Hautsirik ez du, eta gaitz erdi

Samuel Sanchez erori egin da Dauphinen, baina lehian segiko du; etapa Evansek irabazi du, eta Wiggins da lider

Samuel Sanchez helmugara iritsi berritan, atzo, Ricardo Garcia eta Pello Bilbaorekin. EUSKALTEL.
jon eskudero
Donostia
2012ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Hasiera batean etapa lasaia zirudien Dauphineko lehenak, atzo, baina nabarmentzeko moduko kontu bat baino gehiago utzi zuen. Cadel Evansek (BMC) erakustaldia eman zuen azken metroetan, eta helmugan merezita altxatu zituen bi besoak. Berriz ere ziklista aparta dela argi eta garbi utzi zuen. Dena den, Bradley Wiggins (Sky) jarri da lider. Markel Irizar (RadioShack) ezustekoa emateko zorian egon zen ihes eginda, baina tropelak nahi baino lehenago jan zuen. Eguneko azken mendate txikian atzean geratu zen Andy Schleck (RadioShack), Frantziako Tourrean aurreko muturrean ibili beharko lukeen txirrindularietako bat. Baina albistea Samuel Sanchezek (Euskaltel-Euskadi) utzi zuen, eta ez onerako. Bizikletatik erori eta saihetsezur batean zein bizkarraldean min hartu zuen. Lehian segituko du, baina Tourrean aritzeko ez dio on egingo atzoko zoritxarrak.

47. kilometroan gertatu zen ezbeharra. Herenegungo aitzin-etapa lasai igaro ondoren, atzo ere arazorik gabe zihoan tropelean, baina bizikletari katea atera, gurpila blokeatu eta lurrera joan zen. Hasieran ez zirudien deus larririk zuenik, baina sufrimenduak gutxitik askora egin zuen. Berriz ere bizikleta gainean jarri eta aurrera egitea erabaki zuen bi taldekideren laguntzaz. Ordea, ia 24 minutu pasa galdu zituen helmugan. Berehala gertuko erietxe batera eraman zuten, eta bertan baieztatu zioten ez daukala inolako hautsirik. Orain ahal bezain pronto osatzea izango da Euskalteleko ziklistaren helburua. Bestela, hanka motz geratuko da talde laranja Frantziako Tourrerako.

Evans da, hain zuzen ere, urteko itzuli handienerako sasoian dagoen txirrindularia. Baliteke oraingo ahaleginak geroko porrot bihurtzea, baina atzo, behintzat, indar eta jarrera erakustaldia eman zuen. Tropelak eguneko ihesaldia harrapatu ostean, erritmoa aldatu eta erasoa jo zuen australiarrak. Jerome Coppel (Saur-Sojasun) eta Andrey Kaxetxkin (Astana) izan zituen bidelagun azken kilometroetan, eta bera izan zen onena. Ez zuen inoren gurpilean joan beharrik izan azken zuzengunera indartsu iristeko. Evans bigarren da sailkapen nagusian, Wigginsen atzetik. Soilik segundo bakarreko aldea dago bi faboritoen artean.

Irizarren ahalegin ona

Helmugara iritsi zen ihesaldi motza Evansek gidatutakoa izan bazen ere, Irizarrek harrapaturikoa izan zen eguneko onena. Oñatikoak 15. kilometroan alde egin zuen, beste bost txirrindularirekin batera, eta azken txanpara arte bizirik iraun zuten. Irizarrek, batez ere. Azken aldapan erasoa jo, eta bakarrik egin zuen aurrera, azken hamar kilometroetan erlojupeko modukoa egiteko asmoz. Ongi moldatzen da eremu horretan, baina ez zen gai izan etapa irabazteko. Bost kilometro faltan ezerezean geratu zen haren nahia. Dena den, goraipatzeko moduko lana egin zuen.

Lehiak aurrera jarraituko du gaur, eta atzoko antzeko etapa bati egingo dio aurre tropelak. Koska dezente igaro beharko dituzte: laugarren mailako bi mendate, hirugarren mailako bat eta bigarren mailako hiru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.