Hasi orduko, agurrik ez

Ligan gutxien jokatzen dutenekin saiatuko da Osasuna Sportingen aurkako kanporaketari buelta ematen

Hasi orduko, agurrik ez.
Iruñea
2012ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Kopako final-hamaseirenetako joaneko partidan Molinonen jasotako 1-0koa iraultzen ahaleginduko da gaur iluntzean Osasuna Sportingen aurka, Nafarroako Erresuman. Nafarrek badakite Kopan balentriaren bat egitea zaila izango dutela sasoi honetan —kanporaketa gaindituz gero, Valentzia izango dute ziurrenik aurkari final-zortzirenetan, eta Real Madrilekin ere gurutzatu daitezke aurrerago—, baina lehen kanporaketan amore emateko asmorik ere ez dute, etxetik kanpo golik sartu ez izanak kanporaketa baldintzatu dezakeela jakin arren. Bigarren Mailako taldea da Sporting, nahiz eta iragan denboraldira arte Lehen Mailakoa izan. Espainiako taldea ez dabil batere fin ligan,17. postuan baita, jaitsieratik bi puntura. Jose Ramon Sandovalen aginduetara, taldeak apur bat egin du gora, baina ez nahikoa. Eta hori baliatu nahi du Jose Luis Mendilibarrek entrenatutako taldeak; hori, eta ustez zelaian egon beharko lukeen nagusitasuna.

Orain Osasunarentzat garrantzitsuena Liga dela ezin du inork ukatu, baina gorritxoek ez diote Kopari muzin egin nahi. Sasoi hasieran, lehen taldean 25 jokalari izatea erabaki zutenean, nafarrek bazekiten jokalari askok hamaikakoan izateko aukera gutxi izango zituztela. Mendilibarrek ia gehienei eman die aukeraren bat Ligan, baina, batik bat ezohiko jokalari horientzat, Kopak berebiziko garrantzia dauka. Ligan ukatzen zaien aukera izaten dute Kopan. Eta Ligan erakutsi ezin duten maila erakusteko aukera dute Asier Riesgok, Jon Etxaidek, Roberto Torresek eta enparauek. Gaur iluntzean, Sportingen aurka, beste aukera bat izango dute, eta ez dute nahi azkena izatea.

Sportingen gol batek gutxienez hiru sartzera behartuko luke Osasuna, baina Mendilibarrek baikor hitz egin nahi izan zuen atzo. «Joanekoan lortutako emaitza ez da ona, baina ezta txarra ere. Gol bat sartuta, kanporaketa berdinduta izango genuke, eta pazientzia izan behar dugu. Haien bila zelairatu beharko dugu, Sportingen zelai zatian ahaleginduko gara. Presarik gabe, baina, hasiera-hasieratik, etxean nork jokatzen duen erakustera irtengo gara, eta ustez maila nagusiagoko taldea zein den erakustera». Kezkarik handiena eragiten duen lehiaketa Liga izanagatik, «une batez Liga ahaztu eta kanporaketa gainditzera» zelairatuko dira nafarrak, Kopako hurrengo kanporaketan Valentziaren aurka indarrak neurtu nahi badituzte.

Patxi Puñal, Masud Xojaei, Nino, Miguel Flaño eta Alvaro Cejudo arazo fisikoekin daude, eta Alejandro Arribas eta Damia Abella deialditik kanpo utzi zituen Osasunako entrenatzaileak. Marc Bertran izan daiteke eguneko berri ona, hasieratik jokatu baitezake berriro, azken bi hilabeteetan min hartuta egon ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.