Caja Laboral Baskonia 72. Olympiakos 89

Hau amesgaiztoa da

Baskonia hankapean ibili du Olympiacosek, eta are gehiago zaildu da Top 16a; hondoa jo du Ivanovicen taldeak

Andoni Urbistondo.
2012ko azaroaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Caja Laboral Baskonia. Heurtel (11), Causeur (6), Nocioni (12), M. Bjelica (3), Lampe (9)—hasierako bostekoa— Cabezas (2), Rochestie, Oleson (13), San Emeterio (12), eta Pleiss (4).

Olympiakos. Spanioulis (14), Mantzaris (1), Printezis (11), Papanikolau (13), Mavroeidis —hasierako bostekoa— Powell (12), Law (4), Perperoglu, Sloukas (7), Hynes (18) eta Antic (9).

Markagailua. 19-22, 40-47 (atsedenaldian); 51-69 eta 72-89.

Epaileak. Belosevic, Zamojski eta Lopes. Baskoniako Nocioni kanporatu zuten faltengatik.

Bestelakoak. 11.129 ikusle inguru Buesa Arenan.

Amesgaiztoa! Norbaitek bukaera eman diezaiola, mesedez. Desastrea, beste behin, eta berriro etxeko zaleen epelean. Erantzuna, noski, txistu zaparrada eta tentsio handia. Kerejetak eta bere laguntzaileek hausnarketa sakona egin behar dute, eta erabakiren bat hartu, Baskoniak hondoa jo duelako eta norabide aldaketa bat lortu behar dela bai edo bai. Jokalarien zabarkeria eta jarrera lotsagarria onartezina da, eta zerbait egin beharko da. Errazena Ivanovic kargugabetzea da, baina entrenatzailearena al da erru guztia?

Ze ekarpen egiten ari dira joko antolatzaileak? Ez Heurtel, ez Cabezas eta ezta Rochestie ere. Zero patatero. Ezer ez. Heurtelek jokaldi on bat egiten du, eta hiru gaizki. Cabezas galduta dabil, baloiari boteak eman eta eman, segundoak pasa eta pasa, eta Rochestieren sasoi puntua txarra ez, okerragoa da. Jokoa antolatzen dutenak baldar, eta beste guztiak ere bai. Causeurrek Valentziako lan ona harrikara bota zuen, ezinean Spanoulisekin, eta saskia ikusi ezinik. Oleson ere gorabeherekin, eta San Emeterio bere betiko jokaldia egiten itsututa. Asmatu ez, eta segi, taldekideren bat bilatu ordez. Zer esan Nocioniri buruz. Reboluzio gehiegirekin, berekoi, eta tenple gutxirekin, Anticen probokazioan erori eta teknika adierazi ziotenean.

Errepasoa bukatzeko pibotak. Beno, pibotak direla esaten dute, baina frogatu egin behar dute badirenik. Lamperen biguntasuna eta saskipeko epeltasuna amorratzeko modukoa da, Pleissen gaztetasun bekatuak onartezinak lehen mailako talde batean, eta Milko Bjelica ez dago, eta agertuko denik ere ezin jakin. Ez dago talderik, ez dago entrenatzailerik eta ez dago norabidea aldatuko duen inork.

Kolore gorriak atera zizkion Olymiakosek Baskoniari. Hobeak dira, fede gehiago dute, eta jarrera zuzena. Baskoniak 12. minutuan hartu zuen lehen errebotea defentsan, eta greziarrek %66 asmatu zuten bikoetan. Arabarren defentsa desastrea izan zela erakusten duen datua. Beste bat, alderatzeena: 27 etxekoek, 43 Atenaskoek. Eta bukatzeko, balorazioarena. 60 Baskoniak, eta 114 Olympiacosek. 11.128 lagun zeuden Buesa Arenan 8.30an, eta bi ordu geroago erdia ere ez, etxerako bidea hartu zutelako.

Matematikak ez dute gezurrik esaten. Milanok galdu egin zuen Istanbulen, baina garaipen bakarrera du laugarren postua. Garaipen bat ez da ezer, lehian ezagutzen dugun Baskonia balego, baina ez dago, eta ia ezinezko ikusten da egoera iraultzea. Baskoniak patata batek transmititzen duena transmititzen du. Ezer ez!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.