Bilbo Basketeko entrenatzailea

Jaume Ponsarnau: «Gorago egon nahiko genuke, baina oinak lurrean izan behar ditugu»

Sasoiak orain arte eman duenaren errepasoa egin du Jaume Ponsarnau Bilbo Basketeko teknikariak. Pozik dagoen arren, argi adierazi du badaukatela zer hobetua.

(ID_13563797) ESPAÑA BALONCESTO LIGA ENDESA
Jaume Ponsarnau eta Bilbo basketeko entrenatzaile taldea. Marcial Guillén / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko otsailaren 10a
05:10
Entzun

Bigarren sasoia du Jaume Ponsarnauk (Tarrega, Herrialde Katalanak, 1971) Bilbo Basketen. Ez da entrenatzaileak amestutako denboraldia izaten ari, baina une txarrak izan badituzte ere, ondo ari direla adierazi du. Azken egunetan FIBA Europa kopako final-laurdenetarako sailkatzea lortu dute bilbotarrek, eta Poloniako Legia Varsovia izango dute aurkari. Bihar, ordea, Euroligako talde bat izango dute aurrean. Valentziaren aurka ariko dira Miribillan (12:30, Movistar). 

Murtzian galdu zenuten ligako azken neurketa, eta asteazkenean Europan multzoko lehen postua lortu zenuten. Nola dago taldea?

Ez ginen Murtziaren gogortasunaren aurka jokatzeko gai izan, eta frustratu egin ginen. Hori dela eta, kontzentrazioa galdu genuela uste dut, eta guretzat ezinbestekoak diren gauzak gaizki egin genituen. Ezin izan genuen plana aurrera eraman, eta haiek zukua atera zioten taktikari. Mentalki, oso ahul aritu ginen. Hala ere, azken hamar partidetatik lau irabazi ditugu ACB ligan, eta etxeko azken hiru partidetan ere garaipena lortu dugu. Horrek bide onean gaudela dio.

Ligan ondo hasi zineten, baina kostata ari zarete geroztik. Taldearen irregulartasunak kezkatzen zaitu?

Ez nuke esango taldea hain irregularra denik. Oso gutxi izan dira azken minuturaino irabazteko aukerarik gabe iritsi garen partidak. Eta inpotentziaz aritu garen partidak beste hainbeste izan dira. Trinkotasun mentalaren bila ari gara orain, horrek hobetuko baitu gure jokoa. Baina oso talde gaztea izan arren, eta bi lehiaketa jokatu arren, uste dut erakutsi dugun erregulartasuna ona dela. Hala ere, ez gara horrekin konformatuko, noski. Gehiago nahi dugu, eta, horretarako, mentalki gogorragoak izan behar dugu, batez ere, norbere buruarekin.

Lehiaketa dagoen bezala dago; bitan banatu da dagoeneko. Goikoak kalitate handiagoa erakutsi dute, ezbairik gabe, eta desberdintasun hori partidetan ere nabaritu da. Gu saiatu gara taldea luzatzen, baina argi dago talde luzeenak dituztenak sailkapenaren goialdean daudela. Esperientzia hau baliagarria izaten ari da ikasteko, eta aurrera begira gauzak nola hobetu ikusteko.

Garaipen gehienak Miribillan lortu dituzue. Hainbeste nabaritzen duzue zaleen bultzada?

Talde guztientzat da garrantzitsua etxekoen bultzada, eta hori argi eta garbi ikus daiteke talde bakoitzak etxean lortzen dituen garaipen kopuruan. Sailkapeneko lehen postuetan eta beheko postuetan dauden taldeen arteko partidetan soilik apurtu da estatistika hori, kasuak kasu. Guretzat bereziki da garrantzitsua Miribillan jokatzea. Krisi txiki bat izan genuen, egutegia ere gogorra izan zen une hartan. Breoganen aurka galtzeak, adibidez, min handia egin zigun. Baina denok elkarrekin buelta eman diogu. Miribillan gara lehiakorren, eta erronka bakoitza errazagoa da zaleen aurrean bada.

Krisi txiki hori aipatu duzu. Beldurra izan zenuen zure karguagatik?

Nire lana ederki ezagutzen dut. Entrenatzaile baten postua une oro dago arriskuan, eta hala onartzen dugu. Badakit ez dugula nahi bezala jokatu, eta ez garela nahi bezala lehiatu. Baina ez gara esan izan duten bezain gaizki egon. Orain, sailkapenean daukagun aurrekontua kontuan hartuta egon beharko genukeen baino pare bat postu gorago gaude. Gure anbizioa gorago egotea zen, baina oinak lurrean eduki behar ditugu. Dena den, esan beharra daukat Bilbon une oro sentitu dudala babesa. Ez dut babes hori galtzen ari nintzela sumatu, eta ongi lan egiten utzi digute. Denok itsasontzi berean gauden sentipena izan dut beti.

Emaitza onenak, akaso, Europan lortu dituzue. Zein da taldearen helburua behin final-laurdenetara iritsita?

Ilusioa ahal dugun urrunen iristea da. Lehiaketa horretan baloi jabetza bakoitza garrantzitsua da, puntuen aldeak garrantzi handia baitauka kanporaketei begira ahalik eta gorena egoteko; hemendik aurrera, batez ere. Mentalki indartsuak izan beharko gara, une gozoak luzatuz eta une txarrak ahal bezala murriztuz.

 

Lehiaketa berria da FIBAren Europa kopa. Zer moduzko lehiaketa iruditu zaizu?

Oso lehiaketa heterogeneoa da. Zailtasuna aniztasunera egokitzea da. Kantxak oso desberdinak dira, herrialde bakoitzean baloi desberdin batekin jokatzen da, eta joko estiloa ere asko aldatzen da aurkari batetik bestera. Egokitzea eta mentalki indartsu egotea eskatzen duen lehiaketa bat da. Partida batzuetan oso ongi aritu gara, eta besteetan neurketan bertan moldatzen jakin behar izan dugu aurrera ateratzeko. Taldean zein hirian ilusioa ikusten dut lehiaketa honetan, eta horrek asko pozten nau.

Bilbo Basketek askotan eraberritu behar izaten du taldea sasoi batetik bestera. Zu ohituta zaude, Donostian eta Manresan ere hala baitzen. Talde mota horretara lotzen zaituztela uste duzu?

Egia da. Gainera kointziditu du gehienetan sasoi on baten ostean etorri direla aldaketa horiek. Balioa handitzen duten jokalariek gero aurrerapausoa emateko aukera izaten dute. Hori ere normala da, eta gure lana da aurrerapauso hori eman nahi duten jokalariak bilatzea merkatuan. Askotan ondo atera da, baina ez da beti gertatzen. Sasoi honetan nahi genituen baino aldaketa gehiago egin behar izan ditugu, jokalari batzuk diru gehiago kobratzera joan baitira beste talde batzuetara. Egin dugun taldeak ilusio handia piztu zigun, baina jokalari batzuek egokitzeko denbora behar dute. Etorkizun handiko jokalariak ditugu, baina eskarmentu falta ordaintzea egokitu zaigu askotan.

Taldearen berrikuntza nagusia Hornsby da. Zergatik fitxatu duzue, eta zer eman diezaioke taldeari?

Baloirik gabe jokatzeko orduan irizpide onez aritu daitekeen jokalari baten bila ari ginen. Ez dena taldearen erasoko lehen aukera izango, baina bai taldearen erasoa hobetuko zuena. Aurreikusten errazak izaten ari ginela ikusi genuen, eta jokalari batzuen trebeziaren menpe ere egon gara askotan. Orain, beste jokalari bat gehitu diogu ekuazioari, eta menpekotasuna banatuagoa izatea da helburua.

Beste izen propioak Pantzar eta De Ridder dira. Klubak bi jokalari gazte horien alde egin zuen apustu, eta ezin hobeto atera zaio. Espero zenutenaren gainetik ari dira, akaso?

Jokalari gazteak dira, talentu handia dutenak, eta fisikoki indartsuak. Ilusioa daukate, eta formula horrek beti ematen du emaitza ona. Etorkizun handia daukaten bi jokalari dira, baina ikusi da, gaur-gaurkoz, jokalari garrantzitsuak izaten ari direla. Taldea lehiakorragoa egiten dute, eta oso pozik nago biekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.