Haizea dabil Zubietako zelai berrian. Klara Cahynova Realeko jokalaria (Zlin, Txekiar Errepublika, 1993) beste taldekide batzuekin azaldu da elkarrizketa saiora. «Goazen txoko horretara, haize honekin bestela ezingo duzu elkarrizketa ondo grabatu», esan dio kazetariari. Grabagailua piztu bezain laster, hitz egiten hasi da. Nabari da gustura dagoela bai taldearekin bai bere jardunarekin.
Datuei erreparatuta, egoera ezin hobean zaudete: 23 puntu dituzue, eta hirugarrenak zarete sailkapenean. Aldarte onean helduko diozue igandeko Athleticen aurkako derbiari, ezta?
Bai. Oso ondo gaude, eta bolada onean. Bartzelonaren aurka irabaztea berezia izan zen, eta oso zaila. Orain, oso gogotsu gaude igandean derbia jokatzeko. Partida berezia da, batez ere harrobiko jokalarientzat; kanpokoek ere nabari dugu ilusio eta gogo hori. Gainera, Anoetan jokatzen dugu, eta horrek ere berezi egiten du. Zale asko biltzea espero dugu. Oso gustuko dut estadio handietan jokatzea.
Athleticek ez du denboraldia nahi bezala hasi. Hala ere, aurreko jardunaldian sasoiko lehen garaipena lortu zuen. Zer tankera hartzen diozu norgehiagokari?
Derbiak diferenteak izaten dira, eta boladak eta sasoiak ez dira erabakigarriak izaten. Athletici, guri bezala, baloiaren jabe izatea gustatzen zaio. Beraz, hala izan ez dadin lortu behar dugu, eta daukatenean deseroso egotea. Gainera, gertutik zaindu behar ditugu bi jokalari: Maite Zubieta eta Sara Ortega. Zubieta taldearen euskarria da, eta Sarak talentu handia du buruz buruko jokaldietan. Hain zuzen ere, halako jokaldietan sendo jardun behar dugu. Derbietan asko izaten dira. Aurreko jardunaldian, Espanyolen kontra, ez ginen ondo aritu arlo horretan, sufritu egin genuen. Oldarkorrago aritzea falta izan zitzaigun, eta horretan hobetu behar dugu. Neurketaren une erabakigarriak ondo kudeatzen ere asmatu behar dugu. Askotan detaile txikiek zehazten dituzte halako partidak.
Sevillan aritu zinenean Betisen aurka jokatu zenituen derbiak. Oso desberdinak dira, ezta?
Erabat. Han elkarren artean ez dira ondo moldatzen. Hemen, berriz, giroa ederra da, eta errespetu handia dago. Oso gustuko dut.
Denboraldiari bikain ekin diozue. Zeintzuk dira horren ondo hasteko arrazoiak?
Baloia dugunean oso ondo ari gara, eta horrek erasoan zein defentsan laguntzen digu. Erasoan, modua ematen digu aukera gehiago sortzeko gola sartzeko, eta defentsan, baloia galtzen dugunean, ondo kokatuta egoteko. Horretan aurrerapausoak eman ditugu sasoi hasieratik. Baloia atzetik ateratzeko ere oso ondo ari gara moldatzen. Julia [Arrula, atezaina] oso trebea da baloia hanketan duenean, eta horrek asko laguntzen digu. Guretzat hori funtsezkoa da. Gainera, aurrean, ligako aurrelari erabakigarrienetako bat daukagu: Edna [Imade]. Noiznahi sartzen du gola. Bestalde, uste dut egunerokoan bikain ari garela lanean.
Andreia Jacintok aurrekoan zera esan zuen: gozatzen ari zaretela zelaian. Zuk ere hala sentitzen duzu?
Bai. Arturok [Ruiz, entrenatzailea] konfiantza handia eman digu jokalari guztioi. Uste osoa du gugan, eta partida bakoitzerako prestatzen duen plana oinarri hartuta, aske jokatzen uzten digu. Gainera, oso giro ona dugu gure artean. Kalitate handia duten jokalariak etorri dira, baina batez ere pertsona onak. Beti gaude elkarri laguntzeko prest, zelaian zein zelaitik kanpo.
«Gogotsu gaude igandean derbia jokatzeko. Partida berezia da, batez ere harrobiko jokalarientzat; kanpokoek ere nabari dugu ilusio eta gogo hori»
Hainbat jokalari egon dira min hartuta: Nerea Eizagirre, Arola Aparicio, Edna Imade, Nahia Aparicio, Lucia Pardo... Hala ere, taldeak ez du hori antzeman.
Hala da, eta horrek erakusten du denak prest gaudela jokatzeko. Denak ari gara izaten aukera jokatzeko eta garrantzitsu izateko. Gainera, denak pozten gara horregatik. Talde handia eta osoa daukagu, eta hori garrantzitsua da.
Taldea gai izan da bere jokatzeko era ezartzeko, baina baita aurkariarenera egokitzeko ere. Hala egin zenuten Bartzelonaren aurka, adibidez.
Bai, eta uste dut hori dela taldeak duen indarguneetako bat. Oso garrantzitsua da, gainera. Partida batzuetan gai gara gure jokatzeko modua ezartzeko, baina beste batzuetan kosta egiten zaigu. Halakoetan ezin da burua galdu, deseroso jokatzen eta aurkariaren jokatzeko erara egokitzen ere jakin behar da.
Zuk minutuak pilatzen segitzen duzu. Gainera, aurreko igandean partida bikaina jokatu zenuen Espanyolen aurka, eta gola ere sartu zenuen. Nola zaude?
Ni oso pozik eta gustura nago. Ondo ikusten dut neure burua, eta Arturok nigan konfiantza duela sumatzen dut. Hala jarraitu nahi dut, eta gozatu. Gainera, alboan ditudan jokalariekin jokatzea oso erraza da. Paulak [Fernandez] sekulako kalitatea du baloiarekin, eta asko ematen digu. Andreiarekin [Jacinto] jokatzea ere oso erraza da. Nik egin behar dudan bakarra buruz burukoak irabazi eta baloiak lapurtzea da.
Gustura al zaude Donostian?
Bai. Andoainen bizi naiz, baina taldekideekin maiz joaten naiz Donostiara. Hondartza inguruan plan asko egiten ditugu, itsasoa oso gustuko dugulako. Familia ere askotan etortzen zait bisitan. Lasai eta gustura nago hemen.