Arrauna

Harrobiaren esperantza

Duela bi urte igotzea lortu, eta aurreko denboraldian bosgarren amaitu zuen Getariak Eusko Label Ligan eta Kontxan. Liga osoan harrobiko arraunlari gehien duen taldea da, eta, helburua eustea den arren, erakutsi du gai dela hori baino gehiago egiteko.

pettan uralde
2023ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Izerdiz bustitako kamiseta eta gihar nekatu bakoitzean ezkutatzen da harrobiaren sekretua. Abiapuntu apal honetan sortzen dira etorkizuneko kirolariak, taldearen alde dena emango duten horiek, beren ibilbidea loriaz betea izan dadin. Harrobia taldearen bihotza da, baina badago horren alde askorik egiten ez duenik ere. Getariako Arraun Elkartean ez da hala gertatzen, ordea.

2021ean igoera lortu, eta Eusko Label ligako ustekaberik handiena izan zen Esperantza. 128 puntu lortu, eta bosgarren bukatu zuen, baita Kontxako Banderan ere. Izugarrizko mugarria da, Liga osoan harrobiko arraunlari gehien duen taldea dela kontuan hartuta. Urte hauetako bidearen lekuko izan da Aimar Iraola (Getaria, Gipuzkoa, 2000). Arraunlari gazteak bederatzi urte egin ditu arraun elkartean, eta azken denboraldiak «ametsetakoak» izan direla dio. «Igoera espero gabekoa izan zen. Nahiz eta beti hor ikusi, ez duzu inoiz pentsatzen lor dezakezunik, eta lortzea ikaragarria izan zen. Hurrengo denboraldia ere izugarria izan zen. Gauza handia da etxeko hainbeste jenderekin horrelako emaitza lortzea».

Aurreko denboraldikoa barneratu ostean, erronka berarekin ekin zion Getariak denboraldiari. Iraolak argi zuen oso zaila izango zela emaitza bera eskuratzea, baina, hala ere, «lan polita» egiten ari direla esan du. «Talde batzuk ez ziren bete-betean ibili; guk, ordea, asmatu genuen geure onena ematen. Ligan eta Kontxan bosgarren izan ginen. Horrelako denboraldia egitea, aurtengo Zierbenarekin, adibidez, oso zaila da».

Ia denboraldiaren hasieratik, sailkapeneko seigarren postuan egonkortua zegoen Esperantza, baina azken asteburuan zazpigarrenera jaitsi da, Caboren emaitza onen ondorioz. Iraolak, halere,azpimarratu du taldea ondo sentitzen dela. «Esango nuke aurreko asteetako maila berean gaudela. Nahiz eta aurreko asteburuko emaitzak hain onak ez izan, ez dut uste taldearen maila jaitsi denik. Taldea motibatuta dago, eta berdin ikusten dut jendea. Itsasoan ondo aritu gara, baina ibaian ez dugu asmatu, eta ez gaude hain indartsu. Konfiantza handiagoz ateratzen gara itsasoan, eta erosoen aritzen garen eremua da, zalantzarik gabe. Hori emaitzetan ikusten da».

Talde asko prestatzen dira denboraldiko garai honetan ahal bezain ondo aritzeko. Ligaren amaieran eta Kontxako Banderan jartzen dute arreta, eta horren arabera moldatzen dute prestaketa. Getariak, ordea, beste era batera egiten du lan, Iraolaren esanetan. «Gure prestaketa ez da horretan oinarritzen. Atzetik bi talde uztea zen helburua, eta hori lortzen ari gara. Ondoren etortzen den guztia ona izango da, baina astero ekiten diogu helburu berarekin: bi ontzi utzi nahi ditugu atzetik».

Izan ere, beste talde horien inguruan mintzo da Iraola. Sailkapenean urrutien dituenez (Urdaibai, Hondarribia eta Zierbena), eta gertuen dituenez —Orio eta Donostiarra—. Getariarraren ustez, talde horiek «beste koska batean» daude, eta ezin dute beren burua haiekin alderatu. «Lehenengo bost taldeak maila bat gorago ikusten ditut, eta, nahiz eta balitekeen batzuetan huts egitea, gehiago direla uste dut. Gerta daiteke aste honetan gertatu dena ere, Cabok bigarren postuan amaitzea, baina, orokorrean, talde horiek daude egonkortuta postu horietan, eta oso zaila da haiengana hurbiltzea». Azpimarratu du talde horiek erabat egonkortu direla Eusko Label ligan, hainbat arrazoirengatik, eta «meritu handia» duela haien artean aritzeak. «Talde horiek urtero daude hor. Gu sasoirik onenean gaude, baina ez dakigu zer gertatuko den etorkizunean. Haiek, urte txarra eginda ere, gai dira sailkapenaren erdian ibiltzeko, baina, guk urte txarra eginez gero, badakigu zer gerta daiteken».

Hamahiru getariar daude Esperantza-ren tostan, eta haietako bat da Iraola. Etxekoa izateaz gain, taldeko gazteenetakoa ere bada, eta, esan duenez, gaur egun hor egotea «amets bat» da harentzat. «Azkenean, lehen taldera iritsi, herriko hainbeste jende ondoan izan, eta zer emaitza lortu ditugun ikustea... izugarria da niretzat. Taldean kuadrillako sei edo zazpi gaude, txikitako lagunak, edo bizilagunak. Agian ez gara konturatzen zer lortzen ari garen, baina uste dut urte batzuk barru konturatuko garela gure taldea zer izan den».

Ereindako haziak biltzen

Getariarentzat ez da lan erraza izan talde sendo bat osatu eta lehen mailara iristea. Oraindik ere gutxiago hartan egonkortzea. Baina ereindako haziek eman dute fruitua, eta jasotzen ari dira orain. «Ion Larrañagaren etapa hasi zenean, hamabi edo hamahiru arraunlari ginen, eta ahal genuena egiten genuen. Hasiera hartatik, askok jarraitzen dugu. Azkenean, ekonomikoki ezin bazara beste taldeen pare ibili, daukazunarekin aurre egin behar diezu. Orain arte horrela jokatu dugu, eta ondo moldatu gara».

Oraina ziurtatuta dauka Getariako Arraun Elkarteak. Esperientziadun arraunlariak dauzka eskifaian, eta batez ere, taldean benetan sinesten dutenak. Etorkizuna ez da garrantzitsuena gaur-gaurkoz, baina Iraolak badaki noizbait iritsiko dela, eta horretaz ere mintzatu da. «Gaztetxo gehiago hasi dira arraunean, baina ez nahi bezainbeste. Hainbeste kirol dagoen herri txiki batean, zaila da hainbeste jende arraunera lotzea. Harrobiko asko gaude orain, baina atzetik kadeteak datoz, eta hutsune nahiko handia dugu gazteen mailan. Ez dakit zer gertatuko den, baina momentua biziko dugu, eta datorrenari heldu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.