Golak. 1-0. Mikelek b.a. (2. min.). 2-0. Griezmannek (10. min.). Epailea. Undiano Mallenco. Txartel horiak: Atletico Madrileko Arda Turani. Bestelakoak. 40.238 ikusle inguru Vicente Calderonen.
Gaizki hasten dena gaizki bukatzen dela esan ohi da. Eta hala izango da. Realaren kasuan behintzat esaera goitik behera bete zen atzo Vicente Calderonen. Partidako lehen hamar minutuak betetzerako 2-0 ziren atzetik txuri-urdinak, eta gerora ez zuten zereginik izan Atletico Madrilen sendotasunaren kontra. Egiari zor, etxetik kanpo aspaldi jokaturiko minuturik onenak jokatu zituen Realak une askotan, baina alferrik. Betiko gabeziak agertu zituen: presioa ondo egiteko zailtasunak izan zituen, baloi geldian hamaika arazo ere bai, gol aukerak sortzen ere antzu ibili zen... Hitz batean, kasta azaldu eta oldarkorrago jokatzea falta izan zitzaion. Horregatik, inolako arazorik gabe nagusitu zen etxeko taldea.
Lehen minututik bertatik jakin ahal izan zuten donostiarrek zein zelaitan jokatzen ari ziren. Besteak beste, Atletico Madril oso indartsu zelairatu baitzen. Epaileak hasierako txistua jo eta berehala, Arda Turanek zutoinera jaurti zuen baloia. Hurrengo jokaldian, berriz, Kokek kornerra atera eta Mikel Gonzalezek bere atean sartu zuen baloia. Bigarren minutua zen. Rulli atzean zain bazeukan ere, arrasatearrak hanka sartu zuen. Denbora asko geldirik eman ondoren, ez zuen partida hasiera ederra egin erdiko atzelariak. Bada, okerrena iristeko zegoen, 10. minutuan bigarrena egin baitzuen Griezmannek. Kokeren jaurtiketa gaizki urrundu zuen Rullik, eta aldaratzean ez zuen barkatu Realeko jokalari ohiak. Denboraldiko hamaseigarren gola egin zuen.
Kasik guztia erabakita utzi zuen 2-0ekoak. Atletico Madrilek berak ere lasaiago jokatu zuen atsedenaldia bitarte. Horren ondorioz, Realak baloia gehiago izan zuen hanketan, eta hiruzpalau gol aukera ere sortu zituen. Chory Castro izan zen protagonista. Ordea, guztietan Oblakekin egin zuen topo. Partida hasiera eskasak pisu handiegia izan zuen Realarentzat, eta, gerora suspertu arren, ez zen gauza izan gol bakar bat egiteko.
Aurkariaren erritmoan
Bada, bigarren zatiaren hasierak ere lehengo lepotik izan zuen burua. Atletico Madrilek kontrolpean izan zuen lehia, eta hark nahi izandako erritmoa nagusitu zen zelaian. Reala ongi kokatuta egon zen, baina gatza eta piperra falta izan zitzaion erasoan. Hain zuzen ere, golaren itxaropenez edo, 75. minutuan bi aurrelari zelairatu zituen David Moyesek: Agirretxe eta Finbogasson. Aldaketek ez zioten fruiturik eman, baina. Ikusten zen golen bat sartuz gero berriro partidan sartzeko aukera zutela txuri-urdinek, baina helburu horretatik urrun geratu ziren. Oso urrun.
Hala, lehen ezinezko bazuten ere, orain are ezinezkoago dute Europarako sailkatzea. Zortzi jardunaldi falta dira liga amaitzeko, eta ahalik eta sentsazio onenekin bukatzea da orain xede nagusia.
AT. MADRIL. 2. REALA. 0
Hamar minutuko lehia
Ohartzerako bi gol jasota, Realak galdu egin du Atletico Madrilen zelaian.Europari agur esanda, liga duin amaitu nahi dute txuri-urdinek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu