Harrapakin baten premian

Realak Benfica izango du kontrario gaur Lisboan,Txapeldunen Ligako multzoen faseko hirugarren partidan. Roger Schmidten taldeak gustuko du baloia edukita partidak kontrolatzea.

Iñaki Berastegi.
2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun

Txapeldunen Ligako lehen bi jardunaldietan bi porrot bildu ostean, Roger Schmidten Benfica ataka estuan dago sailkapenean. Realari gaur nahitaez irabazi behar dio (21:00, Movistar +), aurreko denboraldian bezala kanporaketetara igarotzea nahi badu. Irabazi ezean, bidea asko zailduko zaio. Arranoa da Benficaren maskota, eta arrano multzoa gose dago. Harrapakin bila dabil, eta Realak ez du bera izatea nahi. Entrenatzaile alemaniarrak multzo ona dauka bere aginduetara, baina iragan sasoian Txapeldunen Ligan zeresana eman zuen taldearekin alderatuta, aurrelari peto bat falta zaio. Taldearen estiloak bi zutabe nagusi ditu: joko landua eta baloia galdu osteko presioa. Taldearen lerrorik indartsuena eta arriskutsuena azken-aurrekoa da, aurrelariaren atzekoa: kalitatea eta abiadura sobera ditu hor Schmidtek. Atzera korrika egin behar badu, deseroso sentitzen da.

SISTEMA
Ondo koordinatuta dago

Schmidten taldeak 1-4-2-3-1 sistemarekin jokatu ohi du, nahiz eta batzuetan 1-4-4-2 itxura ere har dezakeen. Bi euskarriek oso modu koordinatuan lan egiten dute, eta, taldeari sendotasuna emateaz gain, funtsezkoak dira baloia mugitzeko orduan eta zelai erdian zein hegaletan nagusi izateko. Bi horien aurretik jokatzen duten hiru jokalariak teknikoki onak, txispa handikoak eta buruz burukoan trebeak dira; kanpotik barrura jokatzen dute, hegal guztia atzelariei utzi, eta barruan nagusi izatea bilatuz. Jokalari aurreratuenari dagokionez, aurrelari petoak edo jokalari mugikorragoak txandakatu ditu entrenatzaile alemaniarrak postu horretan.

ESTILOA
Baloia edukitzea gustuko

Joko landua eta baloia galdu osteko presioa dira Benficaren ezaugarri nagusiak. Baloia atzetik motzean jokatzera ohituta dago taldea, eta alde batetik bestera mugitzen du, libre dagoen jokalaria aurkitzeko asmoz. Pazientzia handiz jokatzen du, eta oso gutxitan jokatzen du luze, pase askoko sekuentziak pilatuz. Zelai erdia gaindituta, taldeak beste erritmo bat jarri ohi dio jokaldiari, eta gai da pase azkarren bitartez aurkariaren areara pase gutxi emanda iristeko. Portugalgo ligan, baloia denbora gehien edukitzen duen taldea da, %63 batez beste partidako. Era berean, presio aurreratua eta baloia galdu osteko presioa oso landuta dauzkan taldea ere bada; hegaletako atzelariek baloia jasotzen dutenean estutzen dute gehien, eta talde osoak barneratuta dauka nork estutu behar duen nor, eta nola itxi behar duten atzean. Aurrelariaren atzetik dauden jokalari horiek dituzten ezaugarriak direla eta, baloia berreskuratu ostean antolatzen dituen kontraerasoetan ere talde arriskutsua da.

ERASOAN
Erdilariak aktibatu nahia

Dituen bi ezaugarri nagusiak direla eta, lotuta dauden bi modutara egiten du eraso Benficak. Baloia atzetik motzean ateratzen duenean, hegaletako atzelariak hegalean geratzen dira taldeari sakontasuna eta zabaltasuna emateko asmoz, eta barrutik bost jokalari aritzen dira, aurrelaria kontuan hartu gabe. Bi euskarrien lana aurretik dituzten hiru jokalariak aktibatzea da, haiek baloia jaso, eta buelta har dezaten. Bi euskarrietako bat atzeko lerroan ere sartzen da maiz, eta aurrekoetako batek ongi erabiltzen du sortutako espazio hori aurkarien lerro arteko lana zailduz. Normalean, hiru erdilari erasokorrenak aurkarien atzeko lerroaren eta euskarrien artean kokatzen direnez, buelta hartuz gero, gaitasun handia dute desorekak sortu, eta areara erraz iristeko. Barrutik euren artean jokatuz eta aurrelariaren laguntzarekin amaitu dezakete jokaldia, baina beste askotan hegaleko atzelariaren sakontasuna ere funtsezkoa da arriskua sortzeko. Bestela, baloia denbora luzez eduki ostean galtzen badute, presioa ondo egiteko duten erraztasunari esker baloi ugari berreskuratzen dituzte azken metroetan, eta, aurrealdeko jokalariek duten bizitasunari esker, arriskua sortzeko gaitasun handia dute kontraeraso azkarren eta zehatzen bitartez. Hautatutako aurrelari bakarraren ezaugarriek ere baldintzatzen dute azken metroetako jokatzeko modua.

DEFENTSAN
Atzeraka sufritzen du

Nico Otamendi beteranoaren eta Antonio Silva gaztearen inguruan oinarritzen da defentsako sistema. Area txikia ondo defendatzeko gai den taldea da, eta goiko baloietan ere indartsua izan ohi da. Presio gaizki egin osteko faseetan sufritzen du gehien, atzera korrika egitea kostatzen zaiolako atzeko lerroari, bereziki Otamendiri. Joko ireki horretan, Silvak ondo defendatzeko gaitasun handiagoa dauka. Hortaz landa, zelai erdian jokoaren momentu askotan fisioki indartsuago egotea falta izan zaio taldeari, eta jokoa gehiagotan oztopatzeak ere mesede egingo lioke trantsizioak ekidin ahal izateko.

JOKALARIAK
Kalitatea, aurrean

Zelai erditik aurrera jokalari on ugari dauzka Benficak. Angel Di Maria nabarmendu arren, haren itzalpean dagoen Rafa Silva ere lotura lanak egiteko oso jokalari ona da; jokalari txikia da, argia eta askotan aurkarientzat detektatzeko zaila. Joao Mario erdilari portugaldar beteranoa ere trebea da baloiarekin, eta David Neres abiadura handia duen hegalekoa. Hala ere, harribitxia Antonio Silva erdiko atzelaria da. Aurreko denboraldian Txapeldunen Ligan ikaragarri ondo aritu zen. Gaztea da, baloi irteera ona dauka eta erdiko atzelaria izateko azkarra ere bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.