Eibarrek eta Realak denboraldiko lehen derbia jokatuko dute gaur. Beti bezala, hiru puntu daude jokoan, baina ez dira gainerakoak bezalakoak: baliotsuagoak dira. Izan ere, derbiak beti dira bereziak. «Borrokalaria» da Marta Lopez de Gereñu Eibarreko jokalaria (Eibar, Gipuzkoa, 2003), eta «dena emateko prest» daudela esan du. Sasoi hasiera oso ona egin dute txuri-urdinek, baina azken bi partidetan puntu bakarra lortu dute. Kontrara, azken neurketetan gora egin du Eibarrek.
Arrankatzea kostatu zitzaizuen, baina bolada onean dago taldea: azken hiru partidetatik bi irabazi dituzue. Azkena, gainera, partidarik galdu gabe zegoen Teneriferen aurka. Konfiantza hartzen ari zarete?
Bai. Talde berria dugu, eta elkar ezagutu behar genuen, hori landu. Hasieratik oso lan ona egin dugu, eta orain ari gara lortzen lan hori puntuetan islatzea.
Badago detaile bat, halere. Etxean, oraindik, puntu bakarra eskuratu duzue. Inportantea da joera hori aldatzea?
Noski. Etxean puntuak biltzea garrantzitsua da. Oraindik apenas lortu dugun, baina etxetik kanpo bi partida irabazi ditugu, eta, beraz, konfiantza hartu dugu. Espero dugu igandeko partidan hiru puntuak lortzea, edo gutxienez bat, behintzat.
Aukera polita duzue, Ipuruan Realaren auka jokatuko baituzue. Gogoz zaudete?
Bai, derbiek badute halako beste emozio bat, beti dira bereziak. Udan jokatu genuen haien kontra, Euskal Herria Kopan [Eibarrek finala 1-0 irabazi zien txuri-urdinei]. Orain, ligakoak ditugu. Beti gaude irrikaz Realaren eta Athleticen kontra jokatzeko. Irabazi egin nahi dugu, eta horretan saiatuko gara.
Nolako neurketa espero duzu?
Zaila. Liga honetako partida guztiak dira zailak. Badakigu Reala nolako taldea den, nola jokatzen duen, eta aste honetan aritu gara haien jokoa aztertzen eta prestatzen. Dena emateko prest gaude.
Denboraldi hasiera ona egin dute txuri-urdinek. Jokatzeko estilo desberdinak dituzue. Nola egin beharko diezue aurre?
Zelaian gure indarguneak erakutsi behar ditugu. Aurrelari indartsuak dituzte —Edna, esaterako—, eta saiatu behar dugu horiek jokoan ahal den gutxien parte har dezaten. Gure jokoa egin behar dugu, eta aukerak aprobetxatu.
Oraingoz, Realak jokatutako partida guztietan sartu du gola. Inportantea izango da defentsako lanean arreta berezia jartzea?
Bai. Gu oso talde defentsiboa gara. Teneriferen aurka Eunatek [Astralaga, atezaina] partida bikaina egin zuen, eta atea hutsean mantentzea lortu genuen. Realaren kontra ere espero dugu talde osoa defentsan ondo aritzea eta haiek golik ez sartzea. Eta, noski, ahal bada, guk sartzea.
5-3-2 sistema da orain arte gehien erabili duzuena. Zein da zuen proposamena?
Hasiera baino ez da, eta oraindik landu egin behar dugu. Baina erosoen aritu garen sistema hori da, eta hala jokatu dugu ondoen. Ez dut uste aldatzeko arrazoi edo asmorik dagoenik.
«Aurrelari indartsuak dituzte —Edna, esaterako—, eta saiatu behar dugu horiek jokoan ahal den gutxien parte har dezaten»
Sasoi honetan, Iñaki Goikoetxearen aginduetara, ari zara jokatzen. Gustura zaude?
Bai, oso gustura eta pozik nago. Gehiago jokatzeko lanean segitu behar dut.
Espero zenuen?
Ez... Eta hasieratik hastea oraindik eta gutxiago. Nigan konfiantza erakutsi dute, eta hor egon behar dut.
2020-2021 denboraldian egin zenuen debuta Lehen Mailan. Ordutik, Granadan, Bizkerren eta Racingen ere jokatu duzu, Eibarrek utzita. Iaz Eibarreko B taldean aritu zinen, eta aurten lehen taldera egin duzu jauzia. Egindako ibilbideaz ze balorazio egiten duzu?
Kanpora aukera bila joan nintzen, hemen ezin nuelako edo ez zelako momentua. Esperientzia asko izan ditut honaino iristeko. Ez da erraza maila honetara heltzea.
Azken urteak beharrezkoak izan dira ikasten segitzeko? Zure helburua zen noizbait lehen taldean jokatzea?
Bai, beti izan da. Eibartarra izanda, egundokoa da hau bizitzea: pixkanaka gertuago ikusi dut lehen taldera jauzia emateko aukera, eta lortu dut. Azken finean, niretzat ametsa da hemen egotea, nire jendearekin, eta etxean nago.
Gustatuko litzaizuke EIbarren urte askoan jokatzea?
Noski. Ahal badut eta nigan konfiantza izaten segitzen badute, gustatuko litzaidake nire ibilbidea hemen bukatzea.
Inguruan, etxean, lagunartean, herrian... babesa sumatu duzu?
Bai, beti. Familia beti egon da hor, eta beraiekin egin dut bide osoa. Lagunak ere hor egon dira. Eta klubean izan ditudan entrenatzaile guztiek ere asko lagundu didate. Nire inguruko guztien bultzada izan dut.
«Eibartarra izanda, egundokoa da hau bizitzea. Ametsa da hemen egotea, nire jendearekin, eta etxean nago»
Bidean izan duzu erreferenterik?
Ez... Azkenean, Eibarren ez daude eibartar asko. Bilatu izan dut eibartar bat zera hori transmitituko zidana, baina ez dut inoiz izan.
Azken denboralditik hona, taldea goitik behera aldatu da, entrenatzailea barne. Ondo ari zarete egokitzen?
Oso ondo. Hasieratik ondo ari gara lanean. Egia da jokorako denbora gehiago behar izan dugula, baina orain ikusten da taldeak nola jokatzen duen, eta datuak ere hor daude. Asko hobetu dugu.
Talde gaztea duzue, gainera.
Bai, eta horrek taldeari anbizioa ematen dio. Asko gazteak gara, eta ligan jokatzeko ilusioz gaude. Asko ematen du horrek.
Entrenatzaile berria duzue: Goikoetxea. Gustura zaudete?
Bai. Gogotsu dago, eta oso langilea da.
Helburua, beste sasoi batez, mailari eustea da? Nola ikusten duzu?
Liga honetan zailak dira partida guztiak, eta konplikatua da puntuak lortzea. Baina, pixkanaka, ari gara. Uste dut denboraldi on bat egingo dugula.