Futbola. Osasuna Kopako finalean

Gorriz tindatu nahi du

Osasunak historiako lehen titulua eskuratu nahi du gaur, Cartujan, Real Madrilen aurka: Espainiako Kopa. Brasanac eta Nacho Vidal bakarrik daude min hartuta

Karim Benzema, Carlo Ancelotti, Jagoba Arrasate eta David Garcia, Espainiako Kopako garaikurrarekin, atzo, Sevillako Cartuja estadioan. OSASUNA.
ainara arratibel gascon
<i>Sevilla</i>
2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Osasunak Sevillan (Espainia) kolore gorria nagusitzea nahi du gaurkoan. Ilusioz daude, eta kalean, behintzat, hala sumatzen da. Izan ere, aste erdialdetik tantaka iritsi diren zaleak uholde bihurtu dira jada atzotik, Andaluziako hiriburuko txoko guztiak talde gorritxoaren elastikoez eta ikurrez bete baitira. Cartujan 20.500 ahots eta arima arituko dira Jagoba Arrasateren taldea animatzen, eta beste asko kalean. Eta, nola ez, Iruñean, Nafarroako herri guztietan eta Euskal Herri osoan.


Ilusioan balitz garaipena, Osasunarena litzateke. Baina gorriaren nagusitasuna zelaian izatea ere nahi dute. Hala izanez gero, historian arrastoa utziko lukete, klubaren lehen titulua jasoko bailukete: Espainiako Kopa (22:00, ETB1).

Ikusi gehiago:Hamaikakoak

Ez dute erronka erraza: Real Madril ohituta dago finalak jokatzen eta, batez ere, irabazten. Espainiako Koparen kasuan hemeretzi aldiz irabazi du, eta beste hogei aldiz ailegatu da finalera. Gainera, jakina da zein mailatako jokalariak dituen Espainiako taldeak.

Baina kantak dioen moduan, zaila bada, ez da ezinezkoa. Eta, Osasunak Kopa irabazteko aukera duela sinesteko motiboak bat baino gehiago dira. Batetik, Arrasatek gidatuta taldea egiten ari den denboraldi ona. Partida guztietan izaten ari da lehiakor, eta norgehiagoka onak jokatu ditu. Ligako azken partidan, Bartzelonaren aurka, galdu arren, erakutsi zuen zertarako gai den talde handien aurka. Arrasatek mimoz prestatu du finala, eta ziur Carlo Ancelotti ezustean harrapatzeko gai dela.

Ikusi gehiago:Nerea Zusberro Alberro: 'Koparen bila'

Zaleek adina ilusio eta grina dute jokalariek. Historian arrastoa uzteko aukera dute aurrean: Puñalek, Josetxok, Krutxagak eta enparauek 2005ean lortu ez zutena lortzen. Haien arantza atera nahi dute, eta ziurra da historian zehar Osasunaren izpiritua irudikatu duten jokalari, teknikari eta presidenteen nortasunarekin irtengo direla: aipatutako Krutxaga eta Puñal, Oier Sanjurjo, Roberto Torres, Patxi Irigibel, Jan Urban, Michael Robinson, Enrique Martin Monreal, Pedro Mari Zabalza, Fermin Ezkurra, Javier Miranda... Izpiritu horren isla izan da denboraldi honetan Kopan gertatu dena: talde gorritxoak lau luzapen eta penalti txanda bat igaro behar izan baititu finalera iristeko.

Real Madrili erreparatzen badiote ere, badira arrazoiak garaipenean sinesteko. 2013tik zeraman Kopako finalera iritsi gabe; ez da ondo moldatu txapelketa horretan. Gainera, asteartean Txapeldunen Ligako finalerdiei heldu behar die Manchester Cityren aurka. Haren lehiaketa kutuna da, eta nahietaez une batzuetan horretan izan dezakete burua. Horri ere etekina atera diezaioke Osasunak.

«Guk geuk izan behar dugu»

Arrasatek argi azaldu zuen atzoko prentsaurrekoan zein den irabazteko gakoa: «Guk geuk izan behar dugu. Akats txikiak eta detaileak zaindu behar ditugu, eta haiei lerro artean jokatzen ez utzi; min handia egiten dute». Finala jokatzea «naturaltasunez» bizi dutela nabarmendu zuen. «Gogotsu gaude». Eta Kopa irabazteko unea imajinatu ote zuen galdetuta, baietz esan zuen. «Gauza bat lortzeko imajinatu egin behar da aurrena. Eta nik egin dut. Imajinatu dut David eta Unai Kopa jasotzen». Zaleei ere mezua bidali zien: «Goza dezatela esango nieke, eta 22:00etatik aurrera laguntzeko. Izan ere, haien babesa eta ilusioa gure bultzada dira».


David Garcia kapitainak onartu zuen bere kirol ibilbideko partidarik garrantzitsuena dela. «Klubarentzat handia litzateke Kopa irabaztea, eta niretzat txikitako ametsa betetzea». Baina «lasai» zegoela berretsi zuen. «Lasai gaude; esperientzia faltak ez digu eragingo. Baditugu beste klub batzuetan halako partida garrantzitsuak jokatu dituzten jokalariak, eta horrek lagundu egingo digu».

Real Madril talde handia izan arren, «zerbait handia» egiteko moduan direla berretsi zuen gorritxoen kapitainak. «Kopa honetan erakutsi dugu zertarako gai garen. Ez diogu beldurrik ez inori eta ez ezeri». Horrekin batera, partidari egin zion azpimarra. «Gure aukerak izateko, partidan sartuta egon behar dugu 90 minutuak. Zenbat eta partida luzeagoa izan, orduan eta hobeto guretzat».

Ikusi gehiago:Zale gorritxoek sartu dute lehen gola

Sudurrean min hartu zuen Cadizen aurkako partidan, eta datorren astean ebakuntza egingo diote. Baina «bete-betean» egongo dela esan zuen. «Apur bat okertuta daukat. Baina ez nuke partida hau ezerengatik galduko». Brasanac eta Nacho Vidal bakarrik daude min hartuta.

Real Madrilen Modric eta Alaba osatu dira. Ancelottik iritziz, «partida zaila» izango da. «Jagobari esan nion finalean egongo ginela, banekielako hori gertatuko zela. Partida lehiatua izango da, Osasuna talde antolatuta baita. Prest egon behar dugu neurketako une zailei aurre egiteko».

Ikusi gehiago:Bihozkada gorriak baietz dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.