Iñigo Martinezek (Ondarroa, Bizkaia, 1991) denboraldi hasieraren analisi zintzoa egin du. Reala oraindik ez dago «sasoi betean», eta ez da samurra bi txapelketei batera «neurria hartzea». Hala ere, baikortasuna eta grina kutsatu ditu. Berez irteten zaizkio. «Aurrera egingo dugu, ziur», esan du. Malagaren aurkako lehiatik hasita, gaur, Anoetan.
Hiru egunez behin jokatuta ez daukazue asti handirik porrotak aztertu, onartu eta okerrak zuzentzeko. Zertan igartzen da hori?
Berria da guretzat, eta neurria hartzen ari gara. Gogotsu gaude, eta edozein egoerari aurre egiteko moduan. Ziur asko nekea geroago antzemango dugula, baina daukagun taldearekin aurrera egingo dugu orduan ere.
Malaga iritsi da Donostiara. Aurreko oparotasunetik aparte dabil.
Hala ere, sinesgarritasuna badu. Rayo Vallecano txikitu zuen joan den astean, eta futbolari trebeak fitxatu dituzte. Geureari erreparatzea izango da egokiena. Etxean jokatutako aurreko bi partidak galdu egin ditugu, eta irabazteko gogoz zelairatuko gara.
Dagoeneko puntu beharra sentitzen hasiak al zarete?
Bai. Atzean geratzeko arriskutik libre egon nahi dugu. Horregatik da garrantzitsua astez aste zerbait batzea eta partida bakoitzaren aurretik prest egotea. Txapeldunen Liga gozokia da. Liga txapelketa, berriz, eguneroko ogia.
Joko oinarria badu Realak, eta horri eskerrak Elx eta Levanteren zelaian berdindu zenuten. Arlo guztietan hobetzeko beharra al daukazue?
Baliteke. Eraginkorrago, bizkorrago, sendoago eta jenio handiagoz jokatzeko ahalmena badaukagu, eta pixkana sasoi punturik indartsuena topatuko dugu. Min hartutakoen zerrenda luzea izan da, aldaketa asko egin behar izan ditu entrenatzaileak, eta horrek edozein talde mugatzen du. Gure mailarik onena lortu arte atzean ez geratzea da garrantzitsuena.
Partidak prestatzeko denbora laburtzeak zer-nolako eragina du?
Urtero galdera hori bera egingo bazenit, hainbat eta hobeto. Kosta egiten da abaila hartzea, baina onenen aurka jokatuz aurrerapauso handiak eman daitezke denbora gutxian.
Ez al zaitu ezerk kezkatzen ala?
Neure taldearekin edozeinen aurka jokatuko nuke edozein momentutan. Hiru txapelketak lehiatzea talde gutxiren esku dago, eta guk oraingoz ez dugu horretarako ahalmenik. Hala ere, jokatzeko eta hobetzeko irrikaz sumatzen ditut taldekideak, eta ez dugu ezeren aitzakiarik jarriko.
Joan den denboraldian kemena kontrolatzeko eskatu zizun Montanierrek. Orekaren bila oraindik?
Uste dut pausoa eman dudala. Hor daude estatistikak. Duela bi urte atzelaririk zigortuenetariko bat izan nintzen. Aurreko sasoian, berriz, zerrenda horretan nabarmen egin nuen behera. Debut urtearen amaieran sakon hausnartu nuen, eta nire lehentasuna oldarraldiak neurtzea bilakatu zen. Olinpiar Jokoetan ikasgai handia hartu nuen. Han gertatua kolpe gogorra izan zen [txartel gorria atera zioten lehen norgehiagoka hasi eta gutxira]. Aurretik egindako hutsak etorri zitzaizkidan burura, eta zertan hobetu behar nuen konturatu nintzen.
Gainditze bidean sartuta, zein izango da zure hurrengo helburua?
Borondatea eta gogoa izanez gero, samurragoa da inguruan dituzun futbolarietatik ikastea. Mikel Gonzalezengan arreta handia ipini izan dut. Talde barrutik kanpo Sergio Ramosen (Real Madril) eredua dut. Norberak bere muga jo nahi badu, ikusten eta ikasten jarraitu behar du etenik gabe.
Montanierren konfiantza berbera transmititu al dizu Arrasatek?
Gizalegezko portaera izan zuten nirekin lehen egunetik Philippek eta Michel Troinek. Biekin zorretan nago, ez dut ukatuko. Jagobarekin gauza bera gertatzen zait. Aspaldi ezagutzen dugu elkar, eta hartu-eman zoragarria dugu. Ezagutza eta balio handiko entrenatzailea da, gaztea, gogo bizikoa, konfiantza transmititzen du...
Entrenatzaile sena al duzu zuk ere?
Bai. Futbolari izateari uztean teknikari izan nahiko nuke. Gazteenei laguntzeko prest beti. Entrenatzailea jokalaria baino estuago bizi da, eta nekeza da multzoa gobernatzea. Hala ere, baloiaren lotura izan nahiko nuke.
Exijentzia handiko hasiera izan du Arrasatek. Batez ere, lesioek ez diote arnasarik hartzen utzi.
Esteban Graneroren oinazea kolpe gogorra izan da guztiontzat.Norberak bere onena ematen duen maila berean indartu ohi da taldea, eta, lesio asko baldin badaude, garapenean eragiten du. Arrasate irtenbideak topatzeko gai da. Entrenatzaile handi bat dela ohartuko dira asko eta asko denboraldiaren amaieran.
Iñigo Martinez. Realeko jokalaria
«Gure mailarik onena lortu arte atzean ez geratzea da garrantzitsuena»
Bravo eta De la Bellarekin batera orain arteko partida guztiak jokatu dituen bakarra da, eta gaur berriz ere hasieratik ariko da Malagaren aurka. Liga «eguneroko ogia» delako, puntu baliotsuak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu