Edurne Pasabanek (Tolosa, 1973) munduko hamalau zortzimilakoak baditu dagoeneko. Gaur lortu du hamalaugarrena: Shisha Pangma (8.027 metro). Euskal Herrian 7:30ak eta han 11:30ak zirela heldu da tontorrera; besteak beste, Alex Txikon eta Asier Izagirre euskal mendizale eta Al Filo de lo Imposible Espainiako telebista saioko taldekideekin -Juanra Madariaga ere heldu da, beste espedizio batean-. Ondo daudela adierazi dute.
"Guztiei eskerrak" eman dizkie tolosar mendizaleak, "baita bidean geratu diren denei ere".
Munduko hamalau mendirik handienak igotzen bigarren emakumezkoa da, hala, Pasaban. Oh Eun-Sun hegokorearrak joan den apirilaren 27an erdietsi zuen, Annapurnako gaina zapalduta. Haren lehen zortzimilakoa 1997an iritsi zen: Gasherbrum II.
21. mendizalea izan zen Oh Eun-Sun hamalau zortzimilakoak igotzen, eta lehenengo emakumea. Marka hori lortzen aurrena Reinhold Messner izan zen, duela 24 urte. Aurreneko euskal herritarra, Juanito Oiarzabal, 1999n.
Pasaban-eta bart hirugarren kanpamendutik abiatu dira eta zazpi bat orduko bidea izan dute goraino iristeko. Lehen ere saiatuta zegoen Shisha Pangman, lau aldiz.
8:50erako mendiko lepora jaitsi dira, parterik zailena eginda, eta geroago iritsi dira hirugarren kanpamendura (7.300 metro). Hor trasteak hartu eta behera jaisten segitzea erabaki dute; baliteke gaur bertan ailegatzea beheko kanpalekura.
Pasabanen zortzimilakoak
- Everest (8.848 metro). 2001eko maiatzaren 23an.
- Makalu (8.465). 2002ko maiatzaren 16an.
- Cho Oyu (8.201). 2002ko urriaren 5ean.
- Lhotse (8.516). 2003ko maiatzaren 26an.
- Gasherbrum II (8.035). 2003ko uztailaren 19an.
- Gasherbrum I (8.068). 2003ko uztailaren 26an.
- K2 (8.611). 2004ko uztailaren 26an.
- Nanga Parbat (8.125). 2005eko uztailaren 20an.
- Broad Peak (8.047). 2007ko uztailaren 12an.
- Dhaulagiri (8.167). 2008ko maiatzaren 1ean.
- Manaslu (8.156). 2008ko urriaren 5ean.
- Kangchenjunga (8.586). 2009ko maiatzaren 18an.
- Annapurna (8.091). 2010eko apirilaren 17an.
- Shisha Pangma (8.027). Gaur.
mendia
Hamalaugarren zortzimilakoa lortu du Edurne Pasabanek
Euskal Herrian 7:30ak zirela heldu da Shisha Pangmara, eta martxa onean doaz behera. Munduko hamalau mendirik handienak igotzen bigarren emakumezkoa da. Aurreneko zortzimilakoa 2001eko maiatzean igo zuen: Everest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu