Realeko jokalaria

Jon Martin: «Gure onena emango dugu finala irabazteko eta titulua etxera ekartzeko»

Realak etzi jokatuko du Espainiako Kopako finala Atletico Madrilen aurka, eta baikor dago Jon Martin erdiko atzelaria. «Zale asko doaz Sevillara, eta haien berotasuna sentitzea bultzada handia izango da».

Jon Martin Realeko jokalaria, Zubietan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jon Martin Realeko jokalaria, Zubietan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Zubieta
2026ko apirilaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
14 urte baino ez zituen Jon Martinek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 2006) Realak azkenekoz Kopako finala irabazi zuenean, 2021ean. Lagunekin joan zen autobusa agurtzera eta jokalariei harrera egitera, eta etxean ikusi zuen partida, familiakoekin. Oso bestela biziko du orain, zelaian izango baita. Zubietako harmailetan erantzun die galderei, jokalari gisa hazi den zelaia parean duela. Eta argi esan du: «Motibazioz eta konfiantzaz beteta gaude. Irabazi egin nahi dugu».
 
Ate joka dago Kopako finala. Nola zaudete?

Ilusio handia dugu, eta oso motibatuta gaude. Finala jokatuko dugu, eta handia da hori. Konfiantzaz gaude.

Buruari buelta asko ematen ari zara? Askotan irudikatu duzu finalaren eguna?

Bai, ari naiz buruari bueltaka, finaleko egunean pentsatzen. Hala ere, nahiko lasai nago. Eguna gerturatu ahala urdurituko naiz, ziur asko.

Zer plan duzu azken egunetarako?

Ez dut ezer desberdina egiteko asmorik. Lasai hartu nahi dut, eta normaltasunez bizi.

Atletico Madril izango duzue aurkari. Nolako lehia espero duzu?

Partida parekatua izango dela uste dut. Haien aurka jokatu dugu ligan, baina larunbatekoa bestelakoa izango da. Final bat da, eta emozionalki eragiten du horrek.

Hain zuzen, ligan galdu egin zenuten haien aurka jokatutako azken partida. Hala ere, balio izan zizuen apunteak hartzeko?

Bai, noski, partida  guztietan ikasten dugu zerbait. Baina, esan bezala, partida desberdina izango da, final bat delako. Gure onena emango dugu irabazteko eta titulua etxera ekartzeko.

Zein izan daiteke irabazteko gakoa?

Partida biribila egin beharko dugu, bai aurrean eta bai atzean. Hala bada, gertu izango dugu garaipena.

Matarazzoren aginduetara gol asko ari zarete sartzen, baina zuei ere dezente sartu dizkizuete. Nola zaindu hori?

Partidak irabazteko, garrantzitsua da defentsan ondo aritzea, oinarrizkoa da hori. Defentsan sendo arituta, irabazteko aukera gehiago izaten dira, eta horretan ari gara. Defentsan ondo aritzen bagara, aurrean gauzak aterako dira. Gure jokatzeko moduari dagokionez, talde ausart bat gara, eta bizkarrera metro asko uzten ditugu. Aurkariak ere ondo aritzen dira, eta sartu dizkigute golak. Baina uste dut ondo ari garela.

Eta Atletico Madrileko aurrelariez, zer esango zenuke? Ezaugarri desberdinak dituzte... nola defenditu?

Txapeldunen Ligako talde bat da. Multzo oso ona dute, eta aurrelari oso onak. Profil desberdinak dituzte, eta, beraz, Sorloth modu batera defendatu beharko nuke, eta Julian Alvarez beste batera. Baina prest nago, prest gaude. Aurkariaren hamaikakoa ikusitakoan erabakiko dugu nola egin.

«Ez ditugu hainbeste final jokatu, eta, beraz, larunbatekoa egun handia da guretzat»

Oraingo honetan, Realak zaleen aurrean jokatuko du finala. Pizgarria da hori zuentzat?

Bai, noski. Jende asko doa Sevillara, eta haien berotasuna sentitzea bultzada handia izango da.

Anoetan ikusgarri ari zarete; finalean zaleen laguntza izatea ere inportantea izango da?

Bai, eta badakigu zaleek bultzatu eta animatuko gaituztela. Hala izatea nahi dugu.

Hala ere, eskarmentu handiagoa du Atletico Madrilek. Presioa nola kudeatu lantzen ari zarete?

Egia da haiek guk baino final gehiago jokatu dituztela, baina horrek gu ere pizten gaitu. Ez ditugu hainbeste final jokatu, eta, beraz, larunbatekoa egun handia da guretzat. Dena emango dugu.

Finalari begira, zein da zuen indargune nagusia?

Motibazioz eta konfiantzaz beteta gaude. Talde indartsua eta ona dugu, eta, gauzak ondo egiten baditugu, dena ondo aterako da. Hori uste dut.

Jende asko ari da Sevillara joateko plana egiten. Ilusioa sumatu duzu inguruan?

Bai, ilusio handia. Nire lagunak eta familia ere badoaz. Irabazi egin nahi dugu, eta horretara goaz.

Zer esango zenieke zaleei?

Haien berotasuna behar dugula, eta animatzeko. Denok elkarrekin arituta gertu izango dugu titulua.

2021ean irabazi zuen azkenekoz Realak Kopako finala. Nola gogoratzen duzu egun hura?

14 urte nituen. Realean aritzen nintzen ordurako, 12 urterekin hasi bainintzen. Lagunekin joan nintzen autobusa agurtzera, eta, irabazi ondoren, baita harrera egitera ere. Ederra izan zen. Etxean ikusi nuen partida, familiakoekin.

Harrobiko jokalaria zinen orduan. Zure nahia zen egunen batean halakorik zelaian bizitzea?

Egia esan, 2021ean nire lagunekin autobusa agurtzen izan nintzenean, imajinaezina zen niretzat halako final bat jokatzeko aukera izatea. Oso pozik nago.

Zer esan nahi du zuretzat Realarekin final bat jokatzeak?

Dena. Denboraldi oso ona egiten ari gara: ondo ari gara ligan eta Kopan. Baina oraindik partida garrantzitsuena falta zaigu; ea irabazten dugun.

«Denboraldi oso ona egiten ari gara: ondo ari gara ligan eta Kopan. Baina oraindik partida garrantzitsuena falta zaigu; ea irabazten dugun»

Duela bi denboraldi debutatu zenuen lehen taldearekin, eta sasoi honetan, hamaikakoan tokia egin, eta dezente jokatzen ari zara. Zer moduz ikusten duzu zeure burua?

Ondo, ez nuen espero halako jauzia ematea. Pozik nago egiten ari naizen lanarekin. Partida asko jokatu ditut. Hala ere, oso gaztea naiz oraindik, eta badut zer hobetua. Lanean segitzeko gogoz nago.

Entrenatzaileen konfiantza izaten ari zara. Jokalari batentzat garrantzitsua da taldean inportantea sentitzea?

Bai, entrenatzaileen eta taldekideen konfiantza izateak laguntzen du. Zure maila onena lortzeko, ezinbestekoa da konfiantza izatea, eta uste dut lortzen ari naizela.

Gainera, Levanteren aurka zure lehen gola sartu zenuen, buruz.

Bai, bazen garaia [barrez]. Pozik nago, eta ea aurrerantzean gehiago sartzen ditudan.

Zubeldia, Caleta-Car eta hirurok ari zarete erdiko atzelari postuan. Zer moduz haiekin?

Oso gustura ari naiz biekin, baita Elustondorekin ere. Erdiko atzelariak gara, eta elkarrengandik oso gertu gaude beti, asko lagundu behar diogu elkarri. Harreman oso ona dugu.

19 urte baino ez dituzu. Nola daramazu elitean aritzea?

Nire bizitza dezente aldatu da, baina pertsona bera izaten jarraitzen dut. Betiko lekuan nago, betiko gauzak egiten. Lasaitasunez daramat.

Zure izena geroz eta gehiago aipatzen da... ardura edo presioa sumatu duzu?

Entzuten ditut iruzkinak, albisteak... eta badakit batzuek niregatik zenbait gauza espero dituztela. Presio puntu hori beti dago, baina lasai nago, eta lanean jarraituko dut.

2031ra arte duzu kontratua. Luzaroan egon nahi zenuke Realean?

Bai, hori da nire ametsa. Eta taldearekin titulu asko irabazi nahi nituzke.

«Pozik nago egiten ari naizen lanarekin. Partida asko jokatu ditut. Hala ere, oso gaztea naiz oraindik, eta badut zer hobetua. Lanean segitzeko gogoz nago»

Matarazzo iritsi zenetik askoz hobeto ari zarete. Zer eman dio taldeari?

Taldeko dinamikak oso garrantzitsuak dira. Dinamika negatibo batekin hasi genuen sasoia, eta horri buelta ematea zaila da. Orain, Rinorekin, dinamika positiboa izatea lortu dugu, eta gainera horri eusten ari gara. Konfiantza eman digu, eta motibazio handia.

Haren zer nabarmenduko zenuke?

Gauza asko. Oso gertukoa da jokalariekin. Pertsonalki, askotan hitz egin dut harekin, eta batzuetan nik eskatu gabe ere jotzen du nigana. Eskertzen dut hori.

Ikusita nola hasi zenuten sasoia, espero zenuten egoera hainbeste aldatzea?

Espero ez dakit, baina hori nahi genuen, eta lortzen ari gara.

Gainontzean, zer helburu dituzue?

Oraintxe, finala dugu buruan. Ligan zazpi partida geratzen zaizkigu, eta ea goiko postuetan bukatzea lortzen dugun.

Finala irabaziz gero, nola ospatu pentsatu duzu?

Egia esan, ez. Finala bukatutakoan esango dizut [barrez]. Baina ospakizun handia izango litzateke, hori denok dakigu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA