Gutxienez, lehiakor izan

Irabazi ala galdu, Athleticek ezin du gaur Valentziaren aurka Sevillan erakutsitako joko makala errepikatu.Nunoren aginduetara, galdutako tokia berreskuratzen ari da aurkaria

Gutxienez, lehiakor izan.
haritz gallastegi
Bilbo
2015eko apirilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sevillaren kontrako norgehiagokak aho zapore txarra utzi du jarraitzaile zuri-gorrien artean. Bost garaipeneko bolada ikusgarriaren ostean, azterketa gogorra zuen Athleticek, baina ez zen erronka gainditzeko gai izan. Porrotak baino askoz min handiagoa egin zuen galtzeko erak. Talde zuri-gorriak ez zuen lehiatu. Oker hasi zuen neurketa, eta, gero, ez zen txarto egindakoa zuzentzeko kapaz izan.

Faktore askok baldintzatu zuten Athleticen jokoa: beroak ez zion mesederik egin; aspaldi ikusi gabeko banakako akatsak egon ziren; etenaldien ostean txapelketari behar den moduan heltzea kosta egiten dela uste izango du batek baino gehiagok; eta, nola ez, Sevillaren maila ere ezin da alde batera utzi. Bere etxean 31 partida galdu barik dagoen taldeak derrigorrez izan behar ditu dohain asko. Hala ere, ez dute Athleticek egindako lan eskasa justifikatzen.

Itxuraldaketa eskatzen du zuri-gorrien jokoak. Ezin da Sevillaren aurkakoa errepikatu. Athletici inork ez dio eskatzen txapelketako bospasei talde onenei irabaztea. Azken urteotan ohikoagoa izan da galtzea garaipena lortzea baino. Hala ere, ez lehiatu gabe. Zaleek barkatzen ez duten gauza bakarra da jokalariak epel aritzea. Athleticeko futbolarien profesionaltasuna ezbaian jartzerik ez dago, baina gutxi batzuetan ez dira behar den moduan aritzen. Eta horrelakoetan ezinbestekoa da Jupp Heynckesek famatu egin zuen esaldia gogoraraztea: «Athletic 1 Formulan lehiatzen ari den Volkswagena da». Beste era batean esanda, bete-betean aritu ezean, nekez hartuko dituela mendean aurkariak. Honez gero, futbolariek ere jakingo dute zein akats egin zituzten azken partidan. Bada, Valentziaren kontra bide beretik jarraituz gero, ez da irabazteko aukerarik izango.

Anbizio handiko talde bik neurtuko dituzte indarrak gaur San Mamesen. Athletic zazpigarren postuarekin amets egiten ari da, eta, kontuan izanda Malagak sei puntuko aldea duela, gose handia behar da sasoiaren azken txanpan sartuta Europako txartela bermatuko dion postua lortzeko ahalegina egiteko —Javi Graciaren taldeak galdu egin zuen herenegun Eibarren, eta horrek indarra emango die lehoiei—. Aurrean, berriz, hirugarren postuari eutsi gura dion talde indartsua egongo da. Valentzia ondo ari da. Peter Limek klubarenaginte makila hartu zuenetik, dirua sartu da klubean, eta jakinekoa da jokalari onak fitxatuz gero errazagoa dela irabaztea. Horrez gain, denboraldion Europan lehiatzeko aukerarik ez duenez, Nunok aukera dauka aste barruan partidak behar den moduan prestatzeko. Bada, hori guztia batuz gero, Atletico Madrili aurre egin, eta datorren sasoian atarikorik jokatu barik Txapeldunen Ligan aritzeko hirugarren postua lortzeko ari da borrokan. Bada zerbait.

Bi taldeek hutsune garrantzitsuak izango dituzte gaur. Athleticen Laporte eta Muniain faltako dira. Frantziarrak partida bateko zigorra bete beharko, eta nafarraren lesio larria kolpe itzela izan da taldearentzat. «Hutsune garrantzitsuegia da», aitortu zuen atzo Ernesto Valverdek. Horrez gain, Iturraspe ere min hartuta dago. Valentzian, ez dira ariko ez Gaya, ez Parejo eta ezta Enzo Perez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.