Txirrindulari ohia

Unai Zubeldia: «Hasieratik garbi neukan ziklismoak ez zuela zertan izan nire ogibidea»

Oso goiz utzi du txirrindularitza Zubeldiak. Zalantzak eragin dizkio txirrindularien bizimoduak, baita lasterketetan sentitu duen arriskuak ere. Datuen analisira bideratuko du aurrerantzean bere ibilbide profesionala, egindako ikasketei jarraikiz.

Unai Zubeldia txirrindulari ohia. JON URBE / FOKU
JON URBE / FOKU
enaut agirrebengoa
2025eko urriaren 25a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zenbaki eta datu artean gusturago sentitzen da Unai Zubeldia (Ibarra, Gipuzkoa, 2003) tropel profesionalean baino. Horregatik, bizikletatik jaistea erabaki du, 22 urte besterik ez duen arren. Hemendik aurrera, ez du baztertzen bi alorrak uztartzea: txirrindularitza eta datuen analisia. Uste du big data eta adimen artifiziala oso tresna erabilgarriak izan daitezkeela ziklismoan, baina, era berean, jakitun dago xehetasun guztiak neurtzeak «ito» egin ditzakeela txirrindulariak.

Nola sentitzen zara txirrindularitza utzi berritan?

Lasai eta pozik. Egia esan, aspaldi hartutako erabakia zen, eta, horren ondorioz, barneratuta neukan dena. Ez da bat-batean etorri.

Erabakia «aspaldi» hartu zenuela diozu. Noiz izan zen, zehazki?

Iazko Europako Txapelketan bota egin ninduten esprintean. Hor txip aldaketa izan nuen. Nahiko garbi nuen ez nuela bide horretatik jarraitu nahi. Gainera, alor akademikoak gehiago motibatzen ninduen. Bi faktoreak gurutzatu ziren, eta horrek dezente erraztu zidan erabakia.

Askotan sentitu duzu arriskua bizikleta gainean?

23 urtez azpikoetan, eroso mugitu zaitezke hainbeste arrisku hartu gabe. Profesionaletan, ordea, derrigorrezkoa da arriskuak hartzea. Eta abiadura handiagoa denez, eroriko txarrak izan ditzakezu. Ni oso kontziente nintzen, eta alde guztietatik ikusten nituen arriskuak.

Halaber, gaur egungo ziklismoan txirrindularien gorputzak gehiegi zukutzen direla salatu zenuen agurreko oharrean. «Pedalei eragiteko makinak» bihurtu omen zaituztete.

Nire ikuspegitik, egunero nekatuta sentitzea prezio handiegia da. Gertukoekin egotean, denbora ez da horren kalitatezkoa; alde batetik, pentsatzen ari zara ea egiten duzun gauza bakoitzak zure errendimenduan zer eragin izango duen, eta, gero, nekatuago zaude edozer gauza egiteko. Gainera, errazago gaixotzen zara.

«Egunero nekatuta sentitzea prezio handiegia da. Gertukoekin egotean, denbora ez da horren kalitatezkoa, eta gaixotzeko arrisku handiagoa duzu»

Hortaz, ez duzu sentitzen amets bati uko egiten ari zarenik?

Txirrindulari askorentzat, ziklismoa bizipoz iturri nagusia da. Errazago daramate hainbat sakrifizio egin behar izatea. Niretzat ere, ederra izan da profesionaletan lehiatzea. Askorik espero gabe eman zidaten aukera. Proba egitea erabaki nuen, baina hasieratik garbi neukan ziklismoak ez zuela zertan izan nire ogibidea.

Hala ere, ez zaizu geratuko zure ahalmen guztia garatu ez izanaren arantza?

Bai. Edozein kiroletan, zeure burua hobetzen eta errendimendu maximoa bilatzen ari zarenean, adikzio moduko bat sentitzen duzu. Gehiago nahi duzu, eta ikusi noraino irits zaitezkeen. Baina benetan esaten dizut: oso lasai nago hartutako erabakiarekin. Arantza horrek ez dit minik egingo.

Datu zientziei loturiko ikasketak egin ostean, aurrerantzean alor horretan jarriko duzu arreta osoa.

Lasterketetara ordenagailua eramaten nuen, nire proiektuetan lan egiteko. Askotan, gehiago motibatzen ninduen horrek, bizikletan ibiltzeak baino. Ikasketekin zintzo aritu naiz, eta lau urtean amaitu dut unibertsitateko gradua. Dena uztartu ahal izateko, errutina nahiko exijentea izan dut. Bilbon izan naiz bizitzen, ikasle pisu batean, eta ahal bezala moldatzen nintzen: batzuetan gauez entrenatzen nintzen, foku batekin. Ikasle bizimodu parranderoari uko egin behar izan diot.

Zehazki, Business Data Analytics du izena ikasi duzun graduak. Zerk erakarri zintuen?

Ekonomia, informatika eta matematika uztartzen dira gradu horretan. Hain justu, horiek ziren Batxilergoan nituen hiru ikasgai gustukoenak. Azaldu zidaten graduan proiektu bidez egiten zela lan, eta, proiektuekin hasi ahala, ikusi nuen oso ondo moldatzen nintzela eta oso gogoko nuela. Alor askotan aplika daitezkeen gauzak ikasi nituen.

Alor horietako bat txirrindularitza izan daiteke, eta zenbait proiektu egin dituzu Euskadi Fundazioaren barruan.

Karrerako lehen urtea amaitzen ari nintzela, nire denboraldiaren analisia publikatu nuen sare sozialetan. Horrek atentzioa eman zion Laboral Kutxako enpresa ildoko arduradunari. Proposatu zidan hilabetero lan txiki bat egitea haiekin, taldearen datuak aztertuz. Eta gero, gradu amaierako lana Euskaltelen garatu nuen. Esan nien datuen ziklo oso bat sor zitekeela taldearen egutegia automatikoki optimizatu eta ahalik eta UCI puntu gehien lortzeko. Sei hilabetez horretan aritu naiz.

Aurrerapen handia da egutegia automatikoki diseinatu ahal izatea. Nola lortzen da hori?

Lehenik, datu asko lortu behar dituzu, aurreikusteko taldeko kide bakoitzak lasterketa bakoitzean, ibilbidea aintzat hartuta, zer errendimendu eman dezakeen. Behin hori eginda, optimizazio algoritmo bat erabili behar da milaka egutegiren artean iterazioak egin eta idealenak topatzeko.

Ziklismoan geroz eta garrantzi handiagoa ematen zaio datuen analisi eta erabilerari. Zein izango da datozen urteetako joera?

Uste dut dena sentsorizatu egingo dela, eta eskuratzen diren datuak zukutzeak garrantzi handia izango du. World Tourreko talde asko odoleko glukosa eta gorputzaren tenperatura neurtzen hasiak dira, modu esperimentalean. Errendimenduan eragiten duen aldagai bakoitza neurtzeko joera geroz eta gehiago ari da indartzen.

«Adimen artifizialarekin, aurreikus daiteke zein diren ziklista bakoitzaren entrenamendu idealak eta zer maila eman dezaketen lasterketetan»

Nola erabiliko da adimen artifiziala etorkizuneko txirrindularitzan?

Gaur egun oso modan daude hizkuntza ereduak, hau da, ChatGPT eta halakoak. Baina hori adimen artifizialaren alor bat besterik ez da. Ziklismoan, beste eredu prediktibo batzuek dute eragina. Horien bidez, aurreikus daiteke zein diren ziklista bakoitzaren entrenamendu idealak eta zer maila eman dezaketen lasterketetan.

Ez dago txirrindulariak saturatu edo robotizatzeko arriskua?

Dagoeneko ziklista askok diote robot sentitzen direla, eta dena sentsorizatzeko joerak ito egiten dituela. Guztiz normala iruditzen zait; ez dugu ahaztu behar txirrindulariak pertsonak direla. Entrenatzaile batek beti nahiko du dena kontrolpean eduki, baina proposatzen duenak ziklistarentzat bideragarria eta erosoa izan behar du epe luzera begira. Oreka bilatu behar da.

Behintzat, gaur egungo izar nagusiak ez dira pantailari begira lehiatzen. Bat-batekotasunak garrantzia du oraindik.

Horrek freskotasuna ematen dio txirrindularitzari ikuskizun moduan. Hori bai, seguru nago Pogacarrek etxean egiten duen guztia oso neurtuta dagoela. Lehiatzerakoan, ordea, ziklistak datuei begira egotea saihestu behar da. Era berean, ikuskizunari mesede egin diezaioke txirrindularien unean-uneko datuak ikusleei eskaintzeak.

Zer asmo duzu etorkizunera begira? Txirrindularitzari lotuta jarraituko duzu?

Ez dut baztertzen aukera hori. Ez dago jenderik ziklismoa barrutik ezagutu eta, aldi berean, datuen zientzian ezagutza duena. Pertsona aproposa izan naiteke bi alorrak uztartzeko.

Eta nola dakusazu Euskaltelen etorkizuna, kontuan izanik ez dela sartu UCIren sailkapeneko lehen 30 postuetan?

Ditugun baliabideak, aurrekontu aldetik, ez dira beste talde batzuenak adinakoak. Baina proiektuak asko axola dion jendea dago talde barruan, eta ziur nago gogor egingo dutela lan Euskaltel haz dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.