Athletic 1. Reala 1

Hamarrekin, hamarra

Zalantzaz jositako penalti bati eskerrak, Athleticek aurrea hartu du 51. minutuan, baina jokalari bat gutxiagorekin aurpegia eman eta berdinketa lortu du Realak

Epaileak Mikeli txartel gorria atera ondoren, hamar jokalarirekin geratu zen Realak. Txuri-urdinak kexu ugari agertu zuten. LUIS TEJIDO / EFE.
jon eskudero
2015eko apirilaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Athletic. Iraizoz; Iraola, Gurpegi, Laporte, Balenziaga; San Jose, Beñat (Rico, 77. min.), Susaeta (Viguera, 71. min.), Aketxe (De Marcos, 62. min.), Williams; eta Aduriz.

Reala. Rulli; C. Martinez, Mikel, Iñigo, De la Bella; Markel, Pardo, X. Prieto, Zurutuza, Chory Castro (Elustondo, 53. min.); eta Vela (Canales, 77. min.).

Golak. 1-0. Adurizek (51. min.). 1-1. De la Bellak (59. min.).

Epailea. Martinez Munuera. Txartel horiak: Athleticeko Balentziagari; eta Realeko De la Bellari eta Pardori. Txartel gorriak Realeko Mikeli (51. min.).

Bestelakoak. 46.000 ikusle San Mamesen. Iñigo Cabacas eta Aitor Zabaletaren omenezko elastikoak jantzita zelairatu ziren bi taldeetako jokalariak.

Pena izan zen, baina epailearen erabaki batek baldintzatu zuen Athleticen eta Realaren arteko derbia atzo, San Mamesen. Lehen zati eder eta on baten ostean, bigarren zatiaren hasieran denetik gertatu baitzen. 51. minutua zen, eta Beñatek areara luze bidali zuen baloi bat. Aduriz bila joan zen, jauzi egin eta Rullirekin egin zuen topo. Baloia bertan geratu zen, eta donostiarrak lehian jarraitu zuen. Bada, Mikel agertu zen bertan, eta Adurizi hanka sartu ziola argudiatuta, penaltia adierazi eta txartel gorria atera zion epaileak. Zalantzaz jositako erabakia hartu zuen, inondik ere, eta horrek erabat baldintzatu zuen lehia. Adurizek ez zuen barkatu 11 metrotatik, baina Realak aurpegia eman zuen, eta ondo merezita, banakoa lortu zuen, De la Bellaren eskutik. Gainera, itxura ona eman zuen amaierara arte.

Partida gaueko hamarretan izanik, batek baino gehiagok izango zuen beldurra lo hartuko ote zuen telebistaren aurrean. Baina ez. Nola Athleticek hala Realak ez zuten horretarako motiborik eman. Ezta gutxiago ere. Lehen zati bizia jokatu zuten, interesgarria, eta golen bat soilik falta izan zen bikaintasunera heltzeko. Partidari hobeto ekin zion Realak. David Moyesek lehen egunean aipatu zuen hura bete-betean lortu zuen: defentsa sendo egon zen, zelai erdiko jokalariek bikain egin zuten presioa eta aurrean bizitasuna nagusitu zen. Denboraldi osoan etxetik kanpo jokaturik minuturik onenak izan zituen talde txuri-urdinak. Arean, ordea, ez zuen etekinik atera. Chory Castrok eta Velak bizpahiru jaurtiketa eginagatik, antzu aritu ziren Iraizozen aurrean.

Aitzitik, Athleticek berak eduki zuen eskura 1-0ekoa, 13. minutuan. Kontraeraso bikain batean buruz errematatu zuen baloia donostiarrak, eta Rullik erantzun bikaina eman zion. Dotorea. Aukera horrek ez zuen egoera irauli, eta Realak bere horretan jarraitu zuen. Markel eta Zurutuza nagusi izan ziren zelai erdian, eta zuri-gorriek sufritu egin zuten. Beñatek batez ere. Galduta ibili zen. Realaren intentsitateari erantzun ezinik aritu zen Athletic. Hala, 27. minutuan goletik gertu egon zen Vela. Haren jaurtiketa langaz gora joan zen. Behin ordu-erdia beteta indarrak berdindu ziren, eta aukera garbirik sortu ez arren, ikusgarri jokatu zuten bi taldeek atsedenaldira bitarte.

Hori ikusita, bigarren zatian ere antzeko jokoa esperoko zuten zaleek, baina epailea sartu zen tartean. Athleticen alde penaltia adierazita, hankaz gora jarri zuen lehia. Etxekoek 1-0ekoa lortu zuten, eta bazirudien Realak ez zuela zereginik izango, jokalari bat gutxiago zuelako. Ordea, Pardoren pase bati amaiera bikaina eman zion De la Bellak 59. minutuan. Eskuinez maisuki gainditu zuen Iraizoz. Eta partida amaierara arte duin jokatu zuen Realak. Athletic nahi eta ezin ibili zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.