Bizimodu berriari neurria hartzen hasia da pixkanaka Ainitze Zumeta (Zarautz, Gipuzkoa, 1991). Azken urteotan harri jasotzeari erabat lotuta egon ondoren, erretiroa hartu zuela iragarri zuen orain aste batzuk, sare sozialen bitartez. Bizkarreko lesio baten ondorioz, «arrastaka» aritu da 2024az geroztik, eta gorputzak geratzeko agindua eman dio. Harri jasotze mundura kasualitatez iritsi arren, garaipen zerrenda polita osatuta itxi du zikloa: Euskadiko txapeldun izan zen duela bi urte, eta hirutan gailendu da Uliako harriarekin. Penaz dago plazetan ez delako gehiago ariko, baina ez du ezeren damurik, eta orain zera du lehentasun: bizitza normala egiteko moduan jartzea.
Aste batzuk pasatu dira erabakiaren berri eman zenuenetik. Zer moduz zaude?
Penaz eta nostalgiaz begiratzen dut atzera, baina ez da goizetik gauera hartutako erabakia izan. Bi urteko prozesu bat izan da, gogorra eta luzea, eta azkenean ez dut beste erremediorik izan. Harria uztea ez dut nik erabaki, nire gorputzak baizik. Erabakia jakinarazi nuenetik sekulako babesa sentitu dut, eta hori hartuko dut gogoan. Emaitzen gainetik, herri kirolen munduak eman didan lagun pila da garrantzitsuena.
Lesioak 2024ko amaieran du abiapuntua. Nola gogoratzen dituzu egun horiek?
Duela bi urte hasi nintzen bizkarreko minez, baina oroitzen naiz Urtezahar egunez ongi sentitu nintzela. Egun horretan txapelketa bat izan genuen. Gero, 2025eko otsaila aldera, berriz oinazeak sentitu nituen toki berean, eta hortxe hasi zen beherakada. Azkartasuneko txapelketan parte hartu nuen, eta halako probetan ohikoa da teknika askorik erabili gabe harriak jasotzea, indarraren poderioz. Proba batetik bestera ere hoztu egiten da gorputza, eta hortik aurrera minez jardun nuen erabat, nahi eta ezin.
Txapelketa batzuei ere uko egin diezu bidean.
Bai, ezin bainituen harri batzuk jaso, eta iazko otsailaz geroztik txapelketa batzuetan izena ez ematea erabaki nuen. Adibidez, 63 kiloko bola ezin nuen altxatu. Nire asmoa zen erakustaldiak egiten jarraitzea, eta asko sufrituta, gisa horretan egin dut urte eta erdi. Infiltratuta ere atera izan naiz plazetara. Dena den, aurtengo udan bukatu da dena. Hilabete oso bat egin nuen harri bakar bat altxatu gabe, erakustaldirik ez nuelako, eta gero entrenatzera joan nintzenean, nire gorputza ez zen gai izan harri bakar bat jasotzeko ere. Saiatu nintzen, baina nire gorputzari autodefentsako argia pizten zitzaion. Buruak nahi zuen, baina gorputzak ezin zuen. Hori gertatzea kolpe handia izan zen, baina egoera onartu beste aukerarik ez dut izan.
Zehazki, zer lesio daukazu? Eta ba al du konponbiderik?
Hasieran hernia bat izan nuen, baina joan den urteko otsailean berriz minez hasi nintzenean, ireki egin zitzaidan hernia hori, eta diskopatia bat nuela esan zidaten. Alegia, bizkarreko ornoak elkarren kontra joka dauzkat. Gorputza aurreraka inklinatzen dudanean, ezin diot zutik eutsi, eta erori egiten naiz. Nahiko ondorio gogorrak utzi dizkit lesioak. Hasieran, ebakuntza egitea nire asmoa, bide azkarrak gustatzen baitzaizkit. Hainbat iritzi jaso ondoren, ordea, atzera egin dut. Ebakuntza gaizki ateratzeko arriskua hor dagoela esan didate, eta beldurtu egin naiz. Gainera, gaztea naiz oraindik, eta aurrerago ere agian izango dut denbora ebakuntza egiteko. Ahal dudan neurrian kirola egiten jarraituko dut, eta ariketak egin beharko ditut bizkarra ahalik eta ondoen edukitzeko.
Harria lehenago utzi ez izanaz damutzen zara?
Ez, inola ere ez. Berriro atzera egiterik banu, berdin jokatuko nuen, ziur. Esan dut sufritu egin dudala plazetan azken bi urteetan, baina gozamena are handiagoa izan da. Harria altxatzeak barruan sortu didan sentsazioa aparta izan da, eta ez daukat ezeren damurik.
«Esan dut sufritu egin dudala plazetan azken bi urteetan, baina gozamena are handiagoa izan da. Ez daukat ezeren damurik»
Harria altxatzea osasunerako kaltegarria izan al daiteke?
Izan daiteke, baina ez du zertan. Ni 30 urterekin hasi nintzen harria jasotzen. Crossfit mundutik iritsi nintzen, eta indarrez nahiko gorputz landua eduki arren, banekien teknikoki asko neukala hobetzeko. Ez naiz harri jasotzaile teknikoa izan, indartsua baizik. Eta baliteke horrek ondorioak eragin izana. Halere, gaztetatik kirol honetan hasten direnek askoz teknika hobea dute, eta hori lagungarria da harria berdintzerako garaian. Gauzak ongi eginez gero, ez dut uste osasunerako txarra denik.
Garaipen zerrenda duina lortu duzu. Zein izan da txapelik bereziena?
Izenari begiratuta, duela bi urte Euskadiko txapeldun izatea gauza ederra izan zen. Dena den, Uliako harriarekin gozatu dut gehien. Hirutan irabazi dut, eta marka ere nirea da oraindik. Bost minutuan 23 altxaldi eman nizkion harriari, eta ikusiko dugu marka hori norbaitek gainditzen duen. Gustatuko litzaidake bere horretan irautea pixka batez, baina uste dut norbaitek hautsiko duela berandu baino lehen. Izan ere, nesketan dagoen maila gero eta hobea da.
Inoiz ikusiko al zaitugu berriz harria jasotzen?
Txapelketetan ez, baina gustatuko litzaidake, behin lesioa erabat gainditu eta gero, erakustaldi txikiren bat ematea. Ezin izan dut plazan agurtu, eta zirkulua itxi gabe dagoen sentipena dut. Jendearekin zorretan sentitzen naiz. Ikusiko dugu gai ote naizen hori lortzeko; bien bitartean, plazetara ikusle moduan joango naiz.
Estefi Etxebestek marka egin nahi du 165 kilokoarekin
Errekor ahalegina egingo du bihar Estefi Etxebestek, bere jaioterrian: Iturenen (Nafarroa). Zehazki, 165 kiloko harria jasotzen saiatuko da,13:30etatik aurrera. Idoia Etxeberriak dauka errekorra orain arte, 163,4 kiloko harria altxatu baitzuen duela hamar urte, Idiazabalen (Gipuzkoa). Marka hausteko baikor dago Etxebeste. «Indartsu sentitzen naiz, eta ea gai naizen urduritasunari eusteko. Berezia izango da nire ingurukoen aurrean aritzea. Denbora asko pasatu dut prestatzen, entrenamenduak ongi joan dira, eta gogotsu nago eguna iristeko».