Hamiltonek ere irabazi egin nahi du

Txinako Sari Nagusia jokatuko dute bihar, eta McLaren autoak dira irabazteko faboritoak

Laurentzi Garmendia
Donostia
2010eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Urteko laugarren lasterketa jokatuko dute bihar, Shanghain. Txinako Sari Nagusiak Europatik kanpoko lasterketa sortari amaiera emango dio, hurrengoa Katalunian korrituko baita maiatzean. Inguru horietara etorri artean aldaketa gutxi dituzte autoek, berrikuntza gehienak Europara etorrita txertatuko baitituzte. Hala ere, McLarenen aleroi mota talde askok probatu dute, Txinan zuzengune azkarra baitago. Horrek McLareneko gidariak faborito bilakatzen ditu.

Are gehiago atzo erakutsitako abiadura kontuan hartuta. Hiru lasterketa jokatu dira orain arte,eta hiru garaile izan dira: Fernando Alonso (Ferrari), Jenson Button (McLaren) eta Sebastian Vettel (Red Bull). Lewis Hamiltonek (McLaren) laugarrena izan nahi du, taldekidearekin horretan behintzat parekatzeko. Seigarren da txapelketan, baina egungo puntuaketa sistemarekin garaipen batekin gorakada galanta egiten da.

Sailkapen horretan lehen biak Ferrariko gidariak dira, Felipe Massa baita lehena eta Alonso bigarrena. Alonsok motor bat galdu zuen Malaysiako lasterketan, ziurrenik aldagailuarekin izandako arazoek bultzatuta. Bahrainen hondatu zena erabili zuen atzo, eta motorrak sutan amaitu zuen. Beraz, bi motor galdu ditu dagoeneko. Ezin da ukatu larri samar ibiliko dela hemendik denboraldia amaitu arte, eta ostiraletan kilometro gutxiago egingo dituela ziurrenik hemendik aurrera.

Ferrarik ez du atzean gelditu nahi lehia teknologikoan, eta atzo bere F-duct sistema ezarri zuen autoan, McLarenenaren kopia dena. Hala ere, atzo ez zuen behar bezala erabili, informazioa jasotzeko muntatu baitzuen bakarrik. Gaur eta bihar erabiliko ez duenez, Montmelon erakutsiko du.

Williamsek ere probatu zuen, eta talde gehiagok ia prest dute. Red Bull da puntako taldeen artean oraindik probatu ez duena, eta Vettelek kezka agertu du horregatik. Batez ere Red Bull autoak puntako abiadura falta duelako Mercedes motordun taldeen aldean. Txasi aparta badu ere, Txinako zuzengune luzeek kalte egiten diote, eta Vettelek majo izerditu beharko du McLaren autoei jarraitzeko.

Txapelketa gehiago estutzeko

Dagoeneko nahiko lehia itxia dago txapelketako goiko postuetan, baina ziurrenik bihar gehiago estutuko da. Ferrari dago bi txapelketetan buru, baina motorrekin dituzten gorabeherek ez dute konfiantza askorik ematen. Haien mesedetan da Shanghai ez izatea urteko zirkuiturik gogorrena motorrentzat, baina horrela ere, Alonsok bat txikitu zuen atzo.

Iaz Vetteleen izandako antzeko egoera pairatu beharko du Alonsok, nahiz eta alemaniarrak beranduago izan zituen hausturak, eta lasterketa gutxiago falta zen. Koreako Sari Nagusia larri dabil zirkuituko lanak amaitzeko, eta Alonsok eskertuko luke lasterketa hori ez korritzea, horrela motorrekin lasaiago ibiltzeko. Baina 1 Formulan ezin da mantsotu, eta Alonsok topera gidatuko du bihar ere. Oraingoz, Ferrarik ez dirudi goi-goiko taldean dagoenik.

Mercedes motorren indarrari esker, itxuraz McLaren eta Mercedes GP taldeek dirudite sendoen. Sailkapeneko laugarren postutik atzera daudenez, irabaziz gero aurreko multzoa gehiago elkartuko litzateke.Michael Schumacherrek gogo izugarria dauka behingoz Nico Rosberg taldekide gazteari aurrea hartzeko, eta Txinan hori egiten badu, podiumean amaituko du.

Orain arteko hiru lasterketak poltsikoan zituen Vettelek, baina bakarra irabazi du. Txinan ez dirudi haren autoak halako nagusitasuna duenik, baina titulua irabazi nahi badu, halako egoeratan erakutsi behar du txapeldun handia dela. Ferrarik ez dirudi horren sendo, baina erregularra da. Pronostikoa irekia da oso, baina Hamiltonek garaipena nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.