Pooleyren lanak are meritu handiagoa dauka, erlojupekoa hasteko minutu bakarra falta zenean bizikletak ez zuelako gainditu beti egin ohi duten azterketa. «Eserlekua atzeratu egin behar izan dut, egitura ez zelako arauzkoa». Pooleyk berak onartu zuen atzokoa ez zela urte guztian erabili duen bizikleta bera. «Eta postura aldatu egin behar izan dut pixka bat». Lehen bi erreferentzietan Arndt baino zortzi segundo azkarrago zihoan, eta azken zazpi kilometroetan are gehiago handitu zuen alemaniarrarekiko aldea.
22,8 kilometro egin behar izan zituzten emakumezkoek, eta Jeannie Longo frantziarrak handia egin zuen, berriz ere. 51 urte dauzka Longok, eta bosgarren denborarik onena lortu zuen; Pooleyrengandik 44 segundo eskasera geratu zen, eta brontzezko eta zilarrezko dominak 28 segundora geratu zitzaizkion.
23 urtez azpikoetan, Phinney
Emakumezkoen elite mailako erlojupekoaren aurretik gizonezkoen 23 urtez azpiko erlojupekoa jokatu zen atzo, eta Taylor Phinney estatubatuarra izan zen azkarrena. Phinneyk bi segundo eskas atera zizkion Luke Durbridge australiarrari, eta 24 Marcel Kittel alemaniarrari.
Euskaldunei dagokienez, bihar goizaldean helduko da Mikel Landaren txanda, gizonezkoen 23 urtez azpiko errepideko proban. Murgiarrak 21 urte beteko ditu datorren abenduan, eta Euskaltel-Euskadirekin kontratua sinatuta dauka, hurrengo bi urteetarako.
Sailkapenak
ELITE MAILAKOAK (EMAK.)1. Emma Pooley (Britainia H.) 32.48,44
2. Judith Arndt (Alemania) 15,17ra
3. Linda M. Villumsen (Ze. B.) 15,80ra
4. Amber Neben (AEB) 37,66ra
5. Jeannie Longo (Frantzia) 43,94ra
23 URTEZ AZPIKOAK (GIZ.)
1. Taylor Phinney (AEB) 42.50,29
2. Luke Durbridge (Australia) 1,9ra
3. Marcel Kittel (Alemania) 24,01era
4. Nelson Oliveira (Portugal) 27,96ra
5. Rohan Dennis (Australia) 46,87ra