Hasiera eskasa; gero egurra

Eugi urduri kantxaratu zen, baina ondoren, pilotari emanda, erraz nagusitu zitzaion Tirapuri

unai zubeldia
2003ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Atzo amaitu zen Lau t´erdiko Txapelketako lehen fasea Eugi eta Tirapuren arteko norgehiagokarekin. Inor gutxi zegoen Tirapuren alde dirua jokatzeko prest, itxura batean Eugik aise irabazi beharreko partida baitzen atzokoa. Lehen tantoak jokatuta, ordea, bati baino gehiagori Eugik iaz Esainen aurka egindakoa etorriko zitzaion burura. Izan ere, iazko txapelketako lehen partidan huts egin zuen Agoitzen jaiotako aurrelariak.

Tirapu, sakea alde zuela aprobetxatuta, partida apurtu nahian, joko indartsua egiten hasi zen. Lehen tantoetan, piloteoan luze aritu zen Orkoiengoa, pilota astinduz, ondo moztuz eta sakearekin asmatuz. Hain zuzen ere, sakez jarraian lau tanto eginda, 1-7 aurreratzea lortu zuen Tirapuk.

Eugi, berriz, lehen tantoetan, hotz, partidan sartu ezinik aritu zen, eraman beharreko sakeren bat edo beste huts eginez eta pilota astindu ezinik. Dena den, jendea Tirapuren alde dirua jokatzen hastearekin batera, Eugi esnatu eta bere maila ematen hasi zen. Piloteoan Eugi Tirapu baino gehiago da, eta, botera jokatuta, Eugik bere nagusitasuna erakutsi zuen. Piloteo luzearen ostean, Eugik, dejadaz, dotore bukatu zuen tantoa (2-7).9-7 aurretik jarri arte, maisuki aritu zen agoiztarra, sakean asmatuz, piloteoan luze jokatuz, eta ahal zuen guztietan tantoa bikain bukatuz.

Hortik aurrera jokoa trakestu egin zen, bi pilotariak hutsak bata bestearen atzetik pilatzen hasi baitziren. Dena den, Eugik pilota oso gogor astindu zuen, eta eskuinez, behinik behin, fresko dagoela ikusi ahal izan zen. Atzokoan, ordea, partidako lehen zatian batez ere, huts handiak ere egin zituen Eugik.

Tirapu, hasiera indartsuaren ostean, ezinean aritu zen. Piloteoan luze jokatzen saiatu zen, baina Eugik jarritako erritmoari ezin izan zion eutsi. Eugiren pilotek pisu handia zuten, eta partida erditik aurrera pilota horiei ezin izan zien eutsi. 10-9, estu-estu zihoan partida, baina Eugik, pilota hobeto mugituta, 19-10 ihes egin zuen markagailuan.

Hortxe ikusi ziren partidako tantorik ederrenak. Eugik pilota bikain zabalduta lortu zuen 19-10 aurretik jartzea, eta, ondoren, Tirapuk, tanto nahasian, ezker gantxo dotorea eginda bukatu zuen tantoa (19-11). Tirapuk beste tanto bat egin bazuen ere, berandu zen jada, eta Eugik, partida oso txukuna jokatu gabe, azkenerako nahiko erraz irabazi zuen partida.

Beloki-Eugi larunbatean

Atzoko partida irabazita, Eugik Belokiri egin beharko dio aurre, larunbatean, Balmasedan (Tolosan jokatuko da agian partida hau). Belokik eta Eugik, profesionaletara pasa zirenetik, hamaika aldiz neurtu dituzte indarrak, eta larunbatean, berriz ere, elkarren aurka jokatu beharko dute. Irabazleak, gainera, lehengo urteko txapelduna izango du zain, Aimar Olaizola, nahiz eta agian goizuetarra azaroaren 2an jokatu beharreko partidarako ez den osatuko.

Eugik eta Belokik jokatuko duten partidaz gain, beste hiru norgehiagoka ere izango dira astebukaeran. Martinez Irujok eta Capellanek Eibarren jokatuko dute, igandean, eta irabazleak Barriola izango du zain hurrengo partidan. Olaizola I.ak eta Titin III.ak ere, igandean, Arrasaten neurtuko dituzte indarrak, Unanueren aurkako partidarako txartela jokoan dutela. Azkenik, astelehenean, Tolosan jokatuko dute Kokak eta Nagorek. Irabazlea Esainen aurka ariko da hurrengo norgehiagokan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.