Osasuna 0-3 Zelta

Gorritxoak baloiaz jabetu dira, baina ez dute lortu menderatzea

Osasunak maiz izan du gola sartzeko aukera, eta hutsean geratu dira asmoak. Celtak bata bestearen atzetik sartu ditu bi gol, eta amaieran hirugarrena.

ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Douvikas, partida amaierako gola ospatzen. JESUS DIGES / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2024ko otsailaren 4a
18:40
Entzun

Osasuna ohituta zegoen etxean irabaztera, Sadarren jokatuak zituen hiru partidetan gailendua baitzen. Eta segidako laugarren garaipena lortzea espero zuen gaur Celtaren kontra, batez ere asteazken honetan Montujicetik porrot eginda itzuli ostean. Bartzelonan jokatu zuen hamaikakoa aldatu du Jagoba Arrasatek, eta Aresori, Budimirri eta David Garciari eutsi. Norgehiagokaren lehen minutuetan bazirudien ondo zebiltzala gorritxoak; baloiaz jabetu dira bai hasieran, bai partida osoan zehar, nahiz eta, azkenean, Celtakoek menderatu duten Osasuna: 0-3.

Nahiko oldarkor aritu dira gorritxoak, eta Celta apal hasi da. Saiatu dira Guaitaren atera gerturatzen eta lehen gola sartzen, arrakastarik gabe. Bat-batean, partida irauli da 24. minututik aurrera: Larsenek gola sartu du, eta, minutu bat geroxeago, De la Torrek errematatu du markagailua. Bizkorki okertu da arratsaldea. Etxeko lanak ondo eginda joan da Celta Sadarrera, Osasunaren jokoa ondo lotua zuela.

Behintzat golen bat sartzeko aukera paregabea izan du Raul Garciak lehen zatiaren amaieran, baina kanpora joan da baloia. Bigarrena lehenaren luzapena izan da: baloia hanka artean izan dute gorritxoek, baina ez dute jakin jokaldiak ondo amaitzen bisitarien atean, eta, horri esker, Celtakoek markagailuari eutsi diote partida amaierara arte. Azken minutuetara arte: Douvikasek sententzia eman die gorritxoei, 90. minutuko golarekin.

Postu bat behera egin du Osasunak, eta Celtari ondo etorri zaio garaipena, jaisteko postuetatik apur bat urruntzea lortu baitu. Datorren partida Realaren kontra jokatuko du Osasunak, Anoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.