ATHLETIC 2. M. UNITED 1

Hazten eta handitzen

Old Trafforden bezala, San Mamesen ere Manchester United baino gehiago izan da Athletic, eta merezita sailkatu daTalde zuri-gorriak gaur eguerdian jakingo nor izango duen aurkari final-laurdenetan

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: Llorentek (23. min.).2-0: De Marcosek (65. min.). 2-1: Rooneyk (80. min.). Epailea: Cueneyt Cakir (Turkia). Txartel horiak: Athleticeko Susaetari; eta Manchester Unitedeko Rafael eta Pogbari. Bestelakoak: Beteta egongo zen San Mames, Manchester Unitedek 900 sarrera itzuli izan ez balitu.

Athleticen 114 urteko historian tarte berezia izango du Marcelo Bielsak zuzentzen duen taldeak azken astean egin duenak. Manchester United kanporatzeko gai izan da talde zuri-gorria. Europako talde boteretsuena bide bazterrean utzi du Athleticek. Berez da nabarmentzeko moduko lorpena Premier Leagueko egungo liderra gainditzea, baina garaipenak are eta gehiago balio du nola lortu den aztertuz gero. Goitik- behera hartu du mendean Athleticek Manchester. Bielsaren eta Fergusonen arteko lehiak ez du kolorerik izan. Talentu gutxiagorekin erraz hartu baitu mendean teknikari argentinarrak. Ero-arekin erotuta dago Athletic ingurua. Ez da gutxiagorako. Deabru gorrien kontrako garaipena ilusioaren garaipena izan baita. Bielsak lur hartu zuenetik mamitzen ari den itxaropena da. Athleticek urte loratsuak izan ditzakeela sinestarazi dutenak. Gabarra ibaian behera sekula baino gertuago ikusten da.

Ikusgarria izan zen atzo San Mamesen bizi zen giroa. Futbola gustuko dutenek oilo-ipurdia izango zuten giroarekin. Eta gustukoa ez duen bat baino gehiago ere ahozabalik geratuko zen. Gutxitan bezala egin zuten bat zaleek eta jokalariek. Espero zen, gainera. Old Traffordera 8.000 lagun joan baziren ez zen gutxiago izango itzulikoan sortuko zen giroa. Zaleek jakin bazekiten egun historiko bat bizitzeko aukera zutela. Ametsen Antzokian eskuratutako garaipenak horretarako bidea eman zuen. Baina errematea falta zen. Eta aurrean Manchester handia zegoen.

Aurkariaren izenak errespetu handia eta beldur apur bat ematen zuen. Ez jokalariek, ez eta zaleek ere ez zituzten gauzak garbi. Ez baita talde handi bat gutxiestea komeni. Baina kanporaketa honetan izen gehiago izan du izana baino. Manchester ez da Manchester izan. Ez da makina bat aldiz aurkaria estu eta bere arean sartuta ito duen taldea izan. Ez da izan edo ezin izan da izan. Beharbada Athletic izan baita ingelesen ezinaren errudun nagusia. Inork espero ez zuen nagusitasuna erakutsi baitu Bielsaren taldeak. Atzokoan ere nagusi izan zen borroka taktikoan. “Manchesterrek dituen gauzarik onenak aurrelariak eta lehiakortasuna dira—, esan zuen Bielsak. Aurrelariek gol sen aparta dute bai. Eta euren gaitasuna baliatzeko kontraerasoan jokatzea du gustuko Fergusonek.

Joanekoan erabilitako estrategiak ez zuela arrakastarik izan ikusita, San Mameseko partidarako bi gauza aldatu zituen Manchesterreko entrenatzaileak. Batetik, Rio Ferdinand atzelaria zelairatu zuen hasieratik. Eskarmentuaren aldeko apustua egin zuen Manchesterrek Llorente kate motzean lotzeko. Bestalde, aurrelari bat kendu eta zelai erdia indartzea erabaki zuen Fergusonek. Horretarako, Cleverley zelairatu zuen Carrick-en eta Giggs-en ondoan. Athletici baloia kendu eta azkar irtetea zen ingelesen asmoa. Baina ez zuten lortu. Batetik, Manchesterrek ez duelako talenturik zelai erdian jokoari behar duen abiadura jartzeko. Eta, bestetik, talde motela delako. Ez du gogor presionatzen. Ez da erritmo bizian jokatzeko gai. Beraz, ezin Athletici aurre egin. Egungo Athletic bada eta azkar eta ondo lehiatzeko gai. Lehen minutuak aurkariari neurria hartzeko baliatu zituen talde zuri-gorriak. Eta behin aginte makila hartuta lehen aukera garbia sortu zuen. Manchesterreko atzelarien akats bat baliatuz bakar bakarrik geratu zen Muniain De Gearen ate aurrean. Gaztearen jaurtiketa gurutzatuak zutoina jo zuen eta gero De Marcosek izan zuen gola sartzeko aukera, baina oker jo zuen baloia.

Lehen aukera garbiaren ostean pausu bat atzera egin zuen Athleticek. Ez zuen beste batzuetan bezala aurrean presionatu. Ez zion aurkariari bere jokoa egiteko aukera eman gura. Ez zen arriskurik ikusten Iraizozen ate inguruan, baina lasaitasuna emango zuen gola behar zen. Kili-kolo zegoen Llorentek eman zion taldeari behar zuena. Amorebietaren pase luze bat boleakada gurutzatu bikain batekin amaitu zuen taldeko izar nagusiak. Gol bikaina. Europan elastiko zuri-gorriarekin sartzen duen hamabigarrena. Beraz, atzotik, bera da Athleticek Europako lehiaketetan duen goleatzailerik onena Daniri aurrea hartuz.

Athleticek aurrea hartu ostean etorri ziren Manchesterren minuturik onenak. Kanporaketa guztiko onentsuenak. Lehen zatiko azken minutuak ikusita, gosez eta amorrazioz zelairatuko zen Manchester espero zen San Mamesen. Baina Athletic izan zen anbizioa erakutsi zuen bakarra. Etxeko taldeak ezerezean utzi zuen aurkaria. Bata bestearen atzetik aukera garbiak sortu zituen De Marcosek euretako bat asmatu zuen arte. 2-0 eta akabo. Eromena San Mamesen. Ordu erdi gozatzeko. Rooneyk areaz kanpotik sartutako gol apartak ere ez zuen jai giroa eten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.