Hau ez da partida arrunt bat

Mailari eusteko lehian partida erabakigarria izan daitekeena jokatuko dute Valentziak eta Osasunak

2008ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Ligaren amaiera gerturatu ahala partidetan jokoan izaten diren puntuen balioak gora egiten du. Hiru puntu daude jokoan gaur Mestallan; ohiko saria da, baina jaitsiera saihesteko borrokan ezinbesteko lehia bilakatu da gaurkoa Osasunarentzat, eta batik bat Valentziarentzat. Ronald Koeman entrenatzailea kargutik kendu ostean, Valentziak final bat bezala prestatu du Osasunaren aurkako partida. Vorok, entrenatzaile berriak, baztertuta zeuden jokalariak ere berreskuratu ditu Ligako azken txanparako (Cañizares atezaina hasieratik ariko da gaur), eta harmailak bete eta taldea babesteko eskaera ugari egin dizkiete jokalariek zaleei aste honetan. Hau ez da partida arrunt bat, ez Valentziarentzat, eta zoritxarrez, ezta Osasunarentzat ere. Berdinketak soilik Osasuna utziko luke pozik; eta berdinketarik ez bada, galtzenduen taldea buru-belarri sartuko da sailkapenaren infernua saihesteko borrokan.

«Azken boladan etxetik kanpo jokatu ditugun partiden bezperan genuen irudipen berbera dugu orain ere; egoera berean gaude, puntu premia eta behar berbera daukagu; eta, era berean, presio berbera, nahiz eta orain gero eta gutxiago falta den sasoi amaierarako», esan zuen atzo Jose Angel Zigandak. Egia da, Betisen aurka eta Recreativoren aurka etxean kale egin ostean, Osasuna premia larrian iritsi zen bai Getafera eta baita Montjuicera ere, baina bi partidak irabazteko gai izan ziren nafarrak. Deportivoren aurka kale egin eta gero, Mestallara ere presio ikaragarriarekin iritsiko dira. Eta aurreko asteetan bezala, unerik zailenetan erantzuten badakitela erakutsi nahi dute Osasunako jokalariek.

Baikortasunik ez zaio falta Osasunako entrenatzaileari: «Valentziaren egoerak tamainan kezkatzen nau, entrenatzaile aldaketak beti motibatzen du talde bat, eta barruan duten guztia ematera zelairatuko dira, baina hori normala da. Gainera, etxetik kanpo, aurkariei min handia egiten diegu guk, eta bi taldeak nor baino nor gehiago ariko garela uste dut». Baikor dago Larraintzarkoa, lasai. Badirudi Valentziak sasoi honetan etxean egin partidak ikusi dituela. Izan ere, etxeko partidetan Ligako talderik eskasena da Valentzia. Hamasei partida jokatu dituzte etxean orain artean valentziarrek, eta lau garaipen besterik ez dituzte bildu; hiru partida berdinketarekin amaitu zituzten, eta bederatzi norgehiagoka galdu egin dituzte. Valentziako beste taldeak, Levante azken sailkatuak, hiru puntu gehiago batu ditu bere zelaian. Zalantzarik gabe, hor dago Valentziaren denboraldi eskasaren arrazoi nagusia: etxeko partidetan kale egiten du talde honek. Sanchez Floresekin eta Koemanekin bai behintzat.



NEKUNAM ORDEZKOEN AULKIAN. 2007ko abuztuaren 14an hartu zuen min Javad Nekunamek, gorritxoek Vila-realen zelaian jokatu lagunartekoan. Asiako Kopa Irango selekzioaren kapitain gisa jokatzetik iritsi berria zen, eta bere taldekideekin jokatu lehendabiziko partidan belauna apurtu zuen Nekunamek. Bere kasaka hartu zuen min zelaira irten eta hiru minutura. Ebakuntza Alemanian egin zioten, eta denboraldiari agur esan ziezaiokeela ere uste zen udan. Hargatik, azken txanparako prest dago Nekunam. Osatze lanak Alemania eta Iran artean egin ostean, azken hilabetean gogor entrenatu da Taxoaren Osasunako erdilari irandarra. Azken asteetan taldekideen erritmo berean ari zen lanean. Zigandak ez zuen arriskurik hartu nahi. Baina taldearen egoera larria ikusi ostean, Larraintzarkoa iritziz aldatu da. Gaur ez da hasierako hamaikakoan izango, baina hurrengo lau partidetan Nekunam hasieratik berdegunean ikustea ez da harritzekoa izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.