Jose Angel Valdes. Realeko jokalaria

«Haserre gaude oraindik ere, eta amorru biziz jokatuko dugu»

Realera iritsi zenetik momenturik gozoenean dago Jose Angel. De la Bellaren lesioak ireki zizkion ateak, eta bikain ari da. Bera ez ezik Reala ere sasoiko dagoela dio, eta uste du taldeak baduela gaitasunik Bartzelona kanporatu eta Kopako finalera sailkatzeko.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2014ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
«Etxean bezala» dago Donostian Jose Angel Valdes (Gijon, Espainia, 1986). «Ez dakit zergatik jokatzen dudan hain gutxi. Beste aukera batzuk entzuteko prest nago». Horixe aitortu zion orain urtebete eman zion azkeneko elkarrizketan BERRIAri. Kontuak, ordea, ederki aldatu dira, «onerako». Jagoba Arrasateren konfiantza osoa dauka egun, eta minutu ugari jokatzen ari da. «Taldekideen laguntzari esker lortu dut nire onena berreskuratzea». Bera ez ezik Reala ere maila bikainean ari dela dio, eta gai ikusten du Bartzelona gainditu eta kopako finalera sailkatzeko.

Iragan sasoi osoan baino gehiago jokatu duzu jada denboraldi honetan. Horrek zerbait esan nahi du.

Egia da. Ilunetik argira egin du nire egoerak. Hiru lehiaketa ofizialetan egonda, taldeak jokalari guztien beharra du, eta horrek ateak ireki dizkit. Minutuak jokatu ahala, gero eta hobeto sentitzen ari naiz, eta jada ez diot iraganari begiratzen. Oso gustura nago orain, eta hobetzen jarraitzea da nire asmoa.

Realera heldu zinenetik momenturik onenean al zaude?

Baietz esango nuke. Uste dut joan den astean partida ona jokatu nuela Bartzelonaren aurka. Realarekin jokatu dudan onenetakoa. Hurrengo egunean prentsari begiratu bat eman nion, eta guztietan nota ona ematen zidaten. Nahiz eta jokalariok ez garen prentsari kasu askorik egin zaleak, poza eman zidan nire lan ona goraipatu izana irakurtzeak. Orain arte ez dut gozatzeko aukera handirik izan, eta orain zelaian zein zelaitik kanpo gustura ari naiz lanean.

Dena den, defentsako lanean zer hobetua baduzula uste al duzu?

Asko hitz egiten da horren inguruan. Betiko kontua da. Egia da erasoan defentsan baino gehiago nabarmentzen naizela, baina ez hainbesterako. Erasora igotzen ez banaiz, igotzen ez naizelako. Eta igotzen naizenean, atzean hutsunea uzten dudalako. Ez da erraza asmatzen. Ia beti sor dezake aitzakiaren bat edozein jokalariren jardunak. Nire helburua da arlo guztietan hobetzea: bai erasoan eta bai defentsan.

Alberto de la Bellaren lesioak zabaldu zizkizun hasierako hamaikakorako ateak. Orain bueltan da De la Bella. Beldurrik ematen al dizu horrek?

Ez, ez. Poztu egiten naiz osatu delako. Aurkaria bainoago, laguna dut Alberto. Asko irakasten ari zait. Taldeak jokalari guztion beharra du, eta entrenatzailearentzat ona da aukera bat baino gehiago edukitzea postu bakoitzerako. Ez entrenatzailearentzat bakarrik, jokalariontzat ere ona da guztiok egotea. Lehiakortasuna egoteak gure jarduna hobetzen laguntzen du.

Bartzelonari aurre egiteko ia jokalari guztiok zaudete jokatzeko moduan. Zer giro daukazue zuen artean? Baikorrak al zarete?

Noski. Guk sinesten ez badugu finalera sailkatzea posible dela, nork sinetsiko du! Aukera historikoa daukagu. Baikorrak gara, eta aukera badugu Bartzelona kanporatzeko. Camp Noun 4-0 galdu izan bagenu, tira... Zailagoa izango zen. Baina 2-0eko errenta ez da hainbesterainokoa. Ziur nago eurak ere ez direla lasai zelairatuko. Daukaten hamaikakorik onena aterako dute, eta hori seinale ona da guretzat. Bartzelona munduko talderik onena izan da azken urteetan. Aro bat markatu du. Baina badirudi maila horretatik urrundu egin dela, eta hori baliatu behar dugu.

Bartzelonan bertan emaitza on bat lortzeko zorian izan zineten. Epailea ongi portatu izan balitz...

Bartzelonan hain itxura ona eman izanak baikorragoak izaten laguntzen digu. Egia da epailearen lanak baldintzatu egin zuela gure lana, baina zer egingo zaio. Asko hitz egin dugu horri buruz aldagela barruan, eta ahaztea dugu onena. Anoetan alderantziz gertatuko dela pentsatu, eta kito. Hori bai, taldea haserre dago oraindik, eta amorru biziz jokatuko dugu. Min handia egin zigun han gertatutakoak. Horregatik, kosk egitera zelairatuko gara. Ahalik eta lasterren 1-0ekoa egin, eta aurrera.

Beraz, partida hasieran gol bat sartzea izango da gakoa?

Dudarik ez dago gol azkar batek asko lagunduko ligukeela, psikologikoki batez ere. Dena den, ezin dugu burua galdu ordu erdi bete eta emaitzak hutsean jarraitzen badu. Lehentasuna golik ez hartzeak du. Pentsa, 1-0ekoa eginda ere zaila izango da kanporaketa gainditzea. Gol bat sartzen badigute, hortaz, zer esanik ez. Gainera, Bartzelona ongi ari da aspaldian partidak irabazten. Sevillaren eta Levanteren aurka, besteak beste, galtzen hasi zen, eta ondoren astindua emanda irabaztea lortu zuen. Guk erne ibili beharko dugu.

Urte eta erdi daramazu Donostian bizitzen. Barneratuta al daukazu zer litzatekeen Gipuzkoarentzat Reala final batean egotea?

Bai, bai, oso barneratuta daukat hori. Egia esan, azken egunotan Realari buruz baino gehiago hitz egin da olatuen inguruan Donostian. Ni neu ere beldurtu nau itsaso zakarrak. Hori bai, finalera sailkatzen bagara, azkar ahaztuko dira olatu kontuak. Urte asko igaro dira Realak finalik jokatu ez duela, gehiegi halako talde historiko batentzat, eta estatistika txar hori errotik mozten saiatuko gara.

Erabat egokituta al zaude hirian?

Baietz esango nuke. Lehenengo hilabeteak konplikatuagoak izan ziren, baina orain oso gustura nago. Hizkuntza da ulertzen ez dudan gauza bakarrenetakoa. Taldekideek asko hitz egiten dute euskaraz, eta saiatzen naiz zerbait ulertzen, baina ezinezkoa da.

Zure etorkizuna airean dago. Lasai al zaude?

Oraingoz lasai nago, bai. Realari laguntzea da nire helburua orain. Erromarekin daukat kontratua, baina ez dakit zer gertatuko den sasoia amaitutakoan. Realean gustura jarraituko nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.