IDK-ko jokalaria

Lara Gonzalez: «Harro eta pozik nago 282 partida jokatu izanaz, eta ederra litzateke beste 200 jokatzea»

Datorren asteburutik aurrera, Gonzalez izango da Donostiako taldearen historian partida gehien jokatu dituen jokalaria. Gorenera iristeko gauza asko alde batera utzi dituela aitortu du, baina merezi izan duela. «Asko gozatu dut bideaz».

Lara Gonzalez IDK-ko jokalaria. ANDONI CANELLADA / FOKU
Lara Gonzalez IDK-ko jokalaria. ANDONI CANELLADA / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko otsailaren 11
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lara Gonzalez IDK-jo jokalaria (Donostia, 1994) ohi bezain irribarretsu azaldu da elkarrizketara. Taldea egoera zailean dago, azken hamabi partidetatik bakarra irabazi baitu. Baina baikor dago. Taldeko kapitaina da, eta Donostiako taldearen historiaren parte da larunbatetik. 

282. partida jokatu zenuen aurreko asteburuan IDKrekin. Klubaren historian partida gehien jokatu dituen jokalaria zara Onintza Adurizekin batera, eta igandean gainditu egingo duzu marka. Zer esanahi du horrek zuretzat?

Zoragarria da, eta harro egoteko modukoa. Are gehiago etxekoa izanda, eta IDK nire bizitzako taldea izanda. Egia esan, ez nekien marka hori onduko nuenik, ez bainaiz halako datuak buruan dituen horietakoa. Aurreko astean esan zidaten, entrenamendu baten aurretik, eta ezusteko handia izan zen. Polita izan zen larunbateko partida baino lehen Iulenek [Olabarria jokalari ohia] 282 zenbakia zuen elastikoa eman zidan momentua. Oso eskertuta eta pozik nago. Ederra litzateke beste 200 jokatzea. 

Olabarria eta Aduriz taldekide izan zenituen. Berezia izango da halako jokalarien partida kopurua gainditzea, ezta?

Bai, berezia eta polita. Azken finean, hasi nintzenean oso gaztetxoa nintzen, eta asko lagundu ninduten. Nire kirol ibilbidean zutarri eta eredu izan dira. Asko ikasi nuen haien ondoan. Garai onetan zein txarretan ondoan izan nituen, eta oso eskertuta egongo naiz beti. Talde lana, eguneroko ahalegina, kantxan izan behar den jarrera... haiei esker ikasi nituen. Iulene klubean dabil oraindik, bulegoko lanetan, eta gertu dut. Aholkuren bat behar dudanean, tarteka harengana jotzen dut. 

Urte hauetan asko aldatu zara?

Uste dut ezetz. Ziurrenik lehen baino arduratsuagoa naiz, esperientziak hori ere eskatzen dizu eta. Gainontzean, langilea, umila eta nire taldekideen laguna naiz orain ere. 

Zer duzu gogoan lehen partidaz?

Salamancan izan zen, Perfumerias Avenidaren kontra. Pabiloia betea zegoen, eta oso urduri nengoen. Azuk [Muguruza entrenatzailea] jokatu egingo nuela esan zidan, eta lasai egoteko. 

Talde guztietan gero eta jokalari atzerritar gehiago daudela kontuan hartuta, harrobikoentzat zailagoa da gorenera iristea zu hasi zinenean baino?

Gorenera iristeko, profesional izateko, gauzak oso argi izan behar dituzu. Izan ere, ahalegin izugarria egin behar duzu. Arreta osoa hor eduki behar duzu. Nik argi nuen profesional izan nahi nuela, nire ametsa hori zela. Gauza asko utzi behar izan nituen alde batera, baina merezi izan du. Asko gozatu dut bideaz, eta horrek ere lagundu dit. Egia da gaur egun ez dela erraza. Ligan ni hasi nintzenean baino lehia handiagoa dago, askoz profesionalagoa da; gainera, fisikoki ere indartsuagoa eta ahaltsuagoa izatea eskatzen dizu, eta bizkorrago ere jokatu behar duzu. Horrek zaildu egiten du gorenera iristea. Baina txikitatik lantzen bada, posible da. Klubei ere harrobiko jokalarien alde egiteko eskatu behar zaie. Jokalari horiek zertxobait gehiago inplikatzen dira, etxekoak direlako. Denboraldi baterako fitxatutako jokalari bat hainbeste inplikatzea zailagoa da, baita klubak dituen balioak guztiz barneratzea eta ulertzea ere. Gainera, zaleak erakartzeko modu bat ere bada.

Etxeko jokalaria izateaz gain, kapitaina ere bazara. Nola lortzen duzu jokalari horiek egokitzea? Izan ere, taldea ia guztiz aldatzen da denboraldiero.

Ez da erraza. Jokalari bakoitzak bere nortasuna dauka, eta horrek eragina du. Haien jarrera erabakigarria izaten da. Nik pazientzia izateko eskatzen diet. Hasieratik egunerokoan nola funtzionatzen dugun erakusten diet. Hori ulertzea erabakigarria da, eroso sentitu daitezen. Horrekin batera, kantxatik kanpo ere bestelako planak antolatzen saiatzen naiz, guztiek elkar ezagutzeko. Klubaren balioak garbi izan ditzaten ere ahalegintzen naiz: errespetua, lana, adiskidetasuna, umiltasuna.

Atzerritar guztien artean nor nabarmenduko zenuke?

Toch Sarr. Arrasto handia utzi zuen hemen. Iuleneren eta Onintzaren antzera, erreferentea izan zen niretzat. Asko lagundu eta erakutsi zidan. Une ahaztezinak bizi izan genituen. Ederki ulertu zuen klub honen nortasuna, eta hirira bikain egokitu zen. Nortasun handiko jokalaria zen, bolada zailetan taldearen ardura hartzen zuena. Aurrekoan, gauden egoera kontuan hartuta, zera esaten nion taldekide bati: «Toch hemen egongo balitz, errieta egingo liguke».

IDKn egon zarenean entrenatzaile bakarra izan duzu: Azu Muguruza. Zer esango zenuke haren inguruan? Nolako harremana duzue?

Ama baten parekoa da. Denbora gehiago pasatzen dut harekin nire amarekin baino. Elkar ondo ezagutzen dugu, biak nortasun handikoak gara, eta gure gorabeherak eta eztabaidak izaten ditugu. Baina ondo ezagutzen dugu elkar, eta biek helburu bakarra dugu: taldeak aurrera egitea, eta elkarri laguntzea. Aurreko denboraldian, adibidez, bilera mordoa egin genituen egoera iraultzeko.

«Azu [Muguruza] eta biok nortasun handikoak gara, eta gure gorabeherak izaten ditugu. Baina helburu bakarra dugu: taldeak aurrera egitea eta elkarri laguntzea»

Zuri kostatzen al zaizu egunerokoan saskibaloia alde batera uztea?

Zaila da, batez ere taldea gaizki dabilenean. Beti zaude egoera nola hobetu pentsatzen. Baina ikasiz joan naiz, eta ona da behin eguneko jarduna amaitutakoan alde batera uztea. 

Zaragozan ere jokatu zenuen bi denboraldiz. Nolakoa izan zen esperientzia?

Ederra. Hemen gustura eta eroso nengoen. Baina esperientzia berriak probatzeko beharra nuen, erosotasun hori alde batera uzteko beharra. Carmenekin [Muguruza presidentea] eta Azurekin hitz egin nuen, eta ulertu zuten. Zaragozan hazi egin nintzen pertsona zein kirolari moduan. Gainera, Espainiako Kopa bat ere irabazi nuen, eta gorenera iristen den edozein jokalariren ametsa bete nuen: titulu bat irabaztea.

Itzuli zinenetik, denetik egokitu zaizu: Europarako sailkatu zineten, aurreko denboraldian azken jokaldian lortu zenuten mailari eustea. Oraingo honetan, oso ondo hasi zineten, baina orain bolada oso txarrean zaudete... Nola daramazue hori guztia?

Zaragozarekin Europan jokatzeko aukera izan nuen, baina etxeko taldearekin jokatzea zoragarria izan zen. Aurreko denboraldia, berriz, oso gogorra izan zen. Europan oso ondo aritu ginen, baina ligan oso gaizki. Zorionez, azken partidetan klub honek egoera zailak gainditzeko dituen gaitasuna eta nortasuna erakutsi genituen, eta mailari eustea lortu genuen. Inoizko denboraldi gogorrena izan zen. Lasaitu ederra hartu genuen. IDKn bizi izan dudan garairik ederra eta zailena izan da aldi berean. 

Denboraldi honetan zer ari zaizue gertatzen?

Oraindik asmatu ezinik gabiltza. Esango nuke oso frustratuta gabiltzala, eta mentalki ere ez dugula gainbehera horren irtenbidea topatzen. Autokritika ere egin behar dugu. Galtzen joan arren, ezin dugu burumakur geratu. Ea egoera irauli, liga estuasunik gabe amaitu eta Kopaz disfrutatzerik dugun. Merezi dugu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA