Igandean hasi eta astebetez jokatuko da Yorkshiren (Ingalaterra) Munduko Txirrindularitza Txapelketa. Euskal Herriko hamahiru txirrindulari ariko dira, guztiak Espainiako selekzioarekin: elite mailan, Imanol Erbiti, Gorka eta Ion Izagirre, Jonathan Castroviejo, Eider Merino, Lourdes Oiarbide eta Ane Santesteban; 23 urtez azpikoan, Iñigo Elosegi eta Xabier Mikel Azparren; eta junior mailan, Igor Arrieta, Amaia Lartitegi, Naia Amondarain eta Irati Puigdefabregas.
Lehia igandean hasiko da, eta estreinakoz txandakako erlojupeko misto bat jokatuko dute: hiru gizon eta hiru emakume ariko dira erreleboka. Castroviejok eta Oiarbidek hartuko dute parte. Proba nagusiak, berriz, datorren astean jokatuko dituzte, bi erlojupekoak eta bi errepidekoak.