Cornella El Praten iragan larunbatean lortutako garaipenari esker, etorkizuna argiago ikusten dute Osasunako jokalariek eta arduradunek. Jose Luis Mendilibarrek entrenatzen duen taldearentzat, sasoi honetan irabazitako bigarren partida izan zen, etxetik kanpoko lehendabizikoa. Unerik aproposenean lortu zuten bolada txarra amaitzea gorritxoek, oraindik sailkapeneko azkeneko postuan izanagatik sasoi hasierako helburua bete dezaketela eta horretarako entrenatzailea aldatu beharrik ez dagoela erakutsi baitzuten Espanyolen zelaian.
Baina garaipenaz gain, egon zen beste albiste on bat ere: bigarren taldean aritutako bost jokalari hasieratik aritu ziren, eta bigarren zatian harrobiko zortzi jokalari ere izan ziren une batean zelaian. Aspaldian inoiz ez bezain harro egon daitezke Osasunako zaleak Taxoareko harrobiaren ekarpenarekin.
Andres Fernandez, Miguel Flaño, David Timor, Raoul Loe eta Kike Sola hasieratik aritu ziren Cornella El Praten. Bost jokalariotatik, bi besterik ez dira nafarrak: Flaño eta Sola. Beste hirurek ere bigarren taldearekin aritu behar izan zuten Osasunako lehen taldean aukera izan aurretik, dena dela. Andres Fernandez bost urtez izan zen Osasunaren harrobian, Timor hirutan eta Loe bakarrean. Gainera, bigarren zatian Mendilibarrek egin zituen hiru aldaketetan hiru jokalari nafar gehiago sartu ziren zelaira: Oier Sanjurjo, Roberto Torres eta Manu Omwu. Nafarrak eta Taxoareko harrobian zaildutakoak dira hirurak.
Azken urteetan, ohikoa izan da harrobiko bizpahiru jokalari soilik ikustea Osasunaren hasierako hamaikakoetan. Bakar batekin ere ikusi izan da inoiz. Baina Espanyolen zelaian ikusitakoak etorkizunean etxeko jokalari gehiago ikusteko itxaropena piztu du. Jose Angel Zigandak asko zaindu zuen harrobia lehen taldeko entrenatzailea zenean Cesar Azpilikueta, Natxo Monreal, Jokin Esparza eta enparauei aukera emanez.
Larraintzarkoaren ordez Jose Antonio Camacho etorri zenean, ordea, bigarren taldean gutxitan hartu zuten aintzat lehen taldeko arduradunek. Harrobiko lanak ere boladak izaten dituela argudiatzen zen. Eta argudio horri jarraituz, kanpoko jokalari ugari fitxatzen hasi zen Osasuna bigarren talderako ere. Ez omen zegoen baleko nafar jokalari nahikoa belaunaldi hartan. Ez,behintzat, nafarrekin soilik bigarren taldeari Bigarren B Mailan eusteko. Timor, Andres eta Loe garai hartan etorritakoak dira, eta Huescan utzita ari den Xavier Annunziata ere bai. Bigarren taldeak politika horrekin jarraitzen du: gero eta nafar gutxiago ditu. Athleticek eta beste talde handi batzuek Nafarroako harrobian egindako esku sartzea behin baino gehiagotan salatu du Osasunak. Kontuak kontu, kanpoko jokalariak ekarrita ere zaila izango du sasoi honen amaieran bigarren taldeari Bigarren B Mailan eustea Osasunak. Azken postuan da Miguel Merino lehen taldeko jokalari izandakoak zuzendutako taldea, salbaziotik hamar puntura. Bitxia da Osasuna B-ren bolada txarra Bigarren B Mailako multzo horretan inoiz baino talde nafar gehiago daudenean iristea. Tafallako Peña Sport, Tuterako Tudelano eta Lizarrako Izarra multzo berean daude.
Espanyolen zelaian Osasunak harrobiko zortzi jokalari erabili izanak, ordea, pozik utzi ditu zaleak zein etxeko jokalariak. «Harro egoteko modukoa eta pozgarria da harrobiko hainbeste jokalari zelaian ikustea. Azpiko mailetatik jokalariak ateratzen jarraitzea izan behar da Osasunaren filosofia eta oinarria aurrerantzean ere, eta harrobiko jokalari gisa ni harro nago behintzat», esan zuen Miguel Flaño kapitainak herenegun. Atzelariak, hala ere, zehaztapen bat egin zuen. «Lehen taldean 25 jokalari daude, eta harrobikoak zein kanpokoak Osasunarentzat gauzarik onenak nahi ditugu guztiok».
Miguel Artxanko presidenteak, ordea, ez du harrobiko jokalarien datua gehiegi nabarmentzerik nahi izan: «Ez da zenbaki kontua. Osasunako jokalariak dira, eta taldean harrobitik iritsitako jokalari batzuk baditugu. Ez dut uste komeni denik azpimarratzea zeinek jokatu zuen eta zeinek ez. Taldean dauzkagun jokalariak dira, eta taldea osatzerakoan oreka izaten saiatzen gara, etxekoen alde eginez eta etxekoekin bete ezin ditugun postuetarako kanpotik jendea ekarriz», esan du aste honetan Osasunako presidenteak.
Harrobia badago
Osasunaren azken garaipenak balio erantsia izan zuen, harrobiko inoiz baino jokalari gehiagorekin lortutakoa izan baitzenHarrobiko zortzi jokalarietatik bost nafarrak ziren: Flaño, Sola, Torres, Omwu eta Oier
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu