Osasuna ez da izango gaur Konferentzia Ligako multzoen faseko zozketan. Partida hasieran sufritu eta gero, 0-2 jarri da aurretik Jagoba Arrasateren taldea Bruggen, Mojicaren eta Budimirren golei esker. Baina taldea ondoen zegoenean, bi kolpe jaso ditu ia segidan. Hiru minutuan zapuztu zaio Europako ametsa: 73. minutuaren eta 76.aren artean. Etxeko taldeak bi gol egin ditu Hala, partida berdindu, eta joanekoan Sadarren lortutako 1-2ko garaipenari esker multzoen fasean dago Flandriako taldea.
Jagoba Arrasatek aulkian utzi du Aimar Oroz, eta Mojicak jokatu du Juan Cruzen aurretik ezker hegalean. Kanporaketa alde zuela, eta etxean jokatuta, Bruggek oldarkor, arriskatuz eta estutzen ekin dio norgehiagokari, gorritxoen baloi irteeran eta zelai erdian presio estua eginez. Hasi eta berehala izan du lehen aukera. Zinckernagelek baloia jaso du area ertzean, eta haren eskuinkada gora joan da. Lehen abisua izan da, bigarren minutuan. Arrasateren taldeak hainbat baloi galdu ditu zelai erdian lehen minutu horietan, eta hori baliatu du Bruggek Sergio Herreraren atera gerturatzeko. Etxekoen oldarraldiei eutsi ahala, gorritxoak zelaian finkatzen joan dira, eta baloia izaten. Horrek aukera eman die lasaitasun gehiagoz aritzeko. Baina aparteko aukerarik sortu gabe.
Bruggek arriskuak hartzen jarraitu du, eta lehiari erritmo bizia jartzen. Ez zuen zerikusirik astebete lehenago Sadarren ikusitako taldearekin, eta aurretik jartzeko bigarren aukera izan du. Vetlesenek atzerako pasea egin du. Vanaken bakarrik zegoen penalti puntuan, eta haren errematea Herrerak atera du. 20. minutua zen. Osasunak handik gutxira erantzun du. Chimy Avilak erremate ona egin du, Budimirren erdiraketa baten ostean, baina Mingoletek kornerrera bidali du. Hor iritsi da gorritxoen gola. Arean jokalari mordoa zegoen, baloia Mojikari iritsi zaio, eta kolonbiarrak area ertzetik egindako jaurtiketa sareetara (27. min.).
Brugge hobeto egon arren, kanporaketa berdinduta zuten nafarrek. Flandriarrek berean jarraitu dute. Gakoa zen hurrengo minutuetan golik ez jasotzea. Sufritzeko unea zen. Etxekoek gertu izan dute berdinketa, 42. minutuan Zinckernagelek zutoinera bidali du baloi aretik kanpo egindako jaurtiketa batean. Azken minutu horietan Osasuna atzean sartuta egon zen, baina 0-1 amaitu da lehen zatia.Bigarrena antzera hasi da. Bruggek izan du jokoaren ekimena. Baina berriro ere Osasunak sartu du gola, Budimir izan da oraingoan, 53 minutuan, burukada eder batekin. Peñaren erdiraketa bikaina izan da. Bigarren zatiak nekez izan zezakeen hasiera hoberik.
Orozen aukera
Osasuna ondo zegoen jarrita berdegunean, eta kontrolpean zuen neurketa. Gainera, Arrasatek Ruben Garcia, Aimar Oroz eta Javi Areso zelairatu ditu taldea freskatzeko. Baina Bruggek gola sartu du 73. minutuan, korner batean. Thiagok erdietsi zuen buruz. 76. minutuuan Olsenek egin du, baloia ateratzerakoan Mojicak egindako akats baten ostean. Osasuna ahalegindu da berdintzen. Neurketako azken jokaldian Aimar Orozek abagune argia izan du, baina ez zen posible izan.