Bezperan ondo hasitako lana amaitu ezinda geratu da gaur Athletic Granadan (Espainia). Atzo, Iñaki Williamsek seigarren minutuan sartutako golak abantaila eman zion, baina epaileak bertan behera utzi zuen partida hemezortzigarren minutuan, harmailan zegoen ikusle bat bihotzekoak jota hil ondoren. Gaur gauean ekin diote berriro neurketari, hemezortzigarren minutuan, eta jokatu dituzten minutuetan Athletic ez da gai izan aldeari eusteko. Bana berdindu du, eta puntu bakarrarekin konformatu behar izan du. Bi puntu galdu ditu bidean.
Aldea handitzeko aukerak izan ditu, ordea. Mordo bat, batez ere lehen zatian. Nico Williams, Sancet eta Iñaki Williams bigarren gola sartzear egon dira. Aurrelariak, adibidez, langara bota du baloia. Baina alferrik. Ez dute asmatu, eta, askotan gertatu ohi den bezala, taldeak ordaindu egin du gero.
Kontzentrazioa galdu dute bigarren zatiaren hasieran, eta Granadak aprobetxatu egin du. Espainiako taldeak banakoa lortu du 55. minutuan. Zoritxarreko jokaldia izan da. Ricardek eskuinetik erdiratu du baloia, eta Ruiz de Galarretak, baloia buruz urrundu nahian, bere ate barruan sartu du. Epaileak ontzat eman du, baina, badaezpada, jokaldia telebistan ikustea erabaki du, Granadako jokalari bat jokoz kanpo zegoelakoan. Ez du erabakia aldatu.
Golak etxekoak suspertu ditu, eta bigarren zatian zelaian zuten nagusitasuna indartu dute. Arriskua sortzen hasi dira, eta Athleticek sufritu egin du. Gai izan da eusteko, baita azken minutuetan aurrerapausoa emateko ere. Herrerak eta Pradosek gertu izan dute gola, baina haiek ere ez dute asmatu. Ezta Granadako jokalariek ere.
Azkenean, bana bukatu da partida. Gaur neurketari irabaziz ekin diola kontuan hartuta, zapore garratzeko puntua da Ernesto Valverderen taldearentzat. Hala ere, balio dio bolada onari eusteko: sei jardunaldi daramatza galdu gabe. Realari aurrea hartu eta berriro bosgarren izateko ere balio dio. Berdinduta daude bi taldeak, 29 punturekin, baina zuri-gorriek gol alde hobea dute. Europa ligako postuetan daude biak ala biak.
Bihar, Espainiako Kopako zozketa
Espainiako Lehen eta Bigarren mailetako euskal taldeak Las Rozasera (Espainia) begira egongo dira bihar eguerdian. 13:00etan zozkatuko dute Espainiako Kopako final-hamaseirenetako kanporaketa. Sei euskal talde ariko dira: Osasuna, Athletic, Reala, Alaves, Eibar eta Amorebieta. Osasunak final-hamaseirenetan ekingo dio kopari. Ez ditu jokatu aurreko bi kanporaketak, Espainiako Superkoparako sailkatu baitzen aurreko sasoian. Horri esker, segurua da talde apala izango duela aurkari: Espainiako Futbol Federazioaren Bigarren edo Lehen Mailako talde bat. Urtarrilaren 5ean, 6an eta 7an jokatuko dituzte partidak.