Itzuliko hemeroteka. Duela 28 urte

Hamarkadako lehen euskal garaipena

Etxaberen garaipena 'Euskaldunon Egunkaria'-n (1993-IV-7). BERRIA
mikel rodriguez
2021eko apirilaren 2a
21:21
Entzun

Euskal Herriko 33. Itzuliak bigarren etapa bete zuen gaur 28 urte, Errenteria (Gipuzkoa) eta Ibardin (Bera, Nafarroa) artean. Lasterketa hamabortzgarren urtez jarraian ailegatu zen Nafarroaren eta Lapurdiren artean dagoen mendatera, eta euskal ziklista batek irabazi zuen: Fede Etxabek. 1990eko hamarkadan euskal ziklistek irabazi zuten lehenbiziko etapa izan zen.

Etxabe errege Ibardinen izan zen Euskaldunon Egunkaria-k etaparen kronikari eman zion titulua biharamuneko alean. Egunkaria-k kontatu zuen hirugarren Itzulia izan zen 1993koa. «Askotan saiatu naiz, eta bazen garaia suertea izateko», adierazi zuen Kortezubikoak helmugan. Jaizkibelen beheiti ihes egin zuen Alberto Elli italiarrarekin batera, eta, Aritxulegin goiti, Ellik ezin izan zion Etxaberen erritmoari eutsi. Helmuga urruti zegoen oraindik, baina bizkaitarra sailkapen nagusirako lehian ari zirenekiko abantaila handiz ailegatu zen Ibardinera: bi minutu eta hiru segundo atera zizkion bigarrenari, Tony Rominger taldekideari.

Rominger suitzarra, aitzineko urteko Itzuliko irabazlea, lider zen sailkapen nagusian, bezperako etapa irabazi zuelako. Faboritoen artean azkarrena izan zen bigarrenean ere, eta, sailkapen nagusian alde erabakigarririk lortu ez bazuen ere, argi utzi zuen Itzulia bigarrenez irabazteko aukera handiak zituela. Garai hartako txirrindularirik onena, Frantziako azken bi Tourren eta Italiako azken Giroaren irabazlea, Miguel Indurain, ia bortz minutura ailegatu zen helmugara. Giroa prestatzen ari zen, eta argi gelditu zen ez zuela Itzulian lehiatzeko asmo berezirik.

Romingerren eta Etxaberen garaipenekin, Clas-Cajastur taldeak bitik bi irabaziak zituen ekitaldi hartan, eta Egunkaria-k lasterketa kontatzeko lekuko ezin hobea zuen, Juan Fernandez zuzendariaren zutabea: «Atzo Rominger eta gaur Etxabe. Gauza handia da bi etapa irabaztea, baina argi esan behar dut gure helburua Itzulia irabaztea dela, eta horretan saiatuko gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.