Hasteko, erronka latza

Bera Bera Txapeldunen Liga hirutan irabazi duen taldearekin lehiatuko da sailkatze ligaxkan: Viborgekin

Matxalen Ziarsolo, Bera Berako jokalaria, aurreko denboraldian jokatutako partida batean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Duen guztia eta gehiago eman beharko du Bera Berak, Txapeldunen Ligako ligaxka jokatu nahi badu. Izan ere, Viborg ahalguztidunaren multzo berean ariko da sailkatze ligaxkan. Danimarkako talde horrekin batera Vistal Laczpol Gdynia (Polonia) eta LC Bruehl (Suitza) izango dituzte multzokide donostiarrek. Hain zuzen ere, Poloniako taldearen aurka jokatuko du Bera Berak finalerdietan. Danimarkarrek eta suitzarrek jokatuko dute beste finalerdia. Irabazleek finala jokatuko dute, eta nagusitzen dena Txapeldunen Ligako multzoen ligaxkarako sailkatuko da. Partidak irailaren 21ean eta 22an jokatuko dituzte. Lekua, ordea, zehaztu gabe dago oraindik. Lau taldeak ados jarri beharko dira. Hala ere, ziurrenik Viborgen jokatuko da.

Ondo bidean, Reyes Karrerek zuzentzen duen taldeak finala jokatu beharko luke, itxuraz Vistal Laczpol Gdynia baino talde hobea baita. Poloniarrak bigarren sailkatu ziren aurreko sasoian; inoizko posturik onena. Europan, berriz, Errekopako bigarren kanporaketa esan zuten agur, Leipzigen aurka. Aurreko sasoian bide bera egin zuen EHF kopan. Orain bi urte, berriz, finalerdietara iritsi zen Challenge kopan, lehiaketa apalenean. Eskarmentu txikia du, baina ilusioa sobera, donostiarrek bezala, lehen aldiz ariko baita Txapeldunen Ligan.

Poloniarrei irabaziz gero, Bera Berak Viborg izango luke ia ziur aurkari finalean. Kontrario beldugarria da Danimarkakoa: hamahiru Liga irabazi ditu, bederatzi Kopa, hiru Txapeldunen Liga, hiru EHF kopa eta bi Superkopa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.