Liga amaitzeko sei jardunaldi falta direla, lau talde ari dira datorren sasoian Europako Liga jokatzeko aukera ematen duten hiru postuetako bat lortzeko borrokan: Athletic, Sevilla, Atletico Madril eta Espanyol, hurrenez hurren —Levanten ere hasi omen dira Europarekin amets egiten—. Lau taldeetako bat sari barik geratuko da. Kanpoan geratzen denarentzat kolpe gogorra izango da. «Athletic sailkatzen bada, berdin zait zer gertaten den gainerakoekin. Nik ez dut pentsatzen kanpoan geratuko garenik, baina hala gertatuz gero, kolpe itzela litzateke jokalari eta zaleentzat. Denbora asko daramagu saria lortzeko borrokatzen», aitortu zion BERRIAri Carlos Gurpegik.
Azken jardunaldia oso ona izan da zuri-gorrientzat. Athletic izan da lehian ari direnetatik irabazi duen bakarra. Sevillaren porrotari eta Espanyolek eta Atletico Madrilek banatu zituzten puntuei esker, bosgarren postua berreskuratu baitu. Hala ere, 18 puntu daude oraindik jokoan. Beraz, pentsatzekoa da gorabehera asko egongo dela sailkapenean.
Athleticen baikorrak eta ezkorrak aurki daitezke. Nafarroako Erresumako partida jokatu arte, %50ean aurki zitezkeen Athletic Europarako sailkatuko dela sinesten zutenak eta kontrakoa gertatuko zela pentsatzen zutenak. Osasunaren kontra irabazitako hiru puntuei esker, gehiago dira baikorrak. Hori bai, Realaren aurka emaitza ona eskuratu ezean, berriz ere parekatu egingo da baikorren eta ezkorren kopurua.
Dudak dituztenek Athletic egiten ari den jokoa aipatzen dute euren konfiantzarik ezaren arrazoi moduan. Zuri-gorrien jarraipena egiten duenak badaki taldea ez dagoela fin. Asko ari zaio kostatzen puntuak irabaztea —azken hamar partidetan hamar puntu eskuratu ditu—. Freskotasuna falta zaio. Batez ere, jokalari estrategikoen ekarpena botatzen du faltan: Javi Martinez, Susaeta, San Jose eta Llorente ez daude sasoiko. Lehenengo bien denboraldia oso txarra ari da izaten. Eurengandik espero dena baino askoz gutxiago ematen ari dira. Llorente ere ez da ligako lehen bi herenetako futbolari erabakigarria. Nekea nabari zaio, eta ingurukoek ere ez diote asko laguntzen. Hala ere, Ligako jokalari gehienak baino hobea denez, edozein neurketa erabakitzeko gai da.
Athleticen jokoa ez da ligako bosgarrenak izan beharko lukeena. Geratzen diren sei jardunaldietan hobetu ezean, litekeena da sailkapenean atzera egitea. Beraz, ezkorrek badute kezkatuta egoteko motiborik. Baina baita baikorrek botila erdi beteta ikusteko ere. Joaquin Caparros da talde horren bide erakuslea. Gustuko izan edo ez, entrenatzaile irabazlea da. Futbola emaitzak dira entrenatzailearentzat. Filosofia horrekin egin du teknikari gisa daraman bide luzea. «Utzi alde batera taldeak emandako itxura. Sailkapenari begiratu, lagun», esan zuen Nafarroako Erresumako prentsa aretoan, Athleticen jokoaz galdetu ziotenean. Bada, emaitzek diote Athletic Europarako txartela ematen duten postuetan dagoela. Horrek argi eta garbi erakusten du zuri-gorrien aurkari zuzenenak ere ez direla ari Athletic baino hobeto. Aukera asko ari dira galtzen talde guztiak.
Giltza, Espanyolen etxean
Caparrosen taldeek duten irabazle sena eta aurkarien ezinak ez ezik, denboraldion zazpigarren sailkatuak saria izango duela ere alde dute baikorrek. Bestalde, egutegia ere ona da. Lau lehiakideen artean elastiko zuri-gorria janzten duten talde biek dute biderik errazena. Athleticek maila beretsuko edo apalagoko taldeen aurrean neurtu beharko ditu indarrak. Goi mailako taldeen kontra ez bezala, kalitate gutxiagokoen kontra puntu asko irabazten ari da Athletic. Geratzen zaizkion sei kontrarioetatik Espanyol da ondoen sailkatua dagoena. Gainerako bostak sailkapenaren erditik behera daude. Beraz, Realaren aurkako derbian eta datorren astean Cornella el Praten jokatu beharreko partidan emaitza onak eskuratzeko gai bada, Europarako txartela eskuan izango luke. Espanyol baita, hasiera batean, kanpoan geratzeko aukera gehien duena. Mauricio Pochettinok zuzentzen duen taldeak indarra galdu du bigarren itzulian. Gainera, oztopo handiak aurkituko ditu azken txanpan. Goi mailako eta esperientzia handiko jokalariak dituzten Atletico Madrilek eta Sevillak, berriz, nekez egingo dute kale lehiaketako azken hilabetean.
Gurutzebide laua
Europako Ligarako sailkatzeko aurkariek baino egutegi hobea dauka AthleticekJokalariek bizkar gainean daramaten zama da kezka nagusia, talde zuri-gorria hainbestean ari baita azken partidetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu