Gaztea da Lysa Tchaptchet (Yaunde, Kamerun, 2001), baina eskarmentu handiko jokalaria da dagoeneko, eta erreferentea askorentzat. Euskarri nafarrak bi aldiz irabazi du Txapeldunen Liga, eta hirugarrena nahi du. Oraingo honetan, Danimarkako Odense taldearekin lortu nahi du. Badaki ez dela erraza izango, baina argi esan du: «Honetara ezkero, edozer gerta liteke». Bi urrats falta zaizkie, eta bihar egin nahi dute aurrenekoa. Tituluak irabazten segitzeko gosea du. Finalaren atarian, patxadaz eta irmo hitz egin du.
Txapeldunen Ligako Lauko Finaleko lehen partida jokatuko duzue bihar, Frantziako Metz taldearen kontra. Nola zaudete?
Oso pozik gaude. Kluba lauko finalerako sailkatzen den lehen aldia da; gogor egin dugu lan hemen egoteko. Beste urte batzuetan, sailkatzeko atarian geratu da taldea, baina aurten lortu dugu, eta oso gustura gaude. Eta partida, ba, ahal izan dugun moduan prestatu dugu. Hilabete honetan partida asko jokatu ditugu, baina hori da dagoena. Aste honetan lan egin dugu asteburuko partida prestatzeko: kontzentratuta egon behar dugu, eta, batez ere, mentalki prest. Hona iritsita, garrantzi handia dute azken detaileek eta presioari aurre ondo egiteak.
Garrantzitsua izango da urduritasuna ondo kudeatzea?
Bai. Faktore erabakigarria izan daiteke. Egia da Metzek urte asko daramatzala halako partidak jokatzen; sarri aritu dira finalean. Baina oso talde ona dugu, oso kontzentratuta gaude, eta guk nahi dugun tokira eraman dezakegu partida. Baina, berriro diot, lan asko egin beharko dugu neurketa osoan.
Non egon daiteke irabazteko gakoa?
Bi taldeek badugu antzik. Oso talde gaztea gara, eta korrika asko egiten dugu kantxan. Hori alde edo kontra izan dezakegu. Irabazteko, batez ere defentsan sendo egon beharko dugu, hasi eta buka.
Beste partida Gyorik (Hungaria) eta Esbjergek (Danimarka) jokatuko dute. Ze tankera hartzen diozu?
Esperientzia handia dute bi taldeek, eta oso indartsuak dira. Egia da guk Esbjergen kontra partida asko jokatu ditugula sasoi honetan, ligan ere gure aurkariak direlako. Partida interesgarria izango dela uste dut, eta polita zaleentzat. Honetara ezkero, edozer gerta liteke.
Danimarkako bi talde zaudete lauko finalean. Maila handia dagoen seinale, ezta?
Guztiz. Danimarkako liga indartsuenetako bat da. Harro gaude Danimarkako bi talde daudelako, eta ea bietako batek lortzen duen titulua; ondo legoke.
Zer talde uste duzu dela irabazteko faboritoa?
Guztiok dugu irabazteko aukera, eta denok merezi dugu. Baina Gyorik etxean jokatuko du, eta beti dira faboritoak. Presioa izango dute, baina, etxean jokatzen dutenez, haiek joko nituzke faboritotzat.
Talde historikoa da, gainera; esperientzia du, eta palmares betea.
Hala da, bai.
«Metzek urte asko daramatza halako partidak jokatzen; sarri aritu dira finalean. Baina oso talde ona dugu, oso kontzentratuta gaude, eta guk nahi dugun tokira eraman dezakegu partida»
Bi aldiz irabazi duzu zuk ere Txapeldunen Liga, Norvegiako Vipers taldearekin, 2021-2022ko eta 2022-2023ko denboraldietan. Nola oroitzen dituzu urte horiek?
Norvegiako denboraldiak oso bereziak izan dira niretzat: beti gogoratuko ditut maitasun handiz. Asko disfrutatu nuen herrian eta taldearekin, eta, gainera, titulu handiak irabazi genituen. Ea urte haietan izandako zorte bera dudan orain Odenserekin.
Zure kirol ibilbidean urrats handia izan zen Norvegiara joatea, ezta?
Bai. Hara joatea mugarria izan zen. Oroitzapen oso ona dut. Niretzat bigarren etxea da; orain ere bai.
Taldea desagertu egin da dirurik ez zuelako, eta Odensek fitxatu zintuen sasoi honetarako. Zure lehen denboraldia da Danimarkan, baina ondo egokitu zara. Nola zaude?
Aldaketa izan da. Vipersek porrot egin zuela adierazi aurretik fitxatu ninduen Odensek, baina aldaketa izan da. Biak Eskandinaviako herrialdeak izan arren, taldea berria da niretzat, eta egokitu egin behar duzu. Pixkanaka joan naiz, eta oso gustura nago orain, geroz eta erosoago. Hori da garrantzitsuena.
Alde handia dago liga batetik bestera?
Baietz esango nuke. Danimarkako ligan dago Esbjerg, haiek ere lauko finalean daude; hor dago Ikast ere, Txapeldunen Ligako taldea, eta baita Nykobing ere. Aldea dago; hemen bete-betean prest egon behar duzu beti.
Vipersen bezala, Odensen ere hogei zenbakia daramazu elastikoan.
Bai, beti. Aukeratu nuenean ez nion garrantzirik eman, baina ondo joan zait; beraz, ahal dudan arte zenbaki horrekin segituko dut.
Bi aste gogor dituzue jarraian. Asteburu honetan Txapeldunen Ligako Lauko Finala jokatuko duzue, eta hurrengoan, ligako finala. Gogotsu eta prest zaudete?
Liga hemen oso indartsua da. Txapeldunen Ligako Lauko Finala jokatu, eta handik hiru-lau egunera ligako finala jokatzeko kontzentratuta egon beharko dugu. Eta Esbjerg izango dugu aurkari, gainera; izugarrizko maila dute. Oso azkar jarri beharko dugu arreta beste toki batean; hau da, ligan. Batean eta bestean egon behar dugu, eta datorren asteko tituluan ere pentsatu. Hala ere, orain asteburu honetan jarri behar dugu arreta osoa. Hori da gertuen duguna.
«Oraindik ez dut goia jo, inondik ere ez. Oso gaztea naiz. Esperientzia dut, baina hazten, ikasten eta tituluak irabazten jarraitu nahi dut»
Zure ahizpak Bera Beran jokatzen du. Ligako titulua irabazteko finala jokatzen ari dira oraintxe, Elxen aurka, eta Europan ere ondo aritu dira. Hitz egin duzu harekin? Nola ikusten dituzu hura eta taldea?
Harreman estua dugu. Oso pozik nago nire ahizpagatik eta Bera Beragatik; titulu asko ari dira lortzen. Espero dut bi garaipen eskuratu eta urtea aho zapore onarekin bukatzea; beste titulu bat irabazita eta ligako txapeldun izanda.
Familiatik datorkizue eskubaloirako zaletasuna?
Probatze aldera hasi ginen, baina, azkenean, familia osoa katigatu dugu, eta oso pozik gaude. Nire osaba bat Kamerunetik etorriko da lauko finala ikustera.
23 urte baino ez dituzu, baina eskarmentu handia duzu. Hazten segitu nahiko zenuke?
Noski. Oraindik ez dut goia jo, inondik ere ez. Oso gaztea naiz. Esperientzia dut, baina hazten, ikasten eta tituluak irabazten jarraitu nahi dut.