hutsetatik ikasi, etaberriz ez egitea lortu behar dugu.

Talde osatu berria izateak meritu handiagoa ematen die garaipenei?

Talde moduan egiten ari gara, baina kirolari eginak dira, oso onak. Lan egiteko metodologia berria ezarri dugu, eta hori dena bateratzea zaila da. Meritua dauka egoera horretan irabazteak. Oso gutxitan gertatu da halakorik, baina lortu badute, kalitatea dutelako lortu dute.

Urdaibai espero bezala ibili da ala uste baino hobeto?

Goian ibiltzea espero genuen San Mguel ligan, eta hortik kanpo helburu zehatzen bila joan nahi genuen. Denboraldia aurrera zihoala, helburuak aldatu egin behar izan genituen. Ligakoa betetzen ari ginen, eta irabazteko aukerei eusten genien. Planifikazioa ondo egina genuen, goraka joateko aukera eman digulako. Azkeneko hamabost egunetan sekulako maila eman dugu. Talde guztiok egin dugu behera bukaeran, normala den bezala, baina gu ez gara asko jaitsi. Horretan asko lagundu digu Kontxa irabazi izanak emandako moralak,eta joan zen zapatuan Bermeon, herrian, gure zaleek sortu zuten giroak.

Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetan kale egin izana geroko motibatzeko akuilua izan al da?

Baietz uste dut. Erraztu egin dizkigu gauzak. Txapelketen garaian sasoiz baxu antzean geunden. Aurtengo gakoa izan da lasai hasi ginela, dena berria zelako. Denboraldia aurrera joan den heinean, sasoia hobetuz joan gara.

Sasoi onean egotea arlo fisikoarekin lotzen da, baina teknika eta psikologia aldetik ere bada sasoi onik?

Bai. Arraunean gaizki egin dezakezu sekulako sasoian egonda, edota alderantziz. Hiru arloek bat egin dute gure taldean, eta horri arraunlarien esperientzia lotuta, emaitza gero azaldu da.

Otsailean esan zenidan gauza guztien zergatia aurkitzen saiatzen zarela. Zergatik irabazi dituzue liga, ligako bederatzi bandera eta Kontxako Bandera?

Lehen, denboraldiko plangintza egiterakoan, eredu tradizionala erabiltzen zen, eta sasoian zehar pare bat unetan harrapatzen zuten kirolariek sasoirik onena. Orain, aldatu egin da, eta beste sistema bat erabiltzen da, ATR delakoa. Ligan lehiatzen garenez, ez dugu lortu nahi izan liga osoan sekulako mailan ibiltzea. Erregulartasuna zen helburua ligan, eta Kontxako Banderan gora egitea. Ligan beti bete-betean ibiltzen den taldeak pott egiten du gero.

Noiz jabetu zinen liga irabazteko aukerak bazenituztela?

Garbi daukat abuztuko lehen astean ligako burutik bost-hamar puntura dagoen taldeak liga irabaz dezakeela oraindik. Gertu geunden Oriotik, eta egoera horretara moldatu ginen. Espainiako Txapelketatik kanpo gelditu ginenean, ligaren helburua jarri genuen mahai gainean. Ez genekien lor zitekeen helburua zenik, baina Getxoko estropadan, Euskadiko Txapelketako arantza ateratzera joan ginen. Bandera irabaziz, taldeari presioa kendu nahi genion. Irabazi genuen, eta kasualitatea izan zen egun hartan Oriok puntu batzuk galtzea. Zorte ona izan genuen egun horretan, eta jendea animatu egin zen.

Liga lortzeko helburuak eta Kontxarako prestakuntzak bat egin zuten prestakuntzaren bide berean?

Ez dakit zehazki horrela den. Plangintza aurretik dago egina, eta bidea da. Baina, gero, plangintzan edukiak sartzerakoan, aldatzen joaten naiz, egunean egunekoaren arabera, eta estropadetako emaitzen eta lanaren arabera. Ikusi egin behar izaten da taldeak zertan egiten duen huts, arlo horiek indartzeko entrenamenduetan. Adibidez: Kontxako bi igandeen artean, bigarren igandeko taktikaren arabera prestatu genituen entrenamenduak. Kaikuren hasierako irteera indartsuari eustea zenez asmoa, aste horretako lanaren bolumena ez zen handia izan, baina intentsitatea bai.

Liga ala Kontxako Banderak bete zaitu gehiago?

Kontxak. Beharra zegoen herrian, inoiz ez zuelako irabazi klubak. Asko eman dio herriari, eta joan zen zapatuan ikusi zen hori, herriko estropadan.

Zer ikasi duzu aurten?

Asko. Taldeak tenperamentu handia dauka, eta inoiz ez dut halako koadrillarik entrenatu. Aurreko taldeetan, jende lasaiagoa eduki dut. Aurtengoek sekulako nerbioa daukate. Erronka izan da beraiekin lan egitea, eta taldeak gauza asko erakutsi dizkit. Une batean, Ligako lehen asteburua eta gero, psikologo bat ekarri genuen taldera, antsietate egoera hari aurre egiteko. Denek faborito argitzat jotzen gintuzten, neguko jaitsiera denak irabazi genituelako. Arraunlariek ere uste zuten erraz ibiliko zirela Ligan, eta aurreneko emaitzek estresa eragin zien; psikologoaren laguntza behar izan genuen.

Zure arraunlariak esaten ari dira lan handia egiten dutela aurten. Zenbat da 'handia'?

Beste entrenatzaile batzuekin eta beste talde batzuetan egindakoarekin konpara dezakete [barrezka]. Asko egin dugu lan, beste taldeetan nik egin dudan bezala edo gehiago. Baina lanak fruituak eman ditu gero.

Arrakastaren zenbatekoa da zurea?

Taldearen bideratzailea besterik ez naiz izan.

Urte berean San Miguel liga eta Kontxako Bandera irabazi duen entrenatzaile bakarra zara, eta bi aldiz, gainera. Askoren iritziz, onena zara.

Ez, ez. Hau lasterketa luzea da, eta egunero entrenatu behar da, denboraldi bakoitzean bete behar dira helburuak. Hiltzen naizenean ikusiko da zenbat lortu dudan. Helburu bakarra daukat: gauzak ahalik eta ondoen egitea. Onena izango da curriculum hoberena duena, eta nik ez dut onena.

Zurea baino curriculum hobea duen entrenatzaile horrek [Jose Luis Korta] min handia egin dizue azken egunetan. Zer gogoeta egin duzu horretaz?

Mina sekulakoa egin digu, baina taldeko jendea berehala konturatu da zer dagoen, eta denok lagundu dute. Ni klubaren jardunarekin batera noa, eta gai hori bere bidetik doa. Arraunari sekulako kaltea egin diote adierazpen horiek, eta arraunari min ematen dioten gauzez hobe da ez hitz egitea.

Segituko duzu Urdaibain?

Beste urtebeterako hitzarmena daukagu klubak eta nik, eta bi aldeetako batek hautsi nahi ez badu behintzat, jarraitu egingo dut.

Kontratua luzatzeko aukera eskaini al dizu klubak?

Orain ez dago horren beharrik, beste urtebetako kontratua daukat eta.

Taldean aldaketa asko egongo al dira datorren denboraldian?

Aurtengo mailara igota, erronka izango da jendeak lo ez hartzea. Gora heltzea bezain zaila da goian jarraitzea. Saiatuko gara taldeari eusten, baina gerta daiteke norbaitek lo hartzea, eta balizko egoera horiei aurre egiteko prest egon behar dugu.

Nola lortzen da arraunlari batek lo ez hartzea?

Hamahiru arraunlariko taldeak nekez funtzionatuko du ondo. Hamalau-hamabosteko kopurua ona da, taldeak maila ez galtzeko.

Kanpotik arraunlari bat edo beste iritsiko da orduan.

Egoera ekonomikoa ez da ona, eta dagoenari eusten ere lanak izango ditugu. Saiatuko gara zerbait berritzen, baina oso-oso gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.