Hamilton olinpiarra

Ingelesak lortu du 'pole'-a Hungariako Sari Nagusian, eta Webber eta Alonso nahiko atzetik abiatuko dira

Hamilton olinpiarra.
Laurentzi Garmendia
Donostia
2012ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Lewis Hamiltonek urteko hirugarren pole-a lortu zuen atzo Hungaroringen, aldi berean McLaren taldearen 150.a. Azken lasterketetan zeraman bidea aldatu zuen horrela gidari ingelesak, sailkatze osoan eman baitzuen indartsu egotearen irudia. Lasterketa baino lehen jokatu diren saio guztietan bera izan da azkarrena, larunbat goizeko sailkatze librea kenduta, non Mark Webber izan zen lehena. Sailkatzean, ordea, Hamiltonek bere legea inposatu zuen, eta inor ez zen hari erantzuteko moduan izan. Romain Grosjeanek Lotus autoa lehen lerrora eraman zuen, garaipenerako lehian ezin hobeto kokatuz. Bigarren lerroan Sebastian Vettel eta Jenson Button elkartuko dira.

Badu Hamiltonek besteek ez duten abiadura gehigarri bat. Oso ezaugarri hauskorra du, ordea, bere onena bezala, bere txarrena ere agertzen baitu askotan. Atzo onena erakusteko eguna zuen, inork berdindu ezin duen horietakoa. Hasiera-hasieratik, Q1 saioan pneumatiko gogorrekin markatu zuen denbora eskuraezina zen gainerakoentzat. Ferrarik goma bigunetara jo behar

izan zuen mozketa gaindituko zuela segurtatzeko, Alonso eta Massa ez baitzeuden erosoegi. Zailtasunak zailtasun, Q3 saioan ohikoak izan ziren, Mercedeseko bi gidariak kenduta. Beste estrategia bat eraman zuten horiek egun osoan; beraz, pentsa daiteke horrekin lotua zegoela alemaniarren errendimendu apala.

Txapelketako liderra den Alonsok ez zuen bere larunbatik onena izan, aurreko bi lasterketetan pole-a lortzetik baitzetorren. Orduko haietan euripean jokatu zen sailkatzea, eta hori laguntza baliagarria izan zuen lehen postua lortzeko. Hungarian ostiraleko saioetan euria egin bazien ere, atzoko bi saioak lehorrean izan ziren, baldintza normalagoetan. Nahiko atzera egin zuen Ferrarik pista lehorrean, Alonso seigarren izan baitzen, Massaren aurretik. Biak bederatzi hamarreneko tartean sailkatu ziren, Hamiltonengandik urrun. Oso urrun.

Aurten alde handiak ikusi dira larunbateko sailkatzetik igandeko lasterketara. Kontuan izan bestela Hamiltonek hiru pole daramatzala, baina garaipen bakarra lortu duela orain artean. Montmelon ere pole-a lortu zuen,

eta ondoren kendu bazioten ere, bera izan zen azkarrena alde handiaz. Aldiz, irabazi duen lasterketa ez zuen pole-tik hasi. Kanadan gertatu zen hori, non Vettelek zuen irteerako lehen postua. Vettelek, Hamiltonek bezala, hiru pole dauzka aurtengo denboraldian; haietako bakarra bihurtu zuen garaipen, Bahraingoa. Azken finean, larunbateko nagusitasuna behin baino gehiagotan desagertu da igandean.

Irteeran dago gakoa

Irteera ona eginez gero, Hamiltonek alde egiteko erritmoa dauka. Lehen hamarrak goma biguneko pneumatikoekin aterako dira, eta hortxe erabaki daiteke lasterketa. McLarenekoak txanda horretan aurkariei eutsiz gero, irabazteko aukera handiak lituzke, pneumatiko gogorrekin inork ez baitu haren erritmoa. Grosjeanek aspaldiko aukera onena du lehen aldiz irabazteko. Valentzian ez zuen urrun izan, Alonsori tartea jaten ari baitzitzaion, baina autoaren arazo elektriko batek eragotzi zion. Lasterketan Lotus autoek duten abiadura bikaina ezagututa, Grosjeanek arazoetatik urrun mantendu behar du azken itzulietara irabazteko aukerekin iristeko.

Alonsok, edozein emaitza lortuta ere, abuztuko oporrak txapelketaren lidergoan igaroko ditu. Horrela lasai asko egon ahal izango da eguzkitan. Baina lehenago lan egin beharko du bere aldea mantentzeko. Alde batetik, ez du zertan gehiegi kezkatu, bere aurkari gertukoena Mark Webber delako eta australiarrak saio ustela egin zuelako. Hamaikagarren irtengo denez, min gutxi egingo dio Alonsori. Espainiarraren kezka nagusia gaur ez da Webber izango. Vettel eta Hamilton dezente atzerago ditu, baina potentzialki arriskutsuagoak dira. Horiek ere ez diote lidergoa lapurtuko Alonsori. Izan dezakeen arrisku nagusia tropelaren erdian aritzea da. Hor gertatzen dira ukituak eta istripuak, eta zerbait saihestu behar badu, horixe da. Hungariako Sari Nagusia denboraldiko hamaikagarren proba izango da, urteko bigarren erdiari hasiera emango diona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.