Hauspoa, eta bihotza

Peio Etxeberriak lehenengoz jokatuko du final bat gorengo mailan, irabazi egin baitio Peña II.ari: 22-15. Fisikoki gehiago izatea erabakigarria izan da

Peio Etxeberria sake bat egiten atzoko partidan. Iaz, finalerdietan galdu zuen, baina, aurten, lau eta erdiko finalean izango da. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jon eskudero
2023ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Hirugarrenean bai. Aurreko bi urteetan atarian geratu ondoren, Peio Etxeberriak atzo bete zuen hainbeste desiratutako helburua: gorengo mailako final baterako sailkatzea. Besteak beste, txapelketako sentipen onei eutsi, eta merezita gailendu zen Jon Ander Peñaren aurka, Lau eta Erdiko Txapelketako lehenengo finalerdian: 22 eta 15. Lehen zati ikaragarri gogor eta estua jokatu ondotik, hauspoak hobeki erantzun zion nafarrari, eta bigarren zatian nagusi izan zen kantxan. Lehiaren gogortasunaren seinale, datu bat nabarmendu zen guztien gainetik, lan erdietarako ia berrehun pilotakada zituztela joak. Erritmo bizian, gainera. Fisikoki, ataka estuan ibili ziren bi pilotariak, baina hauspoz gehiago izan zen Etxeberria, eta izugarri baliotsua izan zen hori harentzat. Bihotzak ere lagundu zion nafarrari. Negar malkotan hitz egin zuen partida amaitu berritan. «Ikaragarria da lau eta erdiko finala jokatu ahal izatea. Familia osoa dut gogoan, emozioz gainezka nago. Ametsa egia bihurtu dut, eta, orain, txapelaren bila joango naiz».

Partida ez zuen nahi bezala hasi Etxeberriak, lotu antzean kantxaratu baitzen. Tentsioa eta urduritasuna tarteko, presaka jardun zuen lehen tantoetan, eta Peña II.ak aldetxoa izan zuen hasieran. Hain zuzen, 3-1eko tantoa ikaragarri gogorra izan zen, azkenean tolosarrak horma-biko batekin amaitu zuen, eta Etxeberriak berak atsedena eskatu beste erremediorik ez zuen izan. Hori bai, tanto horrek gerora ondoren handiagoa ekarri zioten Peña II.ari. Biek ala biek hanketara jokatzea izan zuten helburu, pilota oso azkar eta azpitik ibili zuten, eta segundo gutxian hainbat pilotakada jo behar izan zituzten. Peña II.ak halaxe aitortu zuen: «Eskerrak goiz bazkalduta etorri naizen, gainontzean zirenak eta ez zirenak botako nituen. Lehen zatiko erritmoa itogarria izan da». Bi pilotarien helburua berbera izan zen, pauso bat aurrera egin eta erasoan jokatzea, eta hainbat berdinketa izan ziren markagailuan: azkenekoa, hamarnakoa.

Markagailuak berdintasuna erakutsi arren, Peña II.aren aurpegiak neke zantzu handiagoak erakusten zituen, eta deigarria zen ordurako bi atsedenaldi eskatu izana. Garrantzitsua zen lehen atsedenaldi luzera aurretik iristea, eta Etxeberria aurreratu zen, 12-10. Atsedenalditik bueltan, Aspeko pilotaria sasoiz beste martxa batekin kantxaratu zen, eta denbora gutxian tarte erabakigarria eskuratu zuen. Sakearekin eta errematearekin fin aritu zen, baina, horretaz gain, Peña II.ak lehen zati gogorraren ondorioak jasan zituen. Ataka estuan egotean, garrantzitsua izan ohi da oinak lurrari itsastea, baina tolosarrak ez zuen horretarako adorerik eta indarrik izan. Defentsan nahi eta ezin aritu zen. Ondorioz, Etxeberria nahi bezala iritsi zen bigarren atsedenaldi luzera: 18 eta 12. «Banekien hortzak estutzea garrantzitsua zela, eta halako tanto sorta hain azkar egiteak lagundu egin dit. Hortxe hasi naiz garaipena gertu ikusten», aitortu zuen Etxeberriak.

Errestoan, bikain

Beste erremediorik ez, eta, azken txanpan, Peña II.ak ahaleginak eta bi egin zituen sakearekin eta errematearekin neurketaren gidoia aldatzeko, baina alferrik. Tanto politak egin zituen, baina Etxeberriak ez zion beste ezertarako aukerarik eman. Batez ere, errestoan bikain jardun zuen Aspekoak. Txapelketaren aurkezpen egunean finalean sartzeko hautagai nagusietakotzat zeukaten adituek Etxeberria bera, eta pilotariak argi erakutsi du onenen pare dagoela jada. Finalari begira, ez du lehentasunik. «Berdin dit noren aurka jokatu. Aurkaria edozein izanda ere. Txapela lortzeko ahalik eta ondoen prestatuko naiz».

Bada, Jokin Altunak eta Erik Jakak gaur jokatuko dute bigarren finalerdia, Eibarko Astelenenan (18:00, ETB1). Amezketarrak zortzigarren finalerdia izango du jarraian, eta faboritoa da. Halere, Jaka ondo aritu da udan, eta baditu garaipena lortzeko argudioak berak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.