Pasioz bizi du arrauna Markel Akarregik (Lekeitio, Bizkaia, 1987), eta ilusioz heldu dio erronka berriari: Isuntza taldeko entrenatzailea izango da hurrengo denboraldian, Osertz Aldai hondarribiarraren lekua hartuta. Etxea du Isuntza, eta hitzetan eta keinuetan nabari zaio gogotsu dagoela. Esker hitzak baino ez ditu.
Arraun ibilbide osoa egin duzu Isuntzan, eta, orain, gizonezkoen lehen taldeko entrenatzailea izango zara. Erronka da zuretzat?
Bai, oso handia. Segur aski kirol arloan eduki ahal dezakedan erronkarik handiena, baita ilusiorik handiena pizten didana ere.
Urte mordoxka bat egin dituzu ‘Lekittarra’ ontzian arraunean. Berezia da zuretzat etxeko taldea entrenatzea?
Oso. Pentsa: arraunlari aritzeaz gain, hamabost urtez gazteen entrenatzaile izan naiz. Jomugan nuen gauzarik handiena traineruko entrenatzaile izatea zen. Beti amestu dut horrekin. Baina, noski, oso zaila da.
Osertz Aldai ordezkatuko duzu. Balio handia eman zaio haren lanari. Ardura sumatzen duzu?
Bai, handia. Baina ardurari baino garrantzi handiagoa ematen diot ilusioari, baita jendeak transmititu didan konfiantzari ere.
Egin dituzu urte batzuk Aldairekin...
Bai, eta eskerrak eman behar dizkiot. 2015ean etorri zen, eta bederatzi denboraldi egin ditut harekin, guztiak uda honetakoa izan ezik. Beti ibili gara KAE ligan ondo, baina beherantz egiten hasi ginenean etorri zen Aldai, eta gure arraun ikuskera aldatu zuen. Arraun egiteko forma berri bat ekarri zigun, eta gaur egun horrekin segitzen dugu. Hurrengo urtean ere hala izango da.
Zer eman nahi zenioke taldeari?
Gustatuko litzaidake nortasun handia duen talde bat izatea, gure arraunketa oinarri hartuta. Futbolean talde batzuez esaten da estilo propioa dutela, ba, berdin. Ontziak kanpotik ezagut daitekeen estiloa izatea nahi nuke. Hala ere, arraunketan ez dugu gauza handirik aldatuko. Osertzek barrutik egiten zuen lana, eta nire asmoa da kanpotik egitea. Eta kanpotik egiteak ere ematen dizu trainerua ikusteko beste perspektiba bat; barrutik sentitu egiten duzu, eta kanpotik, ikusi.
Beheko mailetan aritu zara urte askoan entrenatzaile, baina lehen aldia izango duzu gorenean. Hala ere, ondo ezagutzen duzu kategoria, baita ontzia ere. Bertigoa ematen dizu? Konfiantzaz zaude?
Denetik pixka bat. Hasieran bertigoa ematen zidan. Baina, tira, gero ikusita traineruan dauden guztiak ezagutzen ditudala... Batzuek, beteranoak direnek, nirekin egin dute arraun. Eta gazteagoak direnen artean, batzuek nirekin arraun egin dute, eta beste gehienen entrenatzailea izan naiz. Hitz egin dudan guztiak ilusio handiz sumatu ditut, eta horrek lasaitasuna ematen dit; konfiantza handia transmititu didate.
Diferentea da lan egiteko modua beheko kategorietan eta lehen taldean?
Noski. Askotan pentsatzen da beheko kategorietako helburua txapelketak irabaztea dela. Baina, niretzat eta Isuntzarentzat, ez da hori: trainerurako arraunlariak prestatzea da. Eta, horretarako, prozesua desberdina da. Ez da arreta guztia txapelketak irabazteari begira jarri behar; helburua da arraunlariak trainerura heltzea. Eta traineruaren helburua da TKE ligan beste urtebetez egotea.
«Askotan pentsatzen da beheko kategorietako helburua txapelketak irabaztea dela. Baina, niretzat eta Isuntzarentzat, ez da hori: trainerurako arraunlariak prestatzea da»
Hasi zara hurrengo denboraldia prestatzen?
Bai. Gazte batzuk ere igoko dira, lau-edo.
Arraunlari gehienek segitzeko asmoa dute?
Printzipioz, bai.
Inportantea da zuzendaritzak etxeko baten alde apustu egin izana?
Bai. Uste dut erabakirik ausartena dela. Norbait kanpotik ekarrita, badirudi beti etxekoa baino hobea izango dela, edo errespetu handiagoa izango zaiola. Azken finean, ausartena da, bai, baina uste dut horrexek ere piztuko diola arraun taldeari ilusiorik handiena.
Uda honetan, lan kontuengatik, ez duzu arraun egin, eta, justu, aspaldiko partez Kontxarako sailkatu da taldea. Nola joan zen denboraldia?
Oso ondo. Udan ez, baina neguan aritu nintzen Osertzekin, entrenamenduetan-eta laguntzen. Denboraldi oso ona izan zen. Bilbon seigarren egin genuenean, esan nuen sasoiak itxura ona zuela. Eta Kontxan sartu ginenean... Urte askoan ez dut hainbeste negar egin.
Inbidia pasatu zenuen?
Ez, egia esan ez. Egundoko poza sentitu nuen.
Datorren denboraldian, beste rol batean bada ere, izango duzu aukera. Horren ametsa duzu?
Bai, baina urratsez urrats joan behar dugu. Liga dago lehenago. Kontxan egongo gara, seguru, baina sailkatze estropadako egunean. Hortik aurrera... Nahi nuke.
«Guk gure ontziak egiten duena kontrolatu dezakegu. Aurreko urtean baino azkarragoak izatea, hori da nire helburua»
Oso goiz da, baina, zein izango da helburua?
Gure helburua mailari eustea izango da. Behin lortuta, hortik gora datorren guztia ona litzateke. Geroz eta txikiagoa da seigarren postutik hamabigarrenera dagoen aldea. Aurten beste bi talde sartu dira: Santurtzi eta Chapela. Zurrumurruak daude multzoa indartzen ari direla. Detaile kontua izango da seigarren edo hamabigarren egin, eta, askotan, zorte kontua ere bai. Anbiziotsua naiz, baina errealista ere bai. Guk gure ontziak egiten duena kontrolatu dezakegu. Aurreko urtean baino azkarragoak izatea, hori da nire helburua.
Pasioz bizi duzu arrauna. Zer da zuretzat arrauna?
Pentsa, 11 urte nituenetik nabil arraunean. Niretzat bizitza ulertzeko modu bat da. Goraipatu nahi dut gure aurretik egon zen belaunaldi hori: haiekin hasi nintzen, eta haiek eta Josu Aboitiz orduko entrenatzaileak erakutsi zidaten nolakoa den bizitzeko modu hau. Gauza asko galtzen dira arraunlaria bazara: udako jaiak, udako bizitza... Haiek erakutsi zidaten nola jokatu. Eta badago eskerrak eman nahi dizkiodan beste pertsona bat ere: Jose Ignacio Altzibar, Sasio guretzat. 30 urte edo gehiago daramatza Isuntzako zodiakean. Beti dabil laguntzen. Klubean arraunlariok maite dugun pertsona bat badago, hura Sasio kapitaina da.
Geroz eta mutil gazte arraunlari gutxiago daude. Nola dago kontua Lekeition?
Hemen ere, zoritxarrez, hala da. Gazte kategorietan jende gehien kadeteetan aritzen da, 15-16 urterekin. Batxilergo eta unibertsitate garaian askok uzten dute, azken pausoa falta zaienean. Uste dut ikastetik badagoela asko, baina gehiago dela beste bizimodu bat bizi nahi izatea. Pena da.