Goiza da, eta itxita dago Zaratamoko pilotalekua (Bizkaia). Kartel bat dago sarrerako atean. Upo Mendi herriko pilota klubarena da. 5 urtetik aurreragoko gaztetxoak pilotan jokatzera animatzen ditu. Argazki bat dago, eta horretan herriak emandako bi pilotari onenak ageri dira: Mikel Urrutikoetxea eta Danel Elezkano. Biak hamarkada luze batez aritu dira gorenean. Igandetik aurrera, ordea, ez da izango pilotari profesionalik Zaratamon: Elezkano II.ak iazko urrian hartu zuen erretiroa, 31 urterekin. Urrutikoetxeak, berriz, bihar esango du agur, 36 urterekin. «Duela gutxi jarri dute kartela. Ea gazteak animatzen diren», esan du Urrutikoetxeak.
Larunbatean jokatuko duzu azken aldiz. Zer moduz zaude?
Lasai eta urduri. Lasai, aspaldi hartu bainuen erabakia; eta urduri, egun berezia izango baita: azken partida jokatuko dut, non eta Bilbon.
Aspaldi hartu zenuen erabakia, baita jakinarazi ere. Horrek mesede egin dizu?
Bai. Duela urtebete hartu genuen erabakia enpresak eta biok. Niretzat garairik onena zein zen kontuan hartuta erabaki genuen, eta, nire ustez, hau da garairik onena. Duela sei hilabete esan nuen noiz jokatuko nuen azkenekoz, eta azaldu nire helburua azken sei hilabeteetan pilotaz gozatzea eta ahalik eta ondoen aritzea zela. Gustura nago, lortu baitut. Orain, ondo aritu nahi dut azken partidan.
Nolakoak izan dira azken sei hilabeteak?
Espero baino hobeak. Uda garai polita da pilotariontzat. Nik urtero toki askotan jokatu izan dut, eta oso ondo tratatu naute beti. Horregatik, toki horietan jokatu nahi nuen, nire esker ona adierazteko. Herri asko oso ondo portatu dira, eta omenaldia egin didate. Niretzat hori da garaipenik handiena. Oso eskertuta nago.
Egunen bat duzu bereziki gogoan?
Zaratamokoa berezia izan zen. Hemen hasi nintzen 6 urterekin, eta 30 urteren ostean omenaldia jasotzea oso polita izan zen. Gainera, klubak 50 urte bete ditu, eta herriak emandako beste pilotari profesionalak omendu zituzten egun berean. Oso polita izan zen.
Prest zaude biharkorako?
Inoiz ezin da egon horretarako prest. Oso egun berezia izango da, azken pilotakadak joko baititut zuriz jantzita. Zaila izango da, ez baitut minik, eta ondo bainago, baina uste dut erabaki ona dela. Jakin behar da noiz utzi; nire ustez, garai aproposean utziko dut, eta etorkizunean eskertu egingo dut.
Zabaletarekin jokatuko duzu, Altuna III.aren eta Albisuren aurka. Zergatik pilotari horiek?
Enpresaren eta bion artekoa izan da. Hastear dira sanmateoak, eta hori kontuan hartu beharra zegoen. Udan enpresako pilotarien aurka jokatu dut gehien, eta nik Jokinen aurka jokatu nahi nuen, ez buruz buruko txapelduna delako, baizik eta aspalditik oso harreman ona dugulako. Harekin batera, argi nuen Albisuk jokatzea nahi nuela. Ia adinkideak gara, eta urte askoan aritu gara elkarrekin jokatzen eta entrenatzen. Joserekin [Zabaletarekin], berriz, behin bakarrik jokatu dut. Partida polita eta berezia da. Ea ondo doan. Gero, afaria dugu. Pixka bat urduri nago, dena ondo ateratzea nahi dut; amaiera polita izatea nahi dut.
«Jakin behar da noiz utzi; nire ustez, garai aproposean utziko dut, eta etorkizunera begira eskertu egingo dut»
Asebeteta utziko duzu?
Bai. Oso pozik nago egin dudan ibilbidearekin. Hasierako helburuak txiki geratu dira lortu dudan guztia ikusita. Lehenbizi, gaztetako ametsa egia bilakatu nuen: profesionala izatea. Gero, amets hori txiki geratu da, hiru modalitateetan txapeldun izan bainaiz. Hemendik aurrera balio gehiago emango diot horri, zortzi pilotarik bakarrik lortu baitute. Oso zaila da, eta nik lortu dut. Oso pozik nago.
Hamasei urte egin dituzu gorenean. Espero zenuen halakorik?
Ez. Ametsa debutatzea eta erreferente nituen pilotariekin entrenatzea eta lehiatzea zen. Lortu nuen hori, eta, gero, hamasei urtez aritu naiz profesionaletan. Oso gutxik lortzen dute hori, baina zortekoa izan naiz.
Noiz pentsatu zenuen pilotan etorkizuna izan zenezakeela?
Oso ondo gogoratzen dut 16 urterekin profesionalekin egin nuen lehen entrenamendua. Matienan partida bat jokatu eta gero, Anizeto Lazkano etorri zitzaidan esanez Tolosara joateko entrenatzera. Sekulakoa izan zen, eta zer esanik ez frontoira iritsitakoan telebistaz ikusten nituenekin egotea aldagelan: Unanue, Asier eta Aimar Olaizola, Begino, Beloki, Patxi Ruiz, Saralegi, Pablo [Berasaluze]... Horrek inpresio handia egin zidan. Ametsa bizirik zegoen: gero eta hobeto ikusten nuen neure burua. Azkenean, 20 urterekin, debuta egiteko aukera eman zidaten. Egundoko poza hartu nuen.
«Ametsa debutatzea eta erreferente nituenekin entrenatzea eta lehiatzea zen. Lortu nuen, eta, gero, hamasei urtez aritu naiz profesionaletan. Oso gutxik lortzen dute hori»
Nola gogoratzen duzu debuta?
Oier Mendizabalek eta biok 22-12 galdu genuen Arretxeren eta Beginoren aurka, Arrigorriagan. Frontoia goraino bete zen, eta berotzen ari nintzela oso urduri nengoen. Gero, segituan konturatu nintzen hori ez zela afizionatuen maila, eta oso zaila zela kolpearekin bakarrik irabaztea. Aurkariak zaildutako pilotariak ziren. Lehen bi urteetan asko kostatu zitzaidan: egin gabe nengoen, oso argala nintzen, partidak gogortzen zirenean asko sufritzen nuen... eta, batez ere, eskuko arazo asko izan nituen. Ezin nion segida eman jokoari, eta sumatu egiten nuen.
Bide malkartsu horretan mugarri bat izan zen: 2013an eta 2014an buruz buruko finalerdiak jokatu zenituen.
Hala da. 2013an Aimarren aurka galdu nuen, eta 2014an, Irujoren kontra. Haiek ziren nagusi garai hartan. Biei eutsi egin nien partida erdira arte, baina, gero, haiek gailendu ziren. Hala ere, orduan hasi nintzen sinisten lana eginez gero final bat joka nezakeela.
Pentsatu, eta lortu ere bai. 2015eko buruz burukoa jokatu zenuen, azken orduan Oinatz Bengoetxeak min hartu baitzuen.
Pena izan zen horrela sartzea finalera, Oinatzekin oso harreman ona bainuen. Astebete lehenago esan zidaten atzamarra hautsi zuela eta prest egon behar nuela. Ezustean harrapatu ninduen. Gainera, haren aurka galdu nuen finalerdia. Baina niretzat ametsa zen Aimarren aurka final bat jokatzea. Banekien ondo jokatuz gero lana emango niola; askotan entrenatu nintzen harekin, eta banekien nola jokatzen zuen. Oso partida gogorra izan zen. Erraz hasi nintzen, eta zortzi tantoren aldea lortu nuen. Baina Aimarrek 19na berdindu zuen. Fisikoki hura ni baino hobeto zegoen, baina, zorionez, bi tanto egin nituen sakez, eta irabazi egin nuen.
Lau eta erdikoa eta binakakoa irabazi zenituen jarraian. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Ez nuen sentitzen demostratzeko beharrik. Dena ondo doanean, gauzak erraz ateratzen dira. Lau eta erdikoan, Irujori irabazi nion ligaxkako lehen partida, Bilbon, eta horrek indar handia eman zidan sinisteko ondo aritu nintekeela. Gero, txapel hori ere irabazi nuen.
«Lehen bi urteetan asko kostatu zitzaidan: egin gabe nengoen, oso argala nintzen, partidak gogortzen zirenean asko sufritzen nuen, eta eskuko arazo asko izan nituen»
Ametsa izan bazen Olaizolari txapel bat irabaztea, zer izan zen harekin txapel bat irabaztea?
Sekulako ilusioa egin zidan Aimarrekin jokatzeak. Oso txapelketa ona egin genuen, hasi eta buka. Pena bakarra izan zen finalean Juanek min hartu zuela, partida polita baitzen.
Atzelari aritu zinen. Inor ez da txapeldun izan postua aldatuta.
Ez zen erraza izan. Aurretik behin jokatu nuen Aimarrekin sanmateoetan, eta finalera iritsi ginen. Horrek lagundu egin zidan erabakia hartzeko orduan. Gainera, Aimarrekin aritzeak lanak errazten dizkio atzelariari. Oso ondo ulertu genuen elkar hasieratik, eta nabaritu egin zen kantxan.
Garai politak dira horiek. Baina izan dituzu zailak; adibidez, 2018an, denbora luzez egon zinen min hartuta.
Mononukleosia izan nuen, eta uda osoan egon nintzen kirola egin ezinik. Kirolari batzuek erretiroa hartu behar izan dute gaixotasun horren ondorioz: Beñat Intxausti txirrindulariak, adibidez. Pilotan berriro ez jokatzeko beldurra nuen. Zorionez, lau hilabeteren ostean itzuli nintzen, eta 2019an buruz buruko finala jokatu nuen Irribarriaren aurka. Buruari sinetsarazi nion garai txar hori pasatuta zegoela.
Kolpe gogorragoa hartu zenuen gero: amaren gaixotasuna eta heriotza.
Final hori jokatu eta gero, gustura nenbilen, baina abuztuan, Bilbon, partida batean, zuntz haustura handia izan nuen bularraldean. Osatzen ari nintzela esan ziguten ama gaixo zegoela, eta ez zuela sendabiderik. Hiru hilabete egon nintzen jokatu gabe, lau eta erdikoa telebistan ikusten, eta amaren gaixotasunarekin sufritzen. Oso garai gogorrak izan ziren. Asko kostatu zitzaidan lehengora itzultzea.
«Ahal dudan guztia egingo dut amari txapel bat eskaintzeko», esan zenuen ama hil ostean. Ez duzu lortu. Arantza duzu?
Bai. Saiatu naiz, baina ez dut lortu. Binakako finala jokatu nuen Aimarrekin 2020an, pandemia garaian, baina aurkariak gehiago izan ziren [Ezkurdia eta Martija].
Pandemian izan zen greba Baikon —Urrutikoetxeak, Olaizolak eta Ander Imazek ez beste guztiek bat egiten zuten grebarekin—. Nolakoa izan zen garai hori?
Oso gaizki pasatu nuen. Dena izan zen jarraian: lesioa, amaren gaixotasuna eta heriotza, pandemia, eta greba. Lehen egunean erabaki nuen kanpoan geratzea. Ez nuen neure burua gai ikusten ezer egiteko. Lasai egon nahi nuen. Gainera, uste nuen pandemian egonda ez zela gauza batzuk eskatzeko garaia; egoera oso zaila zen munduan, eta ez genekien zer gertatuko zen. Handik hilabete pasatxora hasi ziren enpresaren eta pilotarien arteko liskarrak. Oso gaizki pasatu nuen, asko kritikatu baininduten. Baina nik nahikoa nuen nire gauzekin, eta, gainera, hasieratik kanpoan geratzea erabaki nuenez, ez nuen gertatzen zenaren informaziorik. Lasai nago egin nuenarekin. Ez nuen ezer egin asmo txarrez.
«Azken bi urteetan jarrera aldatu dut txapelketetan, eta poza eta gozamena izan ditut helburu. Horri esker, berriro pilotaz gozatzea lortu dut»
Laguntza eskatu zenion Igor Jauregi psikologoari.
Asko eskertzen diot Igorri. Ez nintzen gai egunerokoan gozatzeko: partidetan, gaizki pasatzen nuen, beldur asko nituen, eta etxera negarrez itzultzen nintzen; etxean, berriz, oso triste nengoen. Ikusi nuen laguntza behar nuela zulo horretatik ateratzeko. Igorrengana joatea gomendatu zidaten, eta joan egin nintzen. Astero joaten nintzen; asko kostatzen zitzaidan; negar asko egin dut haren kontsultan. Baina, pixkakana, laguntza horrek mesede egin zidan.
Horri esker, azken urteetan, emaitzak apalagoak izan arren, lortu duzu berriro pilotan eta egunerokoan zoriontsu izatea?
Bai. Kostatu zait berriro ohi bezain ondo aritzea. Txapelketa aurkezten zenean demostratu beharrak beldurra ematen zidan. Partida bost egun lehenago hasten nintzen jokatzen, etxean buruari eragiten. Eta gero, ez nintzen gai ohi bezain ondo aritzeko. Azken bi urteetan, ordea, jarrera aldatu dut txapelketetan, eta poza eta gozamena izan ditut helburu. Horri esker, berriro pilotaz gozatzea lortu dut.
Pilotari lotuta jarraituko duzu?
Argi dut ez dudala gehiago jokatuko: enpresa berean hasi eta bukatu nahi dut. Baina beti jarraituko dut pilotari lotuta, 30 urte baitaramatzat jokatzen. Frontoira joango naiz aurrerantzean ere, eta, nire umeetako baten bat pilotan jokatzera animatzen bada, gustura lagunduko diot frontoira.
Teknikari lana gustatzen zaizu?
Bai. Gustatzen zait gazteei erakustea eta nire ikuspuntua ematea. Horrez gain, entrenatzeko bi guneren ardura daukagu.
Zer egingo duzu igande goizean?
Lasai egon. Baditut beste betebehar batzuk: umeek ez dute barkatzen [barrez].
MOTZEAN
Bikotekide bat? Pablo.
Aurkari bat? Aimar.
Frontoi bat? Bilbokoa.
Partida bat? Aimarri irabazi nion buruz buruko finala, eta Irujori irabazi nion lau eta erdiko finala.
Garairik onena? Txapelak.
Eta txarrena? Amaren heriotza.
Idolo bat? Aimar.
Zer eman dizu pilotak? Lagun asko.
Eta kendu? Asteburu asko.