Espero zen bezala, milaka zale zuri-gorri joan dira Euskal Herritik Madrilera Athletic animatzera. Guardia Zibilak, horien esperoan, kontrolak jarri ditu A-1 autobidean, eta, horren ondorioz, auto ilara luzeak sortu dira gaur goizean, Espainiako Trafiko zuzendaritzak argitu duenez, Villalmanzo eta Lerma parean, Burgosen, eta Boceguillasen, Segovian.
Espainiako Barne Ministerioak ukatu egin du Guardia Zibilaren kontrolengatik auto ilarak sortu direla. EAJren iritziz, ordea, jarrera "probokatzailea" erakutsi du Guardia Zibilak zaleei atzerapenak eta eragozpenak sortuz. EAJk dio Aitor Esteban diputatua kexua agertu diola Jorge Fernandez Diaz Barne ministroari eta Arsenio Fernandez de Mesa Guardia Zibilaren zuzendariari eta, horren ondorioz, kontrolak kendu dituztela.