Bera Bera eskubaloi taldeak hamaika dohain ditu, baina bat bereziki: erraz egiten du zaila dena; erraz eta sarri, ezohikoa dena ohikoa bilakatzeraino. Donostiako taldeak ohikoa bilakatu du garaikurrak bata bestearen atzetik irabaztea. Bete eta bete dabil palmaresa azken hamarkada luzean.
Espainiako Kopa da irabazi duen azken titulua. Atzo irabazi zuen, etxean, Illunben, ia bost mila lagunen aurrean, gehien-gehienak bere jarraitzaileak. Guardes hartu zuen mendean finalean: 26-21. Nagusitasunez irabazi zion, nagusi baita aspalditik Kopan: irabazi egin ditu azken lau ekitaldiak. Guztira, hamar ditu irabaziak. Zenbaki biribila da, eta ikusgarria. Baina are ikusgarriagoa da beste zenbaki hau: 31. Txapelketa guztiak kontuan hartuta irabazi dituen tituluen kopurua da: Espainiako hamar Liga, hamar Kopa eta 11 Superkopa. Ez dago zalantzarik. Hamarreko taldea da Bera Bera.
Hamarreko lan batek hamarreko ospakizuna behar du. Eta horixe egin dute Bera Berako kideek: bete-betean ospatu dute Kopa irabazi izana. Lehenbizi, sekulako festa izan zuten Illunben: dantzan eta kantuan ibili ziren. Gauean, berriz, sagardotegi batean afaldu zuten. Luze jo zuen gauak. Aitzakia zuten: Imanol Alvarezek bi eguneko atsedena eman zien. Erakundeek ere ez zieten harrerarik egingo, ligaren azken txanpan sartuta baitaude.
«Nekatuta, minberatuta, baina oso zoriontsu». Halaxe esnatu da Elba Alvarez (Vigo, Galizia, 2001) Bera Berako jokalaria. «Satisfazioa eta harrotasuna» sentitzen du. «Oso harro nago Bera Berako kide izateaz. Gu, jokalariok, garrantzitsuak gara, baina Bera Bera talde hau baino askoz gehiago da. Jende askok lan handia egin du Kopako azken fasea hemen jokatzeko, horren polita izateko eta gu etxean bezala sentitzeko. Oso zoriontsu sentitzen naiz klub honen parte izateagatik: tokirik aproposenean nagoela sentitzen dut».
Ametsa hitza aipatu du berehala. «Duela bi urte Kopako finala jokatu nuen Illunben. Aulan ari nintzen orduan, eta galdu egin genuen Bera Beraren aurka. Ordurako banekien hurrengo denboraldian Bera Beran jokatuko nuela, eta neure buruari esan nion inoiz horrelako zerbait bizi nahi nuela: jendez lepo zegoen pabiloi batean txapeldun izan. Zorionez, ametsa bete dut. Oso berezia izan da egun hauetan Illunben bizi izan duguna. Sekulakoa izan da».
«Aurkariak baino jokalari bat gehiagorekin aritu gara. Une zailak igaro ditugunean, zaleei esker egin dugu aurrera»
ELBA ALVAREZ Bera Berako jokalaria
«Izugarri eskertuta» dago zaleekin, eta argi du azken fasea beste inon jokatu izan balitz agian ez zirela txapeldun izango. Eldaren aurkako finalerdiari erreparatu dio, bereak eta bi ikusi baitzituzten irabazteko. «Illunben jokatuta, aurkariak baino jokalari bat gehiagorekin aritu gara. Une zailak igaro ditugunean, zaleei esker egin dugu aurrera; haiengatik eman dugu barruan genuena baino zerbait gehiago. Hasieratik oso argi izan genuen etxean jokatzea ez zela presioa izan behar, pizgarri baizik. Pentsaera horri eutsi diogu, eta saria jaso dugu. Biribil atera da dena».
Alvarezen lana erabakigarria izan da, hark sartu baititu inork baino gol gehiago: zazpi gol partida bakoitzean. «Zoriontsu» da taldeari lagundu baitio. «Hori da talde kirol batean aritzen den edonoren helburua. Hala ere, hori guztia ez litzateke posible izango ez nire taldekideen ekarpenik gabe, ez haiek ematen didaten konfiantzarik gabe. Haiei eta teknikariei esker nabil horren gustura».
Batasunaren garrantzia
Haren ustez, haien esku dago garaikurrak bata bestearen atzetik irabazten segitzea. «Aldaketak egongo dira taldean, baina, hala ere, gure esku dago bolada on honi eustea. Iaz, Alba [Menendez] eta Esther [Arrojeria] erretiratu ziren, baina Maitanek [Etxeberria] eta Annek [Erauskin] lekukoa hartu diete, eta indartsu eraman gaituzte aurrera. Konfiantza izatea eta batuta egotea da garrantzitsuena».
Hain zuzen, «garai zailetan» batuta egotearen garrantzia nabarmendu du. Bi garai zail aipatu ditu: bata, Lyndie Tchaptechek eta Ester Somazak min hartu zutenekoa. «Haiengatik eta Imanolengatik irabazi nahi genuen Kopa hau. Jakitun ginen bi jokalari horiek gabe aldaketak egin beharko genituela, eta beste modu batean lan egin. Jakin, eta egin. Aurrera egin dugu denok batera. Horri esker izan gara txapeldunak».
Bizi izan duten beste garai zaila, berriz, urte hasierakoa da, ia jarraian lau partida galdu zituztenekoa. «Garai horrekin gogoratu gara bai liga erregularra lehen postuan bukatu genuenean, bai kopa altxatu genuenean. Gogoratu gara nola ginen garai horretan, eta zer esaten zen gutaz. Baina guk bakarrik genekien zertan ari ginen ondo eta zertan okerrago. Argi genuen guk irauli behar genuela egoera, eta denon lanari esker irauli dugu».
Bera Berak erakutsi du aseezina dela. Horren erakusle da azken bi denboraldietan liga, Kopa eta Superkopa irabazi dituela. Sasoi honetan jada Superkopa eta Kopa irabazi ditu. Beraz, liga du begiz jota orain. Igandean ekingo die finalerdiei: joaneko partida jokatuko du Galizian, Porriñoren aurka, 13:00etan. «Orain, atseden hartu behar dugu, baina klubean denok gara anbiziotsuak. Titulu hau pizgarri da gehiago nahi izateko».