Miamin (AEB) dago Martin Segurola (Donostia, 2003), «atseden hartzen». Badu azalpena: «Bikotekideak hemen ikasten du, eta, laster berriro bete-betean lehiatzen hasiko naizenez, astebeteko oporraldia hartu dut». Merezita hartu du, ikusgarri aritu baita orain arte.
Espainiako Kopako txapeldun eta Espainiako txapeldun izan berri zara. Pozik, ezta?
Pozez zoratzen nago. Lehenik, sekulakoa izan zen Realarekin Kopa irabaztea. Hori aski ez, eta nire proba irabazi nuen: 3.000 metrokoa. Horren ondo aritu nintzen, Espainiako Txapelketan 1.500 metrokoan aritu ordez, 3.000 metrokoan lehiatzea erabaki baikenuen entrenatzaileak [Jose Enrique Villacortak] eta biok. Pentsatu, egin, eta irabazi. Ezin hobeto atera zen.
Euskal Herriko marka hobetu duzu 1.500 eta 3.000 metrokoan: 3.37,35 eta 7.49,56, hurrenez hurren. Victor Rojasen esku zeuden bi errekor horiek. Duela 30 urte pasatxo lortu zituen.
Hori entzute hutsarekin zur eta lur geratzen naiz: sentipen ikaragarri polita da.
Inoiz baino hobeto ari zara.
Bai. Denboraldia hasi zenetik oso ondo ari naiz entrenatzen eta lehiatzen. Harri eta zur nago egiten ari naizenarekin: bost urte eskas daramatzat atletismoan. Texasko unibertsitate batean aritu nintzen lehenbizi, Indianako batean gero, eta iazko udatik Leonen ari naiz.
Zein da sekretua?
Indianan nengoela hasi nintzen asko hobetzen. Garai horretan hasi nintzen nire gorputzaren muga aerobikoaren eta anaerobikoaren arabera entrenatzen. Gaur egun, den-denok entrenatzen gara horrela. Leonen, ordea, entrenamendu zehatzagoa egiten dugu: odolean laktatoa neurtzen digute aldiro. Horri esker, gure neurrirako entrenamenduak egiten ditugu, eta gure esfortzuaren ahalmenari ahalik eta etekin handiena ateratzen diogu. Horregatik joan nintzen Leonera. Horrez gain, ez dut minik hartu denboraldi osoan, eta, horri esker, ez dut izan etenik; hori garrantzitsua da. Dena ari zait bikain ateratzen, baina horri eutsi behar diot, sinetsita bainago hobetu dezakedala: azkar nabil pistan. Olatu ona hartu dut, eta eutsi egin behar diot.
Lehen sasoia besterik ez duzu maila nagusian.
Horregatik nago harrituta egiten ari naizenarekin, oso zaila baita maila nagusira jauzi egitea: irabazteko lehian aritzetik zatoz, eta, maila nagusian, txapelketetarako sailkatze hutsa oso zaila da.
Leonen ari zara. Zer du Leonek Donostiak ez duena?
Leonen Espainiako Federazioaren Goi Errendimenduko Gune bat dago, eta atleta oso-oso onak aritzen dira han: Europako lau txapeldun, besteak beste. Oso multzo ona dugu, eta horrek izugarri laguntzen du entrenatzen, oso zaila baita bakarrik aritzea. Hala ere, oso harreman estua dut oraindik ere nire aurreko entrenatzailearekin, Ricardo Jimenezekin.
Leonen zaudenean bete-betean aritzen zara atletismoan?
Ia-ia. Ikasi ere egiten dut, baina online, klasera joan gabe; horrek asko laguntzen dit. Hori aski ez, eta erresidentzia batean bizi naiz, eta bertan bazkaria prestatzen digute. Erraztasun asko ditugu atletismoan bete-betean aritzeko, eta aprobetxatu egiten dugu: asko eta ondo entrenatzen gara.
«Sinetsita nago hobetu dezakedala: azkar nabil pistan. Olatu ona hartu dut, eta eutsi egin behar diot»
Nolako atleta zara?
Denetarik egiten dut, eta denetan aritzen naiz gustura: 800 metrokoan, 1.500ekoan, 3.000koan... Krosa, aldiz, ez zait asko gustatzen: asko sufritzen dut, gora eta behera aritzen baitzara. Baina oso egokia da prestaketarako: gero errazago aritzen zara pistan.
Krosa gustatu ez arren, bikain moldatzen zara. Hautatu egin zaituzte hamar egun barru Unibertsitateen Arteko Munduko Txapelketan aritzeko.
Hala da. Txapelketa hori da nire hurrengo helburua. Kros laburrean ariko naiz, 3.000 metrokoan. Sekulako taldea dugu. Udan, berriz, Europako Txapelketan parte hartu nahi dut, 1.500 metrokoan. Aurretik, Sierra Nevadan ariko naiz, altueran entrenatzen. Ez dut inoiz halakorik egin, eta oso gogotsu nago, diotenez mesede handia egiten baitu.
Zertan moldatzen zara ondo?
Oso ondo moldatzen naiz lasterketan tokia hartzen: norbaiten atzean jarri, eta ondo eusten diot; oso burugogorra naiz. Horrez gain, azkarra naiz esprintean: azken berrehun metroetara beste norbaitekin iristen banaiz, zaila da niri irabaztea.
Zertan duzu gehien hobetzeko?
Esperientzia falta zait. Lasterketa askotan aritu naiz: seigarren izan naiz 1.500 metrokoan 23 urtez azpiko Europako Txapelketan, eta finalean lehiatu naiz AEBetako Unibertsitateen Arteko Txapelketan. Baina pixkanaka ari naiz ikasten, maila nagusiko aurkariek esperientzia handia baitute, eta hori igarri egiten baita, eta aldea egiten baitu. Horregatik argi dut saiatu behar naizela ahalik eta nazioarteko lasterketa gehienetan parte hartzen. Halakoetan lehiatzeak izugarri laguntzen du.
«Oso ondo moldatzen naiz lasterketan tokia hartzen, eta azkarra naiz esprintean. Aldiz, esperientzia falta zait»
Atletismoan aritu aurretik, futbolean jokatzen zenuen. Ez duzu Realean jokatzen, baina Realean egiten duzu korri.
[Barrez hasi da]. Niri izugarri gustatzen zait futbola, baina aitak Caixabanken egiten du lan, eta 7 urte nituela kanpora joan ginen bizitzera. Egipton, Mexikon eta Hegoafrikan bizi izan gara. Etxera aldiro itzuli eta lagunak ni baino askoz hobeak ziren futbolean; ni txar-txarra nintzen. Nolanahi ere, ez nintzen berehala hasi atletismoan, nire lehen asmoa Ingalaterrara ikastera joatea baitzen: itsasontzi handien patroi izan nahi nuen. Baina Hegoafrikan bizi izan nintzen azken urtean atletismoan hasi nintzen. Oso ondo moldatzen nintzen, eta Texasko unibertsitate txiki batetik deitu ninduten esanez zortziehun metrokoan 1.58 baino gutxiago egiten banuen beka bat emango zidatela. Baina pandemia garaia zen, eta ez zegoen lasterketarik. Aitak grabatu ninduen korrika, eta ia entrenatu ez arren, helburua lortu nuen. Horrela hasi zen dena.
Aita aipatu duzu: Jose Maria Segurola. Hura 1988ko Seulgo Olinpiar Jokoetan aritu zen arraunean. Saiatu da inoiz zu konbentzitzen arraun egiteko?
Ez. Oso kirol zaila eta gogorra da arrauna: oso indartsu egon behar duzu, eta ni nahiko argala naiz.
Baduzu lehia aitarekin?
Bai. Beti lagundu dit, baina harrotzen naizenean gogoratzen dit bera Olinpiar Jokoetan aritu dela eta ni ez. Nire ametsa da 2028koetan aritzea. Apustua egina dugu: sailkatzen banaiz, biok tatuatuko ditugu nonbait uztai olinpikoak. Txikiak izango dira, aitari eta bioi ez zaizkigu eta tatuajeak gustatzen.