Azken-aurreko bidaia egin du Javier Urrizak (Iruñea, 1981) Galarretara erretiroa hartu aurretik. Seve Arzelus betiko entrenatzaile, botilero eta bidelagunarekin egin du bidaia, autoz. Ez da izan beste edozein bidaia bezalakoa. «Saihetsezina izan da pentsatzea azkeneko entrenamendua egingo dudala. Baina saiatu gara partidaren kirol arloari buruz bakarrik hitz egiten; ahalik eta lehiakorren aritzea da erronka. Hala ere, ezin dut ezkutatu badudala nostalgia pixka bat. Baina, aldi berean, badut azkeneko eguna bizitzeko ilusioa eta gogoa. Ziur naiz oso polita izango dela», aitortu du. Kantxan izan da elkarrizketa. Hutsik dago harmaila. Gaur, ordea, gainezka egingo du.
Gaur jokatuko duzu azken partida. Zer sentitzen duzu?
Sentimendu ezberdinen nahasketa bat dut: batzuetan, oso gogotsu nago azken partida bizitzeko; beste batzuetan, ordea, pena pixka bat dut, azkenekoz jokatuko baitut; eta, beste batzuetan, urduritu egiten naiz, dena ondo ateratzea nahi baitut. Emozio festa bat dut barruan. Hala ere, oso konforme nago, eta oso gogotsu azken momentu hau iritsi eta hura bizitzeko. Badakit kosta egingo zaidala emozioari eustea.
Xabier Azpirozekin jokatuko duzu azken partida, Kemen Aldaberen eta Endika Barrenetxearen kontra. Zuk zeuk erabaki duzu hori horrela izatea?
Enpresarekin adostu dut. Asmo bat baino gehiago zegoen: hiruko baten aurka jokatzea, errebantxa kutsuko partida bat... Azkenean, enpresak nire iritzia errespetatu du, eta nire gustuko partida bat jokatuko dut. Polita izango da Labriteko errebantxa jokatzea. Xabi, Kemen, Endika... hirurak sekulako mutilak dira; hirurekin dut oso harreman ona. Seguru nago aldagelan ondo pasatuko dugula, eta azken une hauetaz gozatuko dugula.
Bost hilabete pasatu dira noiz erretiratuko zinela esan zenuenetik. Horrek lagundu dizu datorrena barneratzen?
Bai. Baina denbora oso azkar pasatu da, eta nire irudipena da atzo esan nuela noiz erretiratuko nintzen. Hala ere, denbora izan dut datorrena barneratzen joateko: partidak, entrenamenduak... atzerako kontaketa ez da gelditu, eta kontziente izan naiz hau bukatzear zegoela. Azkenean, iritsi da azken partidaren eguna, baina oraindik ez naiz guztiz kontziente azkena izango dela. Seguru nago gaur gauza oso politak biziko ditugula. Saiatuko naiz dena ahalik eta ondoen kudeatzen. Pozik eta zoriontsu hartu nahi dut, erabakia oso ondo pentsatua baita, eta oso konbentzituta bainago. Nire ametsik ederrenean ere imajinatuko ez nuen kirol ibilbide bat egin dudala ospatu behar dut.
Zera esan zenuen agurreko prentsaurrekoan: «Azkenera arte lehiakor izan nahi dut, eta ahal dudan gehien gozatu». Esan, eta lortu ere bai.
Bai, baina ez da erraza izan: sentimenduak errusiar mendi baten moduan izan ditut azken hilabete hauetan, batez ere arrazoi pertsonalak direla eta. Lehenbizi, zaila izan zen hilabete geldirik egon eta gero sasoiko jartzea. Zorionez, behetik gora egitea lortu nuen. Labriteko agurra ikaragarria izan zen. Zaila izango da hura hobetzea; ez dakit zer egingo duten Galarretan, oso goian baitago langa. Azkenik, ederra izan zen Erremontari-ko finala jokatzea; kirol arrakasta izan zen. Pena izan zen azken txapel hori ez irabazi izana, baina sekulako maila dago egungo erremontisten artean. Azken partidaz gozatu nahi dut, baina baita lehiakor izan ere. Hori egiten badut sentituko naiz ondo.
Oso lehiakor aritu zara azkenaldian. Inoiz pentsatu duzu agian segitu zenezakeela jokatzen?
Ez. Asko eta ondo pentsatutako erabakia izan da uztearena. Aspalditik nuen oso argi hau zela uzteko garaia. Ez zegoen atzera-bueltarik. Nire obsesioa azkeneraino lehiakor izatea zen. Hori lortzen banuen, nire erabakiak indar handiagoa izango zuen. Ez banuen lortzen, aldiz, pena emango zidan azkeneraino lehiakor ez izanak.
«Pozik eta zoriontsu hartu nahi dut agurra. Nire ametsik ederrenean ere imajinatuko ez nuen kirol ibilbide bat egin dudala ospatu behar dut»
Azken bost hilabete hauetan baduzu une kutunen bat?
Labriteko agurra, dudarik gabe. Sekulakoa izan zen kirol arloan zein arlo emozionalean. Gaindiezina da. Horretaz gain, oroitzapen polita dut Erremontari txapelketaren bigarren zatiarena: nabari nuen bikotekidea eta biok gero eta lehiakorragoak ginela, eta behetik gora egiten ari ginela. Azken ahalegin honek merezi izan zuela sentitu nuen.
Familia osoa egon zen Labriteko agurrean, tartean ama. Handik gutxira hil zen. Baduzu pena hori?
Bai, handia, eta hura ez egoteak are eta bereziago egingo du azken egun hau. Amak aspalditik nahi zuen nik erretiroa hartzea; kezkatuta zegoen nire osasunagatik. Zinez ederra izan zen ama Labriteko agur horretan egon izana. Pena handia da ezin duela azken agurrean egon, baina horrelakoa da bizitza, eta aurrera egin beharra dago.
Kirolari orok nahi du ibilbide luze eta oparoa egin. Zuk horrelakoa egin duzu: hemezortzi urte baino gehiago aritu zara gorenean, eta 30 txapel irabazi dituzu.
Hala da, eta pribilegiatutzat daukat neure burua. Profesionaletan jokatu ahal izan dut modalitate batean; ederra da erremontea, eta pasioa sentitzen dut horretan jokatzen. Izugarri gozatu dut, eta zortea izan dut osasuntsu egoteaz: min txiki batzuk besterik ez dut izan, inoiz ez lesio larririk. Kirol emaitzak, berriz, inoiz imajinatuko ez nituen bezain onak izan dira. Oso eskertuta nago kirol ibilbide hau egin dudalako. Erabat asebeteta noa.
Zera esan duzu behin eta berriro: «Irabazitako txapelak baino gehiago, bizi izan ditudan beste gauza asko hartuko ditut gogoan betiko».
Oso argi dut hori. Erremontea bizitzeko modu bat eta bizi lezio bat izan da. Pertsona pila bat ezagutu ahal izan ditut, eta bizitza guztirako lagunak egin. Argi geratu zait ahaleginari eta konstantziari esker gauza pila bat lor daitezkeela. Hori da garrantzitsuena. Txapelek palmareserako eta zutaz hitz egin dezaten balio dute, baina niri erremonteak hori baino askoz gehiago eman dit. Horri ematen diot baliorik handiena.
25 urterekin hasi zinen erremontean. Koteto Ezkurra, adibidez, 16 urterekin hasi zen. Baduzu pena lehenago hasi ez izanaz?
Ez dakit. Agian, lehenago hasi izan banintz, ez nuen horrenbeste gozatuko palan jokatzen, eta ez nituen beste gauza batzuk bizi izango: munduko bi txapelketa jokatu nituen [bitan izan zen munduko txapeldun], eta jende pila bat ezagutu nuen. Hasieratik erremontean aritu izan banintz, agian gauza gehiago lortuko nituela? Ziurrenik, bai. Baina inoiz imajinatuko nuen baino askoz gehiago lortu dut erremontean. Ez zait arantza bakar bat ere geratu.
«Txapelek palmareserako eta zutaz hitz egin dezaten balio dute, baina niri erremonteak hori baino askoz gehiago eman dit»
Kike Elizalderi eta Seve Arzelusi zenbat aldiz eskertu diezu halako matraka eman izana pala utzi eta erremontean hasteko?
Askotan, baina ziurrenik ez nahikoa, egunerokoaren gurpilean horrelakoak ahaztu egiten baitituzu. Kikek sekulako gogoa jarri zion erremontean jokatzen ikas nezan. Sevek, berriz, urte pila batean ordu pila eskaini dizkit. Ez dut hitzik eskertzeko niregatik egin duena, eta inoiz ezingo diot merezi duen behar beste eskertu.
Onena izan zara urte askoan. Gozatu egin duzu, ala presioak ez dizu utzi?
Biak sentitu ditut: gozamena eta presioa. Hasieran gozatu nuen gehien: ez nintzen inortxo ere, eta onenengandik ikasten nenbilen. Pixkanaka, gora egin nuen, eta azkenean lortu nuen erremontean zebiltzan izarrekin nor baino nor gehiago aritzea. Izugarri gozatu nuen garai hartan. Gero, goian zaudenean, fokupean, denek irabazi nahi dizutenean eta faboritoa izatearen zama duzunean, agian ez duzu horrenbeste gozatzen. Baina, aldiz, asko ikasten da, eta gauza asko baloratzen dira. Finean, bizi lezioak dira.
Beldurra diozu erremontea utzi ondorengo egunari?
Ez, inola ere ez. Zorionez, erremontean jokatzeaz gain, lan egin dut beti, eta familia eta bikotekide ederra dut. Ezin izan ditut gauza asko egin erremontean jokatzeagatik, eta, orain, horiek egin nahi ditut.
Adibidez, zer egin nahi duzu?
Lan esparruari dagokionez, gustatuko litzaidake bete-betean aritzea, eta nire garapenean lagundu diezadaketen gauzak egitea: adibidez, master bat egitea. Egunerokoan, berriz, asko bidaiatu nahi dut bikotekidearekin, familiarekin eta lagunekin; eskiatu, urpean igeri egin, tenisean eta saskibaloian jokatu, musika instrumentu bat jo... Ez dut nahikoa bizitza izango egin nahi dudan guztia egiteko; jakin-min handia dut. Denbora aprobetxatuko dut horietako batzuk egiteko.
Itxura du ez zaizula asko kostatuko erremonteak utziko dizun hutsunea betetzen. Hala da?
Bai. Badakit kirola egiten jarraituko dudala, baita entrenatzen ere; finean, badakit neure burua zainduko dudala. Lagunarteko partidekin ordezkatuko dut lehia. Seguru nago hutsunea sumatuko dudala, batez ere Galarretara etortzen naizenean, hona etortzen jarraitzeko asmoa baitut. Baina ez dut uste hutsune handia sumatuko dudanik.
«Gustatuko litzaidake jendeak nitaz esatea mutil ona eta zintzoa izan nintzela, eta azken egunera arte barruan zuen guztia eman nuela»
Lehen azpimarratu egin duzu: lana egin duzu beti. Horrek mesede egin dizu?
Bai, dudarik gabe. Lagundu egin dit erlatibizatzen eta egun osoan fokua kirolean ez jartzen. Buruan hamaika lan kontu izanda frontoira iristen nintzenean, ahaztu egiten nuen dena, eta kantxan jartzen nuen arreta osoa; eta alderantziz. Elkarren osagarri dira: batek bestetik deskonektatzen laguntzen dizu. Batzuetan, zaila izan da lana eta erremontea uztartzea, baina mesede egin dit, eta oso pozik nago, biak egin ahal izan baititut.
Erremontean jokatzeari utziko diozu, baina gustatuko litzaizuke kirol horri lotutako zerbait egitea? Hitz egin duzu zerbait enpresarekin?
Ez dugu ezer zehatzik hitz egin, baina haiek badakite erremonteak eta enpresak asko eman didatela, eta zerbait behar badute edo zerbait eskaini badiezaieket hemen izango nautela laguntzeko prest. Zaila izango da lanarekin uztartzea, eta are gehiago ni Iruñean egonda, baina saiatuko naiz erremonteak eman didana erremonteari itzultzen.
Nola nahi zenuke jendea zurekin gogoratzea?
Gustatuko litzaidake jendeak nitaz esatea mutil ona eta zintzoa izan nintzela, eta azken egunera arte barruan zuen guztia eman nuela.
LABURREAN
Bikotekide bat?
Ezingo nuke bakarra esan. Miguel Mari Urrutia, Jose Javier Etxeberria eta Endika Barrenetxea.Aurkari bat?
Koteto Ezkurra. Izugarri ikasi nuen harekin.Frontoi bat?
Galarreta.Partidaren bat gogoratzen duzu bereziki?
Binaka irabazi nuen lehen txapela, Lizasorekin, 2007an. Ezusteko handia izan zen, lehen urtea bainuen profesionaletan. Sekulakoa izan zen.Unerik onena?
Labriteko agurrean bizi izan nuena. Ez dut inoiz ahaztuko.Eta txarrena? Finalak galdu izan ditut, eta haserre joan naiz etxera, baina ez dut egun txar-txarrik izan. Gainera, egun guztietatik saiatu naiz zerbait ikasten.
Idolo bat? Rafa Nadal tenislaria. Saiatzearen eredu izan da.