Harria jasotzen lauzpabost urte distiratsu egin ondotik, joan den azaroaren amaieran iragarri zuen erretiroa Paulo Azpiazuk (Bergara, Gipuzkoa, 1997). Txikitatik harriari lotuta egon ez arren, onenen pare ibili da azken urteotan, eta lorpen handiak izan ditu. Besteak beste, 2024an Euskadiko Harri Txikien Txapelketa irabazi zuen. Lesio baten ondorioz, uko egin dio harriak jasotzen jarraitzeari, baina ez da harrietatik aldenduko, «maitemindu» egin baita kirol horrekin. Orain, bere negozioan jarriko du arreta guztia: pertsonei hazkuntza pertsonalean laguntzea du ogibide.
Hilabete eta erdi igaro da erretiroa hartuko zenuela iragarri zenuenetik. Damutu al zara erabakiaz?
Ez, inola ere. Harriak altxatzea faltan botatzen dut, eta herri kirolen saioak telebistan ikusten ditudanean inbidia dezente sentitzen dut. Baina pozik nago hartutako erabakiarekin. Harri jasotzen hasi nintzenean ez nuen imajinatu ere egingo lortutako guztia lortuko nuenik. Erronka izugarria zen niretzat, eta hasieran proba txikiren bat soilik egitea neukan buruan. Aurrez uste nuen baino askoz kirol zailagoa iruditu zitzaidan harri jasotzea. Baina erakarri egin ninduen, eta ikusi nuen ez nintzela gaizki moldatzen. Urte politak egin ditut, eta gustura geratu naiz lortu dudanarekin. Baina ez dut jarraitu nahi. Gorputzak beste zerbait eskatzen dit.
Zergatik erretiratuko zara?
Bi arrazoi daude. Batetik, lesioa. Duela hiru hilabete inguru, bizkarrean mina sentitu nuen harri kubikoarekin entrenatzen ari nintzela. Urte guztiko esfortzuaren ondorio izan zitekeen, eta, masaje emaile batekin ibili ondoren, mina ez zen desagertzen. Erresonantzia bat egin zidaten, eta ikusi genuen bi protusio nituela. Lesio hori abisu moduan hartu nuen harri jasotzen ez segitzeko. Eta, bestetik, sentitzen nuen jada odolean ez neukala grina plazetan jarraitzeko. Beste bizitza bat nahi dut orain.
Osasungarria al da harriak bizkarrera jasotzea?
Esango nuke eliteko kirol guztiak ez direla osasungarriak. Eta, noski, harri jasotzea ere ez da guztiz ona osasunarentzat, baina okerragoa da asteburuero tabernaz taberna ibiltzea. Burutsua izatea da gakoa. Sufrimendu handiko kirola da, eta detaile guztiak ongi zaindu behar dira. Elikadurari eta atsedenari garrantzi handia eman behar zaie, eta harri jasotzen hasi baino lehen gorputza oso ongi berotzea ezinbestekoa da. Hori guztia zainduz gero, ez dut uste kirol arriskutsua denik.
Askok uste dute harri jasotzeak ez duela lan handirik atzetik.
Zilegi da hori pentsatzea, baina nik zuzenean probatu dut zer kirol gogorra den. Astean zazpi egunez eta 24 orduz prestatzea eskatzen du harriak. Soilik euskaldunok egin dezakegun kirol bat dela iruditu zait askotan. Euskaldunok badugu kasta berezi bat, eta harri jasotzearen historian sekulako markak dauzkagu. 300 kilotik gora bizkarrera eramatea oso gutxiren esku dago. Ez diogu behar bezalako baliorik ematen.
«Erresonantzia bat egin zidaten, eta ikusi genuen bi protusio nituela. Lesio hori abisua izan zen ez segitzeko»
Zer eman dizu harriak?
Nire bizitzaren parterik garrantzitsuena izan da azken urteetan. Batez ere, sufritzen ikasteko gaitasuna eman dit. Gimnasioan ohituta nengoen aurrez pisuak altxatzen, baina harri bat bizkarrera eramatea beste kontu bat da. Horrek sortzen duen adrenalina ez dago hitzez adierazterik. Kirol zoragarria da. Eta, bestetik, jendearen berotasuna eta maitasuna eman dizkit. Joxerramon eta Hodei Iruretagoiena Izeta aita-semeek izugarri lagundu didate. Horrez gain, Euskal Herria ezagutzeko aukera eman dit harriak. Bergaran jaioa naiz, baina toki askotan bizi izan naiz: Iruñean, Donostian, Getarian (Gipuzkoa)... Uste nuen Euskal Herria ezagutzen nuela, baina benetan harriari esker bisitatu ditut hainbat eta hainbat plaza.
Jendearen maitasunaz gain, emaitza distiratsuak lortu dituzu. Espero zenuen hain urrun iristerik?
Ezta pentsatu ere. 2024an Harri Txikien Txapelketa irabaztea ikaragarria izan zen. Horixe izan zen nire momentu gorena. Eta beste harri batzuekin ere oso eroso sentitu naiz. Igeldoko harriarekin hemezortzi jasoaldi lortu nituen 2022an, eta Izeta II.aren marka gainditu. Hurrengo urtean, Iraetako bolarekin lan aparta osatu nuen, baita Zarauzko harriarekin ere. Bietan berdinduta geratu nintzen Mikel Lopetegi Urrarekin. Urraren pare ibiltzea ez nuen inondik imajinatuko. Pozik eta harro nago bost urteko ibilbidean lortu dudan guztiarekin.
Orain, negozio propioan jarriko duzu arreta osoa. Zer egiten duzu, zehazki?
Txikitan konplexu handiak nituen nire gorpuzkeragatik, eta nerabezaroan aldaketa fisiko handia egin nuen, atleta bihurtzeraino. Pandemian langabezian geratu nintzen, eta, entrenatzaile titulua neukanez, bide horri heldu nion. Jendeari laguntzen hasi nintzen, eta uste baino arrakasta handiagoa lortu nuen, nahiz eta hasiera haiek gogorrak izan. Jendeari arreta eskaintzen diot, fisikoki, mentalki eta beste arloetan hobekuntza pertsonala izan dezaten. Norberaren bertsiorik onena ateratzen saiatzen naiz. Denborarekin ikasi dut estetikoki fin egotea ez dela garrantzitsuena, baizik eta nor bere buruarekin ongi sentitzea. Jateko ohiturak zaintzea, entrenatzea, diziplina bat edukitzea eta guztian oreka topatzea da gakoa.