Donostiar petoa izaki, egun bereziak igaro ditu aste honetan Joseba Zalduak (Donostia, 1992). Txikitatik gustatu izan zaio danbor hotsetatik hurbil egotea, eta urtero gozatzen du San Sebastian egunean. «Ikastolarekin [Axular Lizeoan ikasi zuen] danborra jotzera ateratzean emozio handia sentitzen nuen umea nintzela. Gero, San Sebastian bezperan gauez ateratzen ginen». Aurten ez. Aurten nahiago izan du parrandatik urrun egon, eta hiritik paseo bat ematearekin konformatu. «Reala dagoen moduan, ez daukagu parrandarako motibo handirik», azaldu du. Halere, aitortu du Eusebio Sacristanen etorrerak mesede egin diola talde txuri-urdinari eta bide onean sarturik dagoela. «Partidak irabazten hastea falta zaigu». Pertsonalki, une zailak pasatu ditu aspaldian, lesio bat dela kausa, zelaietatik at egon delako. Gaur joka dezake berriz hasieratik, Molinonen, Sportingen aurka. Izan ere, Carlos Martinez min hartuta dago, eta badirudi Aritz Elustondok Iñigo Martinezen alboan jarraituko duela jokatzen, defentsaren erdian.
Lesiotik osatu al zara jada?
Bai. Jokatzeko prest nago, eta ilusioz gainezka. Denboraldi hasieratik mina izan dut pubisean. Behin baino gehiagotan uste izan dudan arren gaindituta nuela lesioa, berriro mina azaltzen zitzaidan, eta kalbarioa igaro behar izan dut. Ligako lehen partida jokatu nuen, eta 8, 9 eta 10. jardunaldietan ere jokatu nuen. Gainerakoan, ez dut ia jokatu —minutu bakar batez aritu zen Valentziaren aurka duela bi aste—, min hartuta nengoelako edo entrenatzaileak ez ninduelako aintzat hartzen. Azkenean, uste dut erabat errekuperatuta nagoela jada; jokatzeko prest nago. Normaltasun osoz entrenatzen aritu naiz azken hiru asteotan, eta pozik nago.
Ematen du gaur hasieratik jokatzeko aukera asko duzula. Eusebiok zerbait esan al dizu?
Ez. Beti partidaren egun berean esaten digu nortzuk jokatuko duten hasieratik. Gehienetan goizez ematen du zerrenda. Itxaronaldia luze egin zait, eta sekulako gogoa daukat berriz ere zelaian egoteko. Halere, jokatu edo ez nire esku ez dago. Entrenatzaileak dauka azken hitza. Eguneroko lanean gogor saiatu naiz ni, eta horixe da egin dezakedan onena. Sportingen aurka jokatzen ez badut, buruari ez dizkiot buelta gehiegi emango. Halere, pozgarria litzateke jokatzea. Eusebiok badaki ni prest nagoela, eta aukerari itxarotea tokatuko zait.
Oso gutxi jokatu duzu denboraldi honetan. Zaila izango da tokia berreskuratzea.
Halaxe da. Azken partidetan, aulkian edo deialdietatik kanpo egotea egokitu zait. Taldean postu guztiak ondo beteta daude. Lehiakortasun handia dago, eta nire postuan are gehiago. Hori ona da, norbera daukan onena ematera derrigortuta dagoelako. Guztion helburua da hasieratik jokatzea, eta nik lan gogor egiten dut hori lortzeko.
Indartsu iritsi zinen lehen taldera, baina itzalpean egon zara azken hilabeteotan. Nola eraman duzu aldaketa?
Futbolaren alde iluna ezagutu dut. Esaten da halakoetan hobea bihurtzen dela jokalari bat, gauza asko ikasten dituelako, eta hala izatea espero dut. Futbolari batentzat okerrena da min hartuta egotea, eta sufritu egin dut. Kosta egiten da aurrera egitea. Familia eta neska-laguna ondoan izan ditut, eta eskerrak. Orain, prest nago berriz. Maiatza urrun dago, eta ligaren bigarren itzulia bestelakoa izatea espero dut. Partida asko geratzen dira, eta joan den urteko irailera arte bezala, nire onena eman nahi dut. Guztiek ezagutzen duten Zaldua izan nahi dut, edo hobea.
Min hartuta zinela entrenatzailea aldatu zuen Realak. Horren ondorioz, ezin izan diozu Eusebiori zure berri eman. Gogorra al da hori?
Gogorra ez dakit, baina inpotentzia moduko bat sentitzea normala da. Aurreko denboraldian ere gauza bera gertatu zitzaidan. David Moyes etorri zenean, lesionatuta nengoen. Entrenatzaile berri bat fitxatzean, hutsetik abiatzen gara jokalari guztiak, eta gure onena ematen saiatzen gara, minutuak izateko. Nik ez dut horretarako aukerarik izan, baina uste dut Eusebiok ongi ezagutuko gaituela guztiok, eta gure dohainen berri edukiko duela.
Aurrez aurre hitz egin al duzu berarekin?
Bai, bizpahiru aldiz bai. Baina ez nirekin, jokalari guztiekin biltzen da entrenatzailea. Asko eskertzen dugu haren hurbiltasuna. Esaten dit normala dela futbol gosez egotea, baina lasai hartzeko kontua, hamaikakoan tokia edukitzeko ondo entrenatzea dela lehen baldintza, eta horretan saiatzeko. Nik hitza betetzen dut.
Nolako entrenatzailea da?
Oso gertukoa. Aldaketa dezentea izan dugu. Hizkuntzaren oztopoak zirela eta, Moyesekin ez zen erraza komunikatzea. Uste dut zuzendaritzaren nahia zela entrenatzaile hurbilago bat ekartzea, eta asmatu egin du. Edozein arazo badugu ere, badakigu haren bulegoko atea irekita daukagula, eta harreman ona dauka jokalariekin. Gure funtzionatzeko erara arazorik gabe egokitu da, eta orain guk egokitu behar dugu haren futbol pentsaerara. Oraingoz, uste dut entrenatzaile aldaketa fruituak ematen ari dela.
David Moyesen aldeko proiektuak sinesgarritasun gutxi zuen jada. Ados zaude?
Guztiz ados. Ez dakit zergatik ez zuen funtzionatu proiektuak, baina futbolean halakoak gertatzen dira. Pena handiarekin agurtu gintuen Moyesek, baina ikusten zen une hori iristeko aukera handiak zeudela. Heldu zen momentu bat non taldeak ez zuen ez aurrera ez atzera egiten. Etenda zegoen, konfiantzarik gabe, eta aldaketa beharrezkoa zen. Sailkapenean gaizki kokatuta geunden, eta egoerari buelta ematen hasteko beste zerbait behar genuen. Eusebiok baikortasuna ekarri digu, eta pozik ari gara lanean. Bide onean gaude.
Realak zertan egin du hobera?
Orain oso garbi daukagu zertan jokatu nahi dugun. Bizi dago taldea, eta goraka doa. Intentsitatez jokatzen dugu, presioa goian eginez eta baloia mugituz. Sinesten dugu jokatzeko era horretan. Eusebiorekin izan ditugun partida ia guztietan ondo jokatu dugu, baina merezi adina puntu ez ditugu eskuratu. Futbolean golek agintzen dute. Baina badakigu ongi ari garela lanean. Gauza asko hobetu behar ditugu, baina gutxienez bide onean sartuta gaude. Norabide berean kokatuta gaude jokalari guztiok.
Hori ere izan daiteke hobekuntzaren arrazoietako bat: jokalarion jarrera. Alegia, Eusebiorengan gehiago sinesten duzuela. Zer diozu?
Futbolari batek beti ematen du daukan onena zelaira ateratzean. Ez dut uste jarrera kontua denik. Orain, lehen baino lan talde sendoagoa egiten dugu, konfiantza irabazi dugu, eta horregatik ari gara hobeto jokatzen. Konfiantzak asko balio du futbolean, eta pixkana-pixkana ari gara hori berreskuratzen. Giro ona daukagu taldekideon artean, eta badakigu Reala askorako gai dela.
Gaitasuna ez da aski, ordea.
Ez. Begira, inoizko talderik garestiena du Realak, eta ez gabiltza ondo. Gaitasunak eta diruak ez dute ezer bermatzen. Badakigu sailkapenean ongi kokatuta egoteko gai garela, baina zelaian erakutsi behar da hori. Jokalari guztiok mailarik onena lortzen badugu, askorako gai izango gara, eta eguneroko lana da sekretua. Zentratuta gaude horretan.
Zer moduz ikusten duzu Carlos Vela? Ez dabil bere onenean, etaalbiste askok Realetik at jartzen dute sasoi honen amaieran.
Asko hitz egin da haren kasuaz, baina kontua da gurekin daukagula. Gero eta hobeto ikusten ari naiz, eta ederki ari da entrenatzen. Gainera, baikortasuna zabaltzen du taldekideen artean. Giro ona kutsatzen duen horietakoa da. Aurkariak desorekatzeko gure jokalaririk onena da, eta guztion artean lagundu behar diogu bere onena eman dezan. Nik askotan jokatu dut berarekin hegal berean, eta jokalari aparta da. Abiadura bizikoa eta golak egiten dituena, gainera. Hobetzen ari da, eta laster helduko da bere onena.
Gaur-gaurkoz, zein da Realaren helburu nagusia denboraldi honetarako?
Europa aipatzeak ez luke ez hanka eta ez buru. Partidaz partida joan behar dugu, eta hobetzen jarraitu. Halere, nire ustez, gure xedeak izan behar luke zaleei merezi dutena ematea. Azken urte eta erdi honetan gehiegi sufritu dute, taldeak ez duelako daukan erdirik ere eman. Garaipenak eta joko ona eman behar dizkiegu.
Nolako partida espero duzu Sportingen aurka?
Zaila izango da, hori seguru. Egoera latza du Sportingek, eta hiru puntuen bila zelairatuko da hasieratik, itsu-itsuan. Pazientziaz jokatu beharko dugu, eta aukeraren zain egon. Gurea ematen badugu, irabazteko aukera asko izango dugu.
Joseba Zaldua. Realeko jokalaria
«Guztiek ezagutzen duten Zaldua izan nahi dut berriz, edo hobea»
Azken bi hilabete eta erdian minutu bakarrean jokatu du, orain bi aste, Valentziaren aurka. Gaur, ordea, baliteke hasieratik jokatzea Gijonen. Futbolaren «alde iluna» ezagutu ostean, gozatu egin nahi du orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu