Manresaren aurka errenkadan laugarrengoz irabazi ostean, Bilbo Basketek urtarrileko, eta otsaileko aldapa pikoei ekingo die gaurtik hasita. Aldapa, arrazoi askogatik. Bigarren itzulian geratzen zaizkion 16 partidetatik 10 etxetik urrun jokatuko dituelako, eta Miribillatik urrun jokatu beharreko norgehiagoka sorta horretatik bi segidan dituelako Katsikarisen taldeak. Eta ez nolanahiko bi aurkari: Valentzia gaur eguerdian, eta Real Madril hurrengo larunbatean Madrilen.
Euroligako talde bi, eta ligan ondoen ari diren talde bi. Valentziak garaipen bolada bikaina lortu du Pesic entrenatzaileak aginte makila hartu zuenetik, abendu hasieran. Zortzi garaipen lortu zituen jarraian ligan, pasa den astean Estudiantesek bolada bikain hori eten zuen arte, baina Valentzia azkar itzuli da garaipenaren arrastora. Granadan, hain zuzen ere. Bi taldeak, Valentzia eta Bilbo Basket, 11 garaipenekin daude, bosgarren eta seigarren postuetan, baina gaurko garailea laugarren ere izan liteke.
Katsikarisen ahotan, une aproposean jokatuko du haren taldeak Valentzia eta Real Madrilen aurka: «Test onak izango dira Kopari begira. Garaipenak erabakitzen dituzten xehetasun horiek ikusi nahi ditut gertutik». Loreak bota dizkio greziarrak Valentziari: «Titulua lortzeko borrokan egongo den taldea da. Handiak dira, azkarrak, eta talde handia dute. Mina egin dezaketen jokalari sorta handia dute, eta euren joko onena egiten ez dutenean ere partida irabazteko gai dira».
Katsikarisen ustez, saskipeko borroka irabaztea izan liteke garaipena lortzeko giltzarria, baina hori lortzea ez da erraza: Listxuk, Javtokas, Augustine, Claver, Savanovic... jende handia eta atletikoa dute, eta Hernandez-Sonsecak, Hervellek, Banicek eta Mavroeidisek ahalegin berezia egin beharko dute. Bikote hori da, hain zuzen ere, aste osoan Katsikarisi buruko mina eragin diona, fisikoki justu samar ibili direlako. Banicek minberatuta dauka orpoan, eta lan saioetan taldekideak baino lasaiago aritu da. Mavroeidis sukarrarekin ibili da, eta ez dago bete-betean.
Handiei itzal egin diezaieketen talde bi aurrez aurre
Valentzian jokatuko du Bilbo Basketek, eta garaileak sailkapeneko laugarren postua lor dezake (12:30, ETB 1)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu