Euskal Herriko Itzulia

Gregoirek garaipen estua lortu du Zornotzan

Multzo bat aritu da Itzuliko bosgarren etapa irabazteko lehian, eta frantziarra izan da azkarrena, Aular eta Schachmannen aurretik. Aranburu bosgarren izan da, Kanbon bezala. Skjelmosek eutsi egin dio lidergoari; Landak, berriz, lepauztaia apurtu du.

Romain Gregoire, azken gerri kolpean. MIGUEL TOÑA / EFE
Romain Gregoire, azken gerri kolpean. MIGUEL TOÑA / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko apirilaren 5a
18:00
Entzun

Ogi gogorrari, hagin zorrotza. Hala dio esaerak, eta gaur men egin diote Euskal Herriko Itzulian lehiatzen ari diren txirrindulariek. Posible zen bezperako amesgaiztoak beldurrak jota uztea, baina, horren ordez, su batean jokatu dute etapa, eta aurrerapen handiarekin iritsi dira helmugara, Romain Gregoire (Groupama) buru. Frantziarrak arrantza egin du etapa hasieratik harro egon diren uretan. Etengabeak izan dira erasoak, nola ordekan, hala Muniketako igoera bikoitzean. Xehatuta iritsi da tropela azken metroetara. Esprinta Gregoirek irabazi du; doi-doi, oso gainean izan baititu Orluis Aular (Caja Rural) eta Maximilian Schachmann (Bora). Helmuga zeharkatuta, ez zegoen ziur irabazlea zen edo ez. Hainbeste poztu da garaipenaren berri eman diotenean, ezen beldurtu egin baitu ondoan zegoen ume bat.

Txanponaren beste aldean dago Mikel Landa (Soudal). Etapa taldeburu gisa hasi du, Remco Evenepoel erretiratu ondoren. Flandriarrak lepauztaia apurtu zuen atzo. Bada, lesio bera izan du gaur arabarrak, bizikletatik erorita. Aurtengo Itzulian ezbehar batek jokoz kanpo utzi duen hamaikagarren faboritoa izan da. Zutik eusten diotenen artean, Mattias Skjelmosek (Lidl) eutsi egin dio lidergoari. Ez da egun erraza izan harentzat, oldarraldi ugari izan baita; horietako asko, UAE taldearen ekimenez hauspotuak. Schachmannek ere grinatsu jardun du, eta bigarren jarri da nagusian, gainsariak tarteko. Bi segundora du Skjelmose. Juan Ayuso (UAE) hirugarren dago orain, eta hark bezala, postu bat galdu du Pello Bilbaok (Bahrain) ere: zortzigarrena da, lehen postutik hamabost segundora.  

Ibilbide bitxia zuen etaparen lehen erdiak. Gasteiztik abiatu ostean, ordekan egin dituzte aurreneko 40 kilometroak, eta 20 kilometroko jaitsiera luzea izan dute gero Lemoaraino (Bizkaia). Beste tarte lau bat izan dute jarraian, Urkiolara iritsi aurretik. Bada, ihesaldirik ez da sortu mendate mitiko horretara bidean. Tropela abiada bizian joan da hasieratik bertatik, eta ezerezean gelditu dira ihes egiteko ahaleginak. Landari, berriz, zapuztu egin zaizkio asmo eta ilusio guztiak: erori egin da Mañarian (Bizkaia), eguneko lehen igoeraren magalean, eta ezin izan du jarraitu. Anbulantzian eraman dute, lepokoa jarrita. Aurtengo Itzuliari begizkoa egin diote.

Visma taldeko txirrindulariek begiz joa zuten etapa. Gorazarre egin nahi zioten Vingegaardi, bezperako istripuaren ondotik. Hori horrela, aginte makila hartu dute Urkiolako aldapa tenteetan, eta ondoren, Sepp Kussek eraso egin du, Isaac del Tororekin (UAE) batera. Minutu baten aldea lortu dute, eta tarte batez, mexikarra Itzuliko behin-behineko liderra izan da. Gutxi iraun dio zirrarak, Lidl serio jarri baita tiraka. Skjelmoseren ezkutariek nahiko azkar itzali dute sua.

Gero, bederatzi lagunek hartu dute aurrea Zornotzatik lehen aldiz igaro aurretik. Enekoitz Azparren (Euskaltel) izan da horietako bat. Inork ez zekarren mehatxurik sailkapen nagusiari begira, baina kate motzean lotu dituzte, eta Muniketako azken aldapetan harrapatu. Hurrena, boskote bat iritsi da lasterketa buruan Zornotzako bigarren pasaldira. Tartean zen Ibon Ruiz (Kern Pharma). Haatik, iheslari horiek ere gertu entzun dute atzekoen arnasotsa denbora guztian. Sokari tenk eutsi dio Lidlek. Beste talde asko ere agertu dira tropel buruan, Muniketa azken aldiz igotzen hasi aurretik.

Edozer gerta daiteke

Eraso festa izan da maldan gora. Ihesaldia aletuz joan da, bertan behera gelditzeraino. Eta atzean, batek baino gehiagok astindu du zuhaitza. Del Toro izan da gehien tematu dena. Schachmannek eta Santiago Buitragok (Bahrain) ere gogotsu jokatu dute. Skjelmosek, berriz, Tao Geoghegan Hart taldekidearen laguntza izan du. Azkenean, denak elkarrekin iritsi dira tontorrera. Baita helmugara ere, UAEko ziklistak bazterrak nahasten saiatu diren arren. Schachmann izan da esprinta abiatzen lehena, baina Gregoirek gainditu egin du, Quentin Pacher taldekidearen laguntzaz. Bukaeran, baina, Oularrek atzetik aurrera egin du. Gertu izan du garaipena. Aranburu ere sartu da borrokan, baina bosgarren izan da berriro; Kanbon ere emaitza bera lortu zuen. Bilbaok zazpigarren egin du.

Eraso gogorragoak eta erabakigarriagoak ikusiko dira bihar, Itzuliko azken etapan. Eibarren izango du irteera, baita helmuga ere, eta zazpi mendate tartean: Elkorrieta, Azurki, Gorla, Krabelin, Trabakua, Izua eta Urkaregi. 50 segundo baino gutxiagoren aldea dago lehen hogei sailkatuen artean; beraz, oso nekeza da iragarpenak egitea. Halere, bada gauza bat ziurra: etapa eroa izango dela.

Itzulia, 6. etapa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.