Ikustekoa izan zen Urdaibairen hasierako txanpa igandean. Arraunean bizi eta azkar egiteko, indarra eta abilezia behar da, eta taldeko lan handia. Bikain egin zuten dena Bermeoko ontziko arraunlariek. Hori guztia gauzatu aurretik, ordea, patroiak estatxa askatu behar du, epaileak bandera jaitsi orduko. Lur Uribarren patroiak azkar utzi zuen estatxa, eta aurkariak arraunean hasterako, Urdaibaik emana zuen arraunkada bat. Hor hartu zuen aldea, ondorengo metroetan handitzeko, eta hasi orduko bukatu zen estropada.
Hirugarren bandera irabazi zuen Bermeoko taldeak aurtengo San Miguel ligan. Eta, jakina, lider sendoa da, seitik hiru estropadetan aurrena izanda. Hasierako txanpa ikusgarrian oinarritu zen denak atzean uzteko, baina, gero ere, dotore egin zuen arraun. San Juan, Kaiku eta Pedreña ezinean aritu ziren traineru urdina harrapatzeko ahaleginean. Hirurak saiatu ziren, baina alferrik.
Lehen ziabogan, Pedreña izan zuen gertuen. Lau segundo atzetik zen. Ondorengo datuak erakusten du nolakoa izan zen traineru garailearen lehen luzea: San Juan eta Kaiku zazpi eta bederatzi segundora sartu ziren aurreneko maniobra horretara. Denbora horietan, kontuan eduki behar da pasaitarren eta sestaoarren kaleak ez zirela onenak igandean —badiaren barruan jokatu zen estropada, itsasoan ezin izan zituztelako balizak jarri, txarra zegoelako—, baina alde handiegia atera zien Urdaibaik.
Hantxe amaitu ziren bi traineru horien asmoak. Eta Pedreñarenak bigarren ziabogan joan ziren kareletik behera. Ziaboga txarra eman zuen, eta San Juanek aurrea hartu zion. Atzerago zetorren Kaiku, kale txarrenean ahal zuena eginez. Hirugarren luzean, San Juanek egin zuen gora. Estropada bikaina eginez, sei segundora gerturatu zitzaion lehen sailkatuari hirugarren ziabogan. Inork ez zuen pentsatu, ordea, Urdaibairen garaipena kolokan zegoenik. Azken luzean ez zen ezer aldatu lehen bi postuetan. Hirugarren eta laugarren postuetan izan zen aldaketa, Kaikuk aurrea hartu ziolako Pedreñari.
Lau traineruak sailkatu ziren estropadako lehen lau postuetan. Hondarribia izan zen bosgarren, bigarren txandan lan ederra egin eta gero. Txanda horretako bigarrena izan zen seigarren, Astillero, eta zazpigarren, Tiran, txandako hurrenkerari eutsiz. Zumaia zen laugarren partaidea bigarren txandan, eta azken-aurreko izan zen. Lehen txandan bikain irabazi zuen Camargok aurrea hartu zion, baita Oriok eta Castrok ere. Eguneko ezustea izan zen Camargo. Inork ez zuen espero txandako garailea izango zenik, eta are gutxiago, hain erraz egingo. Oriok ere ederki baliatu zuen eguna, sailkapeneko zulotik ateratzeko. Orain, azken hirugarren da. Egoerak onera egin du alderdi horretatik, eta lasaitasuna emango die hurrengo asteburuko lanak prestatzean —Pasai San Pedron eta Portugaleten jokatuko dira estropadak—. Arazoetan sartu dena San Pedro da. Larunbatean 11. egin zuenez eta igandean azkena, ez jaisteko kanporaketa jokatuko luke liga oraintxe bukatuko balitz. Zorte onik ez zuen eduki igandean, laugarren kalean aritu baitzen. Ez zuen lan onik egiteko aukerarik izan, eta garesti atera zaio asteburua.
Euskotren ligan, Zumaia
Ezustea izan zen Euskotren ligan, Zumaiak (10.42,86) aurrea hartu baitzion Galiziari (10.43,48). Ziabogan, Galizia bi segundo aurretik, baina azken luzean aurretik jarri zen Zumaia, eta horrela bukatu zen estropada. Orio 25 segundora sartu zen. A multzoko sailkapenean, berdinduta daude Zumaia eta Galizia. Oriok bi puntu ditu.
Hasi orduko bukatu zen
Urdaibaik irabazi zuen igandean Santanderren, eta hirugarren bandera du aurtengo San Miguel ligan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu