Handia esan, eta ezer ez egin

Japoniak gauza gutxi eginda irabazi du, Kamerunek partida oso eskasa jokatu duelako

Igor Susaeta.
2010eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Auskalo zer pentsatzen ariko zen Samuel Eto'o Kamerungo selekzioaren kapitain eta izarra herenegun L'Equipeko kazetari bati zera esan zionean: «Kamerunek Munduko Kopa irabaz dezake. Jendeak, agian, erotuta nagoela pentsatuko du, baina munduko talderik onena daukazula sentitzen baldin baduzu, indartsuagoa zara». Handia. Halere, Kamerunek ezer ez zuen egin atzo Bloemfonteingo Free Estate estadioan, Japoniaren kontrako partidan. Kontrarioak gauza gutxi eginda irabazi zuen. Izan ere, hain eskasa izan zen Kamerunek jokatutako partida...

Hortaz, Eto'ok diskurtso berri bat erabili beharko du komunikabideekin mintzatzen den hurrengoan. Kontua ez da bere selekzioak partida ona jokatu zuela, eta zorte txarra izan zuelako edo dena delakoagatik galdu zuela. Ez, ez. Itxura pattala eman zuten Lehoi menderakaitzek. Bai partida hutsean zenean, eta baita galtzen ari zirenean ere. Paul Le Guen hautatzailea ez zen erreakzionatzeko eta bere taldea itxuraldatzeko gai izan. Japoniak, berriz, gabezia ugari dauzka, baina egin beharrekoa egin zuen.

Beraien herrialdetik kanpo jokatutako Munduko Kopa batean partida bat irabazi dute aurrenekoz. Betirako gogoratuko dute atzokoa. 1998an Frantzian eta orain lau urte Alemanian, bost partida galdu zituzten eta bat berdindu. Halere, ez dirudi Hegoafrikan bide luzea egingo dutenik. Atzean jokalariak pilatuta itxuran defendatu zirelako, eta ia-ia izandako aukera bakarrean asmatu zutelako gailendu ziren.

Kontzentrazio handiagoarekin zelairatu ziren, eta partidari egoki neurria hartu. Batez ere, Kamerungoak ez zirelako beraien grina kontrolatzeko gauza izan. Beti azkar, eta ia beti onetik aterata. Eto'o izarrak, gainera, eskuin hegalean eta areatik 20 metrora jokatu zuen. Honda Japoniako jokalaririk onena, berriz, puntan aritu zen ustekabean. Baina berak bakarrik kontrolatu zuen bere selekzioaren erasoko jokoa. Gola ere, berak. Matsuiren erdiraketa bat ondo gauzatuta.

Gero, lortutako altxorra ahal bezala defendatzera. Ez ziren gehiegi gogaitu. Bai, izan zuen aukera bat Motingek (50. min.), eta beste bi, Mbiak (86. min.) langara egindako jaurtiketa batean, eta Webok indarrik gabe egindako errematean (90. min.). Le Guenek egin zituen aldaketak taldea suspertzeko intentzioarekin, baina Kamerunek iparra galduta jarraitu zuen, itxura eskasa emanez. Bai, Eto'ok handia esan zuen bezperan, baina ez zuen ezer ez egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.